• ES
  • EU
  • EN

Biltzarrak

Hiritartasuna krisi garaian. Errealitateak, erasoak eta eman daitezkeen erantzunak

Non: El Sario Eraikina. Fernando Remacha aretoan
Antolatzailea(k): Unesco Katedra

Aurkezpena

Egungo krisiak zuzenean eragiten diguten hurbileko agerpenak ditu, baina litekeena da hurbiltasun horrek ez uztea ikusten bere norainokoa, eta, batez ere, bere sakontasuna eta auzitan jartzen dituen oinarriak. Nagusiki ondorio sozio-ekonomiko batzuk sumatzen ditugu. Esaterako, enpleguaren egonkortasunik ezaren eta langabeziaren hazkundea edo soldata izozketak edo murrizketa sozialak –trebetasunez iragartzen direnak herritarrak desmobilizatzeko helburuarekin–, baina kasik ez dugu analisirik edo informaziorik krisia benetan norainokoa den esaten duenik eta zalantzan geratzen diren “egien” berri ematen duenik. Era interesatuan abailduak, errudun sentiarazten ez gaituztenean, aldian behin suminduak ere bai, ez dugu sakontzen zibilizazio honen oinarrietako batzuk diren krisiaren giltzarrietan.

Sortzen ari diren gizakien esplotazioa eta txirotasuna eta bazterketa, bai eta naturaren aurkako etengabeko erasoa ere, auzitan jartzen ari dira haiek “kudeatzen” dituzten gizarte eta ingurumen politikak ez ezik, baita haiek barruan hartzen dituzten sistema soziopolitikoak berak eta are haien euskarri diren oinarri zientifikoak ere. Errealitate hauen aurrean inoiz baino gehiago zalantzan jarri behar da demokrazia benetakoa ote den demokrazia ekonomikorik ez badago eta parte-hartzeari trabak ipintzen bazaizkio; baliagarriak ote diren giza garapenean ez baizik eta hazkunde ekonomikoan oinarritutako ereduak eta are haiek elikatzen dituzten giza zientziak neutralak ote diren antropologiaren, etikaren eta gizartearen ikuspegitik. Horri dagokionez, aipatzekoa da, aldebakarreko interes argi batek bultzatuta, nagusi den antropologiak gehiegitan ahazten duela gizakiaren alteritatea; etika kontuan hartzen dela helburuetan, baina ez bitartekoetan, eta hala zientzian nola politikan hiltzat jotzen dela utopia eta bere ahalmen eraldatzaileari uko egiten zaiola. Zalantzarik gabe beharrezkoa da humanismo berri baterantz abiatzea.

Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO KATEDRAK krisiaren ikuspegi horiek landu nahi ditu arratseko gogoeta saio batzuen bidez, eta giltzarri batzuk eskainiko ditu krisia hobeki ulertzeko eta hari emango zaion erantzuna hiritartasunaren eta bizikidetzaren printzipioei estuago lotzeko.

Programa

Argibide gehiago

Izen-ematea

Ez da inskripzioa egin behar aurretik

Harremanetarako

catedraunesco.ciudadania@unavarra.es