Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Artxiboen eguna

Artxiboen Nazioarteko Eguna

Aste honetan, ekainaren 6tik 10era, Artxiboen Nazioarteko Astea ospatuko dugu (#IAW2022), Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak proposatutako goiburuarekin: #Artxiboakgaragu (#SomosArchivo, #ArchivesAreYou, #NousSommesLesArchives).

#Artxiboakgaragu, Unibertsitateko komunitateko kideok:

  • Egunero-egunero, ohiko zereginetan, espedienteak, dokumentuak eta datuak erabiltzen ditugulako paperean zein formatu elektronikoan.
 
  • Sortzen dugun dokumentazioa gure memoriaren parte handi bat delako; gure ondare dokumental gisa gordetzen dugu edozein formatutan artxiboan.

Dokumenturik gabe ezin da eman orainaldiaren konturik, dokumenturik gabe ez dugu memoriarik, eta, beraz, ezta geroko nortasunik ere.

Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak arrazoi honengatik aukeratu du aurtengo goiburua: “Jendearen historia eta iragana gordetzen dute artxiboek, baita jendearen oraina eta geroa ere. Lagungarri zaizkigu nor garen eta nor izan nahi dugun ulertzeko”. Gure erakundearentzat ere balio du horrek.

Artxibo Nagusiko lantaldeko kideok Unibertsitateko komunitateko kide guztiei eskatzen dizuegu ohartzeko nolako erantzukizun partekatua dugun artxiboekin, eta NUPek hartutako konpromiso instituzionala irakurtzeko, bi dokumentu labur hauetan:

 

 

 

Artxiboen Nazioarteko Aste zoriontsua izan dezazuela!

 

Zergatik da garrantzitsua talde ahalegin hori?

Artxiboei buruzko Adierazpen Unibertsalak honela dio:

  • Artxiboek erabakiak, jardunbideak eta memoria zaintzen dituzte.
  • Artxiboek ondare bakarra eta ezin ordeztu dena gordetzen dute, eta belaunaldiz belaunaldi eskualdatzen da.
  • Dokumentuak artxiboetan kudeatzen dira sortzen direnetik, beren balioa eta esanahia babesteko.
  • Dokumentuak informazio iturri fidagarriak dira, eta administrazio jardueren segurtasuna eta gardentasuna bermatzen dituzte.
  • Gizartea garatzeko funtsezkoak dira, eta banakoen eta taldeen memoria eratzen eta begiratzen laguntzen dute.
  • Artxiboetara sarbide librea edukiz gero, aberastu egiten da gizarteari buruz dakiguna, demokrazia sustatzen da, herritarren eskubideak babesten dira eta bizi kalitatea hobetzen da.

Artxiboek balio bakanekoak dira. Giza jarduerak sortzen dituen dokumentuez daude osatuak, eta, halatan, lehenaldiko gertaeren ebidentzia berdingabea dira. Halaber, bermatu egiten dute gizarteen funtzionamendu demokratikoa, banakoen eta komunitateen identitatea eta giza eskubideen defentsa.