Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Aurkezpena

Aurrekariak

Katedra hau Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Katedra Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatu du bere "konpromiso soziala" betetzearren, NUPen jardunaren helburuetako bat baita, eta, zehazki, ikerketa sozialak bere ingurune komunitarioan eragina izatea nahi du.

Izan ere, etengabe aritu dira lankidetzan zenbait erakunde publiko eta ekimen sozialeko entitate, eta elkarlan horretan izandako ikerketa-esperientzia luzearen emaitza da ekimen hau. ALTER Ikerketa Taldea da sustatzailea, eta kolaboratzaile aritzen dira beste zenbait ikerketa-talde eta ikertzaile partikular eta entitate sozial batzuk ere. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Herritarrei, Bizikidetzari eta Pluralismoari buruzko UNESCO Katedraren laguntza ere badu.

80ko hamarkadaren bukaeratik, ALTERek zenbait ikerketa-lerro garatu ditu. Diziplina arteko ikusmoldea du, eta arazo sozialak, horiei aurre egiteko politikak eta esku-hartze soziala antolatzeko baliabideen eta metodoen analisia uztartzen ditu. Horren orientazio aplikatua jardun zientifiko zorrotza eta landu dituzten arazo sozialei irtenbide eta erantzun zehatzak bilatzeko bokazio pragmatikoa dira.

Produkzio zientifikoa du horren guztiaren erakusgarri: dozenaka liburu, liburu-kapitulu eta artikulu argitaratu ditu Espainiako zenbait argitaletxe eta aldizkari zientifikotan (Política y sociedad, FOESSA, RETS, Sistema, Siglo XXI, CSIC, RTS, Economía y Sociedad, Política Social y Servicios Sociales, Documentación Social, Cuadernos de Gobierno y Administración) eta nazioarteko beste zenbaitetan (Palgrave, Italian Journal of Social Policy, Revue Française des Affaires Sociales, South European Society and Politics, Zeitschrift für Sozialreform, European Journal of Social Quality, Documentation Française).

Ikerketaren arloan, berriz, aurrerapen eta lorpen sozial garrantzitsuak egin ditu (bazterkeriaren aurka borrokatzeko plan autonomikoak eta tokikoak Madrilen, Nafarroan eta Aragoin, etorkinak gizarteratzeko planak, gutxieneko errenten programak, laneratzeko enpresenak eta integraziorako etxebizitzenak), berrikuntza metodologikoak egin dira esku-hartze sozialean (laguntza sozialeko prozesuak, balorazio- eta diagnostiko-metodoak) eta antolamendu-erreforma zehatzak bideratu ditu (oinarrizko arretaren berrantolaketa gizarte zerbitzuetan).

 

Printzipioak

Ikerketa-katedra honen eginkizunak honako hiru printzipio hauek ditu ardatz:

  • Independentzia politikoa: interes zientifiko eta sozialeko irizpideen arabera aukeratzen ditugu ikerketa-lerroak, eta alde batera uzten dugu oportunismo alderdikoi oro.
  • Zorroztasun zientifikoa: desparekotasun sozialen analisia egiteko eta haiek konpontzeko ikuspegi teoriko eta metodologikoak erabiltzen ditugu.
  • Konpromiso soziala: eztabaida sozialean eta politika sozialen diseinuan eta inplementazioan benetako eragina izan nahi dugu.


Katedraren helburuak

Katedrak honako gai hauek landuko ditu:

  • Desparekotasun sozialak, pobrezia eta bazterketa.
  • Genero-desparekotasunak.
  • Etnien arteko harremanak, immigrazioa eta gizarte integrazioa.

Gai horietarako, hiru ardatz hauek proposatzen ditugu:

  • Arazoen, dinamiken eta eragindako talde sozialen analisia.
  • Politika sozialen analisia.
  • Esku-hartze sozialeko metodo eta tekniken analisia.

Hiru lurralde-mailatan planteatzen da: Nafarroakoa, estatukoa eta nazioartekoa.

Katedraren jarduera espezifikoak

Ikerketako jarduerak

  • Arestian aipatutako fenomenoen bilakaerari buruzko informazioa ematen duten iturriak aztertzea eta aldian-aldian haien jarraipena egitea (Biztanleria Aktiboaren Inkesta, Bizi kondizioei buruzko Inkesta, Gizarte Segurantzaren Etengabeko Lagina, Europar Batasuneko Familien Panela eta abar).
  • Arazo jakin batzuei buruzko proiektu interesgarriak eta talde espezifikoetan eragina dutenak prestatzea.
  • Ikerketaren ondoriozko ekintza eta ekintzaren ondoriozko ikerketa egitea elkarlanean.
  • Esparru bat sortzea Master Amaierako Lanak eta doktoretza-tesiak egiteko (elkarren artean erlazioa duten masterretako ikasleei laguntza eta orientabidea emateko), tartean dauden sailekin ados.

Prestakuntzako jarduerak eta barne-gogoeta egitekoak

  • Ikerketen emaitzei buruzko gogoeta egiteko mintegiak.
  • NUPekoak ez diren gonbidatuen ekarpenen berri emateko mintegiak.

Zabalkundeko eta eztabaida sozialeko jarduerak

  • Hitzaldiak eta jardunaldiak ikertzaile, profesional, ikasle eta inplikatutako kolektiboentzat eta, oro har, gizarte osoarentzat. Hitzaldi publikoen programa entitate laguntzaileen beste ekimen batzuekin batera antolatzen da (entitate sozialenekin, UNESCO Katedrakoekin, etab.).

 

 

           

           

    

BEGIIKA (CIPARAIIS)
Arteak eraikina, 2. solairua
Arrosadiko campusa, z.g.
31006 Iruñea
Tel. 948169026
Fax. 948169695
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua