Hasiera > UNESCO Katedra > Jarduerak > Ikastaroak eta hitzaldiak
Gaur egungo gizarteen erritmoak bizkorrago bizitzera garamatza zenbaitetan; beste zenbaitetan, aldiz, entzuteko denbora eta lekuak bilatzera. Herritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrako kideok eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate Osasungarrirako Planekook tartetxo bat hartzea proposatzen dizugu, kontura zaitezen zer eta nola lantzen ditugun alderdi emozionalak harremanen mundu korapilatsuan, hezkuntza formalean eta ez-formalean, arlo sozialean, osasunekoan eta baita beste arloetan ere. Pertsonei buruzko ikuspegi integrala izanik, gaia elkarrekin aztertu eta elkarrengandik ikasi nahi dugu, eta emozioei eta horiek berekin dakarten guztiari protagonismoa ematen segitu. Gure asmoa da erakustea norberaren ongizatea eta inguruko harremanena hobetzeak denen ona dakarrela.
Ez genuke ahantzi nahi eguneroko bizimoduak duen garrantzia; aitzitik, hobetu egin nahiko genuke, bizitzaren bidean erreferentzia izan dadin. Bide horretan, hobetzeko prozesuak aberastuz doaz osasuneko, hezkuntzako eta arlo sozialeko profesionalek eta harremanen eremuetan parte hartzen dutenek egiten duten lanari esker.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak konprometituta egon behar du gizartearekin, nola ikerketaren hala irakaskuntzaren ikuspegitik, gizartearen erreferentzia baita, eta hobetzeko prozesuetan lagundu behar du; azken batean, ongizate sozial handiagoa ekarriko baitute.
Jardunaldi honetan, topagune bat sortu nahi dugu, non emozioek gidatuko gaituzten ikaste prozesuan. Bidean ikasitakoak zenbait esparrutara eramango gaitu, eta esparru horietan sareak sortu eta mantenduko ditugu, denentzako aberasgarri izango diren sareak, alegia.