Hasiera > Biologia Sintetikoaren Katedra > Iragarki-ohola
NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedrak egiten dituen jardueren artean nabarmentzekoa da nolako ahalegina egiten duen iGEM lehiaketan proiektuak gara daitezen prestakuntza eta laguntza emateko. 2022an, aurreko urtean hasitako proiektua amaitu zuten, iGEM (international Genetically Engineered Machine competition) biologia sintetikoari buruzko lehiaketan aurkezteko. Lehiaketa horretan, mundu osoko taldeek biologia sintetikoari buruzko proiektuak garatu eta amaierako gala batean aurkezten dituzte (gala hori Bostonen edo Parisen egin da aurreko urteetan).
Katedrak aurreko urtean NUPen sortutako taldeari laguntza eta prestakuntza ematen jarraitu zuen, gero proiektua Parisen aurkez zezan. Parte hartu zuten hamalau ikasleak Bioteknologiako, Zientzietako eta Datuen Zientzietako Graduetakoak ziren, eta “Zero: A Circular Economy Solution to Fight Depression” proiektua gauzatu zuten, zeinak helburu baitzuen depresio eta antsietate nahasmenduei soluzio ez-farmakologikoa ematea biologia sintetikoko eta ekonomia zirkularreko teknikak konbinatuz. Proiektuan zehar, taldeko kideei prestakuntza eman zitzaien beren proiektuaren alderdi guztietan, hasi laborategiko lanetatik eta proiektuaren komunikazio eta finantzaketaraino.
Ikasleek, horrela, fase guztietatik igaro, eta proiektua amaitu zuten. Proiektua, halaber, beren jarduera akademikoaren osagarri ere izan zen. Lehiaketa honetarako proiektu baten prozesuan, lehenbizi lekuan lekuko problematikak identifikatu behar dira, eta haiek ebazteko biologia sintetikoan oinarritutako alternatibak proposatu. Kasu honetan, NUPeko taldeak, SARS-CoV-2ak eragindako pandemiaren ondorioz konfinamendua izan eta gutxira sortu baitzen, herritarren osasun mentala babesteko jardun beharra zegoela identifikatu zuen. Esperimentazioan, komunikazioan, hedapenean eta prestakuntzan urtebete baino gehiago eman ondoren, urte horretan aurkeztu zuten proiektua Parisen, 300 proiektu baino gehiagorekin batera.