Hasiera > Irakaslearen fitxa
Xabier Jaso Esain iruindarra Gizarte Lanean diplomaduna da (NUP, 1991) eta Gizarte eta Kultur Antropologian graduduna (UHUN, 2015). 'Osasun publikoko masterra' (UE, 2018) eta 'Unibertsitate masterra ikerketa antropologikoan eta bere aplikazioetan ' (UHUN, 2019) eginak ditu, graduondoko beste ikasketa batzuen artean. Gaur egun doktorego tesia prestatzen ari da Kataluniako URV unibertsitatean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle elkartua da 2020. urtetik.
Nafarroako Gobernuko funtzionarioa da: Osasunbidean eta Hezkuntza Departamentuan lan egin ondoren, 2008. urtetik Eskubide Sozialetako Departamentuan aritu da, Nazioarteko Garapenerako Lankidetza atalean hain zuzen, eta bestalde lanean ibili da Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Itzulpen Atalean ere (Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua).
Bere ikerketa-ildoek osasuna (batik-bat osasun mentala), elikadurari buruzko gaiak, migrazio prozesuak eta heriotza izan dituzte ardatz orain arte. Era berean, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta horien gaineko zenbait komunikazio aurkeztu ditu Estatu espainiarreko eta nazioarte mailako hainbat kongresutan.
Antropologiaren arloko zenbait elkartetan parte hartzeaz gain (Ankulegi, Hazi Aroa eta Arakadia, besteak beste), osasun mentalaren inguruko eta giza eskubideen aldeko zenbait herri ekimenetan jarraitzen du: esate baterako, Mejorana elkartean, Nafarroako "Eskubideak eta Osasun Mentala" plataforman eta Kataluniako UNIMED elkartean.