Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Orokorrean

Partes de este texto:

Jabetza intelektuala

Jabetza intelektuala egileek eta sortzaileek euren obren gainean daukaten eskubide multzoa da.

Zorrotz hartuta, hartuko luke bai egilearen eskubidea (jatorrizko sorkari artistiko, literario edo zientifikoen gainean, bere adierazbide, euskarri edo medioa edozein izanik ere), baita industria jabetza deitzen dena ere (asmakari, patente, marka, eredu industrial eta abarrei dagokiena). Alabaina, Espainiako Jabetza Intelektualari buruzko Legeak egilearen eskubidea baizik ez du aintzat hartzen, eta industria jabetza patente, marka, industria diseinu eta abarrei buruzko legeek babesten dute. Horregatik, Espainian ohikoa da jabetza intelektualaz edo egile eskubideez berdinak balira bezala hitz egitea.

Apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege-dekretuak onetsi zuen Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateraginak arautzen du jabetza intelektuala.

Subir

Eskubideak

  • Norberaren eskubideak: obraren osotasunaren eta egiletzaren eskubide moralak. Ukaezinak eta besterezinak dira, eta ez dira iraungitzen, beraz, egileari, egilea izate hutsez, ezin zaizkio kendu eta aldi berean egileak ezin ditu eskualdatu.
  • Ondare eskubideak edo obra ustiatzeko eskubideak. Hasiera batean egilearenak dira, baina besterentzen ahal dira, hau da, uzten ahal dizkio hirugarren bati, osorik edo partez, eta aldi jakin baterako. Anglosaxoien zuzenbidean eskubide mota honi buruz hitz egiteko copyright terminoa erabiltzen da.

Bi eskubideak indarrean daude, obra argitaratu den edo ez.

Subir

Eskubideak lagatzea

Eskubide moralak ez bezala, ondare eskubideak edo ustiaketa eskubideak hirugarrenei uzten ahal zaizkie egileak (lagatzaileak) eta editoreak (lagapen hartzaileak) izenpetu duten kontratuak ezartzen duenaren arabera.

Eskubideak esklusibitatez uzten ahal zaizkio lagapen hartzaileari, eta orduan honek obra ustiatzen ahal du, eta egileak ez. Hau gertatzen denean, egileak legeak baimentzen dituen moduetan baizik ezin izango du obra erabili (aipamena, erabilera pribatuak...).

Lagapena esklusiboa ez bada, egileak obra ustiatzeko ahalmena gordetzen du, eta hori hirugarrenekiko lehian gerta daiteke.

Subir

Egiletza onartzea

Egile moduan aitortua izateko aski da lanean aipatzea. Ez, aski da obran aipatzea. Ez da beharrezkoa obra erregistratzea, obra sortu eta obran egilearen izena egote hutsak bihurtzen baitu egilea eskubideen jabe.  Hala ere, erregistratuta dagoen obra batek egiletzari buruzko froga handia dauka, liskarrik sortuz gero. Ikus bedi Registro de la Propiedad Intelectual eta  Safe Creative.

Subir

Egile eskubideen mugak

Jabetza Intelektualari buruzko Legeak, egileak obraren gainean dituen eskubideak babesteaz aparte, obrarako sarrera eta zabalpena erraztu nahi du, baita ere, hezkuntza eskubidearen eta kulturarako sarreraren eta informazio eskubidearen alde egiteko. Horregatik babestutako obren zenbait erabilera onartzen du, egilearen edo jabetza intelektualaren eskubideen jabe direnen baimenik gabe; hauek, esaterako:

  • Kopia pribatuaren eskubidea, hau da, dagoeneko zabaldu diren eta legez eskuratu diren obrak edozein euskarritan erreproduzitzeko eskubidea, baldin eta norberaren erabilera ez-profesionalerako edo ez-enpresarialerako eta sal-erosteko asmorik gabe bada, eta inoiz ez dirua irabazteko asmoz edo talde-erabilerarako.
  • Irakaskuntzan aipatzea eta erabiltzea: baimenduta dago norberaren obra batean dagoeneko zabalduta dauden besteren obra baten zatirik erabiltzea, aipamen moduan edo analisia egiteko, iruzkinak egiteko edo iritzia emateko, ikerketa edo irakaskuntza helburuetarako. Irakasleek ez dute egilearen baimenik behar dagoeneko zabalduta dauden obren zati txikiak erreproduzitu, zabaldu edo komunikatzeko, bere hezkuntza-jardunerako baldin bada eta ez badira testu liburuak, unibertsitateko gida-liburuak edo antzeko argitalpenak. Edonola ere iturria eta egilearen izena aipatu beharko da. 

Subir

Jabari publikoa

Esan ohi da obra bat jabari publikoan dagoela haren gaineko ustiapen-eskubideak iraungi direnean, eta beraz, libre erabiltzen ahal denean, betiere eskubide moralak errespetatzen baldin badira (egiletzaren aitortza eta obraren integritatea). Espainiako Jabetza Intelektualari buruzko Legeak ezartzen du obra bat pasatzen dela jabari publikora egilea hil eta laurogei urtera, egilearen heriotza 1987ko abenduaren 7a baino lehen gertatu bazen, eta hirurogeita hamar urtera, egilea aipatu egun horren ondoren hil bada.

Posterrak

Jabari publikoa Espainian

Jabari publikoka beste herrialde batzuetan

Subir

Obra umezurtzak

Egile eskubideek babesten dituzten obrak dira, baina egile eskubide horien jabeak identifikatuta ez daudenean, edo, identifikatuta badaude, ezin izan direnak aurkitu ganorazko bilaketa egin bada ere.  Publikorako zabalik dauden ikastetxe, museo, liburutegi, hemeroteka, artxibategi, fonoteka eta filmoteketako bildumen obrei eragiten die, formatua inprimatua edo ikus-entzunezkoa delarik ere, baita 2002ko abenduaren 31ra arte, egun hau barne,  irrati-difusioko erakunde publikoek ekoitzi dituzten eta beren artxibategietan dauden zinema edo ikus-entzunezko obrei ere.

Maiatzaren 27ko 224/2016 Errege Dekretuak arautzen ditu obra umezurtzak.

Subir