Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Kirolak

Hasiera > Kirolak > Azken ordua

Azken ordua

Zabalik dago epea NUP-eko kirol txartela eskuratzeko;26 kirol egiteko aukera ematen du astean 75 saiotan

Udazkeneko jarduerak irailaren 11n hasiko dira, eta astelehenetik ostiralera eginen dira, aldez aurretik “online” erreserbatuta

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) kirol txartelarekin hogeita sei jarduera egiten ahalko dira, astean hirurogeita hamabost saiotan banatuak, udazkeneko seihilekoan. Irailaren 11tik aurrera eginen dira, astelehenetik ostiralera, Unibertsitatearen kirol instalazioetan. Kirol txartelarekin egiten ahal diren jarduerez gainera, beste 13 kirol modalitate daude, maila diferenteetakoak, eta, horietan parte hartzeko, aparte izena eman eta ordaindu behar da. Bestalde, entrenamendu saio pertsonalizatuak eta golf ikastaroak ere eskaintzen dira. 

Honako jarduera hauek sartzen dira kirol txartelean: erabateko entrenamendua, spinning, pilates + hipopresiboak, pump, HIIT, yoga, yoga yin yang eta yoga hatha, zumba, igeriketa (maila bat baino gehiago), pilates eta tarteko mailako pilates, aquaboost, funtzionala, aerobic+core, step+core, TRX, total body, core+stretching, fast-fit, GAP, aerobic, step, eskalada (maila altua), GAP+core eta kickboxtraining.

Ikasleak kirola egiten NUPen.

Edonork eskuratu dezake kirol txartela eta egin ditzake horrek eskaintzen dituen kirolak. Urtekoa, seihilekoa edo hilekoa izan daiteke, eta Unibertsitatearen webgunearen bidez eskatzen da. Zehazki, udazkeneko seihilekorako kirol txartelaren prezioa 44 euro da ikasleentzat, 55,20 euro Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 80 euro Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 120 euro Unibertsitatetik kanpokoentzat.

Kirol txarteleko jarduerak “online” erreserbatzea

Kirol txarteleko jarduerak egiteko, “online” erreserba egin behar da aldez aurretik Unibertsitatearen webgunean (egun baterako bi erreserba egiten ahal dira gehienez). Gero, ezin joan izanez gero, bertan behera utzi behar da erreserba, jarduera hasi baino hiru ordu lehenagora arte. Txartela edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua zein kanpoko tenis pistak erreserbatu.

Unibertsitatearen webgunean dago informazio guztia: kirolak (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), txartelaren bidez kiroletan izena emateko sistema, eta seihilekoko eta hilabeteko prezioak, Unibertsitateko komunitateko kide direnentzat eta ez direnentzat

Udazkeneko seihilekorako beste jarduera batzuk

Gorago azaldu bezala, udazkeneko seihilekoan beste hamahiru jarduera eskaintzen dira, txartelean sartuak ez daudenak: dantza latinoak, boxeoa, hastapeneko eskalada eta garapeneko eskalada, kickboxing, hastapeneko igeriketa eta hobetzeko igeriketa, running, tenisa eta hastapeneko tenisa, triatloia, boleibola eta waterpoloa. Izena eman eta aparte ordaindu behar diren jarduera horietarako, irailaren 4an irekiko da izena emateko epea Unibertsitateko komunitatekoentzat, eta irailaren 11n gainerakoentzat.

Udazkeneko torneorako izen-emateak, irailaren 4tik 17ra

Irailaren 4tik aurrera, izena ematen ahalko da NUPeko Udazkeneko Torneoan. Unibertsitateko komunitateko kideentzat da (AZL, irakasle, ikertzaile, ikasle eta ikasle ohientzat), eta honako kirol hauek sartzen dira: 3x3ko saskibaloia, eskalada, binakako eta banakako frontenisa, 7ko futbola, areto futbola, tenisa, frontballa eta goma-paleta. Izen emateko epea irailaren 17ra arte egonen da zabalik, eta Unibertsitatearen webgunearen bidez egiten da.


KULTURAKO ETA KIROLETAKO UNITATEA
Arrosadiko campusa
Sekuoia eraikina
31006 Iruñea
Tel. +34 948 169750 | 168483
Fax. +34 948 168487
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua