Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Ohar taula

NUPek eta Nafarroako Gobernuak mikrokredentzialen katalogoa aurkeztu dute, gizartearen beharretara egokitutako ikastaro laburrak

NUPek eta Nafarroako Gobernuak mikrokredentzialen katalogoa aurkeztu dute, gizartearen beharretara egokitutako ikastaro laburrak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuak ikastaro laburren edo mikrokredentzialen eskaintza aurkeztu dute. Eskaintza 2023-2026 aldiko Microcreds Planaren barruan dago, eta Next Generation Europar Batasuneko funtsek eta Espainiako Gobernuaren Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak finantzatu dute. Eskaintzak bederatzi arlo tematikotan bildutako 35 ikastaro ditu, eta lau lan-mahai hauetan egin den beharren aurretiazko azterketa baten ondoren diseinatu da: Nafarroako Gobernua; klusterrak eta elkargo profesionalak; eragile sozialak, entitate publikoak eta prestakuntzarekin lotutako beste erakunde batzuk; eta, azkenik, talde kalteberekin lan egiten duten entitateak.

Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, Juan Luis García Martín Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eta Cristina Bayona NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak aditzera eman dutenez, gizartearen beharretara egokitutako eskaintza bat da. Ikastaro horiek lau ezaugarri dituzte: laburtasuna (hamabost kreditu baino gutxiago), enplegagarritasuna (garapen profesionalera bideratuak), kualifikazio handiko prestakuntza eta interkonexioa (beste prestakuntza edo akreditazio edo aitorpen mota batzuekin lotuak). Ikastaro horietako batzuk metagarriak dira, hau da, goi mailako akreditazioak lortzeko aukera ematen dute ibilbide zehatz batzuk osatuz. 

zoom Ramón Gonzalo NUPeko errektorea; Cristina Bayona errektoreordea eta Juan Luis García kontseilaria.

Ramón Gonzalo NUPeko errektorea; Cristina Bayona errektoreordea eta Juan Luis García kontseilaria.

Mikrokredentzial horien helburua da pertsonei aukera ematea lan-merkatu eta gizarte aldakor honetan aurrera egiteko behar dituzten ezagutzak, gaitasunak eta konpetentziak eskuratu, eguneratu eta hobetzeko. Orobat mikrokredentzialen bidez inklusioa, sarbidea eta aukera-berdintasuna sustatu nahi dira aldaketa demografiko eta sozialen testuinguru batean.

NUPeko mikrokredentzialen eskaintza 

NUPeko mikrokredentzialen eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko, eta bi taldetan dago banatuta: prestakuntza jarraituko ikasketa batekin lotutakoak eta horiekin lotu gabekoak. Lehen taldeak metagarriak diren eta behin ikasketak eginda 2025-26 ikasturteko eskaintzari dagokion NUPeko titulu berekia lortzeko bidea ematen duten mikrokredentzialei egiten die aipamena. Bigarren taldean, ezaugarri hori ez duten mikrokredentzialak daude. Mikrokredentzialetako batzuetan izena emateko epea zabalik dago, eta beste batzuetan laster zabalduko da. 35 ikastaroren eskaintzak 60 edizio ditu osotara, ikastaro horietako batzuk behin baino gehiagotan emanen baitira. 

Gaika, ikastaro labur horiek NUPeko jakintza-arloen arabera multzokatu dira: nekazaritzako elikagaiak; ekonomia eta enpresa; hezkuntza; giza eta gizarte zientziak; industria; informatika eta telekomunikazioak; zientzia juridikoak, eta, azkenik, osasuna. Gaur goizean NUPen aditzera eman denez, europar funtsek finantzatutako prestakuntza-eskaintza denez, prezioak erakargarriak dira edonorentzat. 

Ikastaroen eskaintza prestatzerakoan, irizpide hauek hartu dira kontuan: kidetza (lan-mahaian dauden nafar gizarteko taldeen ordezkaritza), zer kolektibori dagoen zuzenduta (ikastaroa zuzentzen zaion publikoaren garrantzia eta tamaina edizio baten edo batzuen bideragarritasuna bermatzeko), profesionalen irakaskuntza (proposamenen irakaskuntzan NUPeko irakasleekin lankidetzan arituko diren adituen ekarpena), finantzaketa, matrikularen estaldura osoa edo partziala aurreikusten zuten ekimenen alde eginez, ikasleen parte-hartzea errazteko; eta sinergiak, zenbait erakundek babestutako eta/edo NUP Fundazioak egindako Nafarroako gizartearen prestakuntza-beharren azterketarekin bat datozen eskaerak lehenetsiz.

783 mikrokredentzial 2026ra arte

Aipatu denez, unibertsitateko mikrokredentzialak ekintza edo ikastaro laburren bidez lortzen diren prestakuntza-egiaztagiriak dira, eta zenbait arlo eta gaitako ezagutza, gaitasun edo konpetentzia jakinak lortzera bideratuta daude. Ikastaroak formatu malguan ematen dira, ikasle helduen beharretara egokitzeko.

NUPek 783 mikrokredentzial eskaini behar ditu 2026ra arte, Europar Batasuneko Next GenerationEU funtsak finantzatutako Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planaren bidez Nafarroari esleitutako 652.271 eurori esker. Funts horiek langabezian dauden edo kalteberatasun sozialeko egoeran daudenentzako bekak eta laguntzak ere finantzatuko dituzte, bai eta unibertsitatearen eta produkzio-sektoreen arteko bitartekaritza-jarduerak ere. 

Aipatu denez, Espainiako Gobernuak erkidego guztiei emandako 50 milioi eurorekin bultzatutako 2023-2026 aldirako Microcreds Planaren barruan dago, nagusiak berriz kualifikatzeko unibertsitateko mikrokredentzialen eskaintza berri bat sustatzeko, eta zenbait erronkari heltzen zaio, hala nola enplegu-aukera berrietara egokitzea eta goi mailako hezkuntzarako sarbidea zabaltzea.


A3U - Alumni

POSTONTZIA

Unibertsitate-Gizarte Fundazioa
Sario Eraikina. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Arrosadiko Campusa
31006 Iruñea
Tel. Kanpoko deiak: 948 16 98 12 WhatsApp: 619 649 999
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua

Facebook  X  instagram  Linkedin