Hasiera > Argitalpenak > Berriak
Antes de Zugarramurdi (Zugarramurdi baino lehen) liburuak lehenbiziko aldiz bildu du Logroñoko fede-autoa baino laurogei urte lehenago abiatutako sorginkeriaren aurkako kanpainari buruzko informazioa
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Antes de Zugarramurdi. La primera caza de brujas en Navarra (1525-1526) (Zugarramurdi baino lehen. Sorginen lehen ehiza Nafarroan. 1525-1526) liburua argitaratu berri du. Lan horrek argitara ateratzen du, gertakaritik bost mende betetzera doazen honetan, Logroñoko 1610eko fede-auto ezaguna baino zortzi hamarkada lehenago sorginkeriaren aurka Iruñetik abiatutako jazarpen zibila. Ikerlana Jesús Moya Mangas (Bilbo, 1929) unibertsitateko irakasle erretiratuak sinatu du. Lan horren bidez, berriz heldu dio Gustav Henningsen (1934-2023) historialari eta antropologo daniarrak hasitako ikerketari, non Pedro de Balanza lizentziatu, auditore eta Nafarroako Errege Kontseiluko kideak Pirinioetako ibarretan bultzatu zuen prozesuaren berreraikuntza dokumentatua aurkeztu baitu. Liburuki hori Henningsen Bildumako bigarrena da; izan ere, bilduma horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak omenaldia egin dio sorginkeriaren eta Inkisizioaren arloko munduko aditu /handienetako bati, bere artxibo eta liburutegi pertsonalak laga baitzizkion erakunde akademikoari. Monografia salgai dago, paperean, 35 euroan.