Hasiera > Iragarki ohola
Jarduera 4.0 Industriaren Katedraren nazioarteko programen parte da.
Ekainean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 6 ikasle eta Auburneko Unibertsitateko (Alabama, AEB) 28 ikasle Nafarroako bost enpresak proposatutako proiektuak gauzatzen ari dira, 4.0 Industriaren Katedrak abian jarritako programa baten barrenean (NUPek eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak –CITI Navarra– osatzen dute 4.0 Industriaren Katedra). Viscofan, Tracasa Instrumental, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER), Tesicnor eta Nair Center enpresek hauei buruzko erronkak planteatu dituzte: berrikuntza, bero-ponpa termoelektrikoak, machine learning (ikaskuntza automatikoa), Oculus Quest 2 kontrolagailuak suteak itzaltzeko motxiletan egokitzeko sistemen diseinua eta puntu hodeien simulazioa 3D eszenetatik abiatuta.
Erronkan parte hartzen ari diren NUPeko ikasleak hauek dira: Iñigo Sánchez Nueno (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren Gradua), Iker Aldasoro (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua) eta Gonzalo Iribarren Mateos, Sofía Aparicio Latorre, Iván Martínez de Morentin Larumbe eta José Ignacio Vidaurre Porras (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradukoak).
Gainera, 2022ko edizioan parte hartu zuten NUPeko bi ikasle (Gonzalo Gil Arteaga, Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradukoa, eta Andrea Bonilla López, Ingeniaritza Mekanikoko Gradukoa) Alabamara joanen dira abuztuan, seihileko baterako, ikerketa-proiektuak egitera Auburneko Unibertsitateko Samuel Ginn College of Engineering-en.
Kultura anitzeko programa honek ikasle gazteen talentua eta sormena garatzearen alde egiten du. Maiatzaren 30ean hasi zen, eta hilabete hondarrean bukatuko da; orduan, ikasleek proiektuak aurkeztuko dituzte Nafarroako CITIren egoitzan.
Ipar Amerikako 28 ikasleak Iruñean egonen dira hilabetez, Nafarroako CITIk 12 urtean baino gehiagoan martxan dituen nazioarteko programen barrenean. Ikasteaz gainera, kulturako eta aisialdiko jarduerak egiten dituzte, Nafarroako CITIk antolatuak.
CENERek planteatutako proiektuaren funtsa simulazio eredu bat garatzea da, eredu klimatiko aldakorretan etxeetako ura berotzen duen bero ponpa termoelektriko baten bideragarritasuna probatzeko. Oraingo baliorik hoberena aurkitzea da proiektuaren helburua.
Viscofanek produktu askotarako fabrikazio lerroak ditu. Berrikuntza ardatz duen enpresa denez, ekipo bat baino gehiago probatu dira parametro jakin batzuk aldatuz, errendimendu handiagoa eta kalitate hobea lortzeko. Produktu jakin batzuetarako hobekien funtzionatuko duen ekipoa aurkitu nahi dugu proiektuan.
NAIR-Center proiektuaren helburua iragarpen meteorologikoak egiteko ereduak garatzeko machine learningaren oinarrizko kontzeptuak ikastea da. Balio jakin batzuk iragarri nahi ditugu, adibidez leku jakin bateko prezipitazio kantitatea, faktore esanguratsu batzuen datu historikoetan oinarrituz, besteak beste tenperaturaren eta hezetasunaren datuetan oinarrituz. Python programazio lengoaia erabiliko dugu proiektu osoan, eta datuen prozesaketako eta ikasketa automatikoko liburutegiez baliatuko gara, hala nola Numpy, Pandas eta Scikit-learn liburutegiez.
TRACASAri dagokionez, 3 dimentsioko eszenetatik abiatuz puntu hodeiak simulatzen ikastea da proiektuaren helburua. Programazioko zenbait tresna (Python, Jupyter notebooks), simulazio softwareak (Helios ++) eta 3 dimentsioko bisoreak erabiliko dituzte ikasleek. 3 dimentsioko eszenak definitzen ikasiko dute, bai eta zenbait motatako sentsore eta ibilgailuekin simulazioak egiten eta simulazioen kalitatea analizatzen ere.
Azkenik, TESICNORek Oculus Quest 2 kontrolagailuen egokigailuak diseinatzea proposatu du suteak itzaltzeko motxiletarako, 3D-ko inprimaketaren bidez prototipoak fabrikatzea eta Oculus Quest 2rekin konektibitatea diseinatzea. Diseinuak funtzionala, sinplea eta segurua izan behar du, eta errealitate birtualaren esperientziarako egokia.