Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Jarduerak

NUP-eko bi ikaslek “i2connect” udako eskolan parte hartu dute Stuttgarten

Irune Fernándezek eta Adriana Sainz de Vicuñak INTIA Katedraren beka jaso zuten

Irune Fernández y Adriana Sainz de Vicuña

Irune Fernández eta Adriana Sainz de Vicuña NUPeko NIBGMETeko ikasleek Hohenheimgo Unibertsitateak (Stuttgart) berrikuntzaren arloko etorkizuneko profesionalentzat antolatutako astebeteko ikastaro batean parte hartu zuten irailean.

Bi ikasleek NUPen INTIA Katedraren beka bana jaso zuten Hohenheimgo Unibertsitateko udako eskolan berrikuntzari buruzko nekazaritza-aholkularitzako ikastaro batean parte hartzeko. Bekak 1.000 eurokoak izan dira, eta, haiei esker, aipatutako prestakuntza espezifikoa jaso zuten irailaren 11tik 15era Alemaniako unibertsitate horretan.

Udan egin zuen deialdia Katedrak, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduko zein Nekazaritzako Ingeniaritzako Masterreko ikasleei zuzendua. Azkenik, bi ikasle horiek jaso zuten “Nola bihurtu berrikuntza interaktiboan laguntzeko aholkulari” ikastarorako beka. Ildo horretan, beketarako hautatutako pertsonek berrikuntzari, nekazaritzari, komunikazioari eta/edo lanak errazteko prozesuei buruzko ezagutzak izan behar zituzten, ingelesez ongi jakiteaz gain.

Bi ikasle bekadunek oso balorazio positiboa egin dute ikastaroan parte hartzeaz: “Asko landu genuen nola jo nekazaritzaren sektoreko profesionalengana, nola erantzun haien itxaropenei, nola egokitu haien egoeretara, eta hori guztia nekazaritzako aholkularitzaren esparrua ardatz hartuta beti”, azaldu du Irune Fernándezek. “Haien egoerara, testuingurura eta beharretara egokitzen jakin behar da, baita komunikazioa kontrolatu ere ikasitakoa modu eraginkorrean transmititzeko”, erantsi du.

Adriana Sainz de Vicuñaren arabera, “ikasi dugu ezen, nekazaritzaren sektoreko pertsonekin harreman zuzena duzunean, beharrezkoa dela zenbait oztopo gainditzen jakitea (ezagutza teknikoa, hizkuntza, etab.) eskatzen dizuten neurrian laguntzeko eta aholku emateko. Ongi barneratu ditut egoera jakin batzuei aurrea hartzeko edo horietara egokitzeko ditudan gaitasunak”.


INTIA Katedra
Alberto Enrique Martín
Olibondoak eraikina
Arrosadiko campusa 31006 Iruñea
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua