INTIA Katedrak bat egin du STEM bokazioak emakumeen artean sustatzeko munduko egunarekin
Urtero otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, NUPen eta INTIAren artean sortutako katedra berriak STEM izeneko arloetan (Science, Technology, Engineering and Mathematics) sailkatutako karrera bat aukeratzera animatu nahi izan ditu etorkizuneko emakumezko ikasleak. Horregatik, bideo bat egin du, non INTIA sozietate publikoko hiru langile unibertsitateko ikasgeletara itzultzen baitira. Bertan, karrerako urteak gogora ekarri, eta beste emakume batzuk animatzen dituzte esparru zientifikoarekin lotutako bokazio horiek aukeratzera. Bideoa hemen ikus daiteke.
2015ean, UNESCOk eta NBE Emakumeak izeneko agentziak nazioarteko egun hori ezarri zuten, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze osoa eta ekitatiboa izan zezaten. Datuen arabera, STEM lanbideetako genero-arrakala nabarmena da oraindik ere, eta unibertsitateko gradu bat aukeratzeko orduan hasten da egoera hori, kalkulatzen baita emakumeen % 35ek soilik ikasten dituztela mota horretako karrera zientifikoak.
INTIAn, plantilla osatzen duten 209 lagunetatik, 63 STEM karrerak dituzten emakumeak dira, gehienak Nekazaritzako Ingeniaritzakoak, eta gainerakoak Farmazia, EAZ, Biologia edo Albaitaritzakoak.
Bideoan, INTIAko hiru langilek –hiru belaunalditakoek– bisita egiten dute NUPeko instalazioetara, eta, zehazki, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikora (NIBGMET). Ramo Barrena zuzendariak harrera egiten die Armelle Zaragüeta, Silvia Villanueva eta Asun Tiebas langileei, eta ikastegiko espazioak erakusten dizkie, hala nola ikasgelak, laborategiak, dastaketa-gela eta instalazio pilotuak.
Armelle Zaragüetak (Bartzelona, 1991) Nekazaritzako Ingeniaritza ikasi zuen NUPen, eta 2014an Perura joatea erabaki zuen, karrera amaierako lana egitera. Duela lau urte, doktoretza hasi zuen INTIAn, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntzarekin, labore estentsiboen ongarritze organikoan zentratuta. Laster, Danimarkako Aarhus herrira joanen da unibertsitate horretako Agroekologia Sailean doktoretza burutzeko.
Silvia Villanuevak (Iruñea, 1973) Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egin zituen NUPen, Baratzezaintza, Frutagintza eta Lorezaintza espezialitatean, 90eko hamarkadaren hasieran. Orain dela 17 urtetik, INTIA sozietate publikoko egiaztapenen auditorea da Kontrol eta Egiaztapen Arloaren barnean. Bere egunerokoan, jatorri deitura edo adierazpen geografiko babestua duten enpresei auditoretzak egiteaz arduratzen da, batez ere Nafarroako patxarana, Nafarroako olioa, Lodosako pikillo piperrak, Nafarroako ardoak (JD) eta Nafarroako zainzuriak produzitzen dituztenei eta Nafarroako artisauei, Reyno Gourmet kalitate zigiluaren barnean.
Asun Tiebasek (Iruñea, 1959) Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen Atarrabiako Perituen eraikinean, gaur egun INTIAren instalazioak dauden lekuan. Garai hartan ITG Cereal izena zuen enpresako plantillan sartu zen lehenbiziko emakume teknikaria izan zen. Gaur egun INTIA deituriko enpresa publikoan egin du bere ibilbide profesional osoa. Orain, Asun Tiebas erretiroa hartzear dago, nekazaritzako esperimentazioaren arloan 41 urteko lan esperientziaren ondoren.
Iaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta INTIAk (Nekazaritzako Elikagaien Sektorean Transferentzia eta Berrikuntza Bultzatzeko Nafar Institutua) akordio bat sinatu zuten katedra berri bat sortzeko. Hitzarmenaren helburua honako arlo hauetan ezagutza sortzea zen: nekazaritza, abeltzaintza, ureztatze eta azpiegiturak, digitalizazioa, nekazaritzako ekonomia, kudeaketa, nekazaritzako elikagaien kalitatea edo kalitate ziurtagiriak eta nekazaritzako elikagaien sustapena. Esparru horretan, ikerketa aurreratuko jarduera berriak sortu nahi ziren, eta ikasleen eta sektoreko langileen prestakuntza praktikoan lagundu. Halaber, katedrak unibertsitate zabalpeneko jarduerak babestuko ditu, hala nola kultura, kirol eta gizarte jarduerak.