Programazioko AdaByron Multisede lehiaketa nazionaleko parte-hartzaileak, NUPen. Aurrean, ezkerretik eskuinera, Mikel Galar Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren zuzendaria eta Aránzazu Jurío irakaslea, NUPeko Ingeniaritza Informatikoko Graduko arduraduna.
2024ko apirilaren 17an, NUPeko 38 ikaslek hartu zuten parte lehiaketa honetan. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak antolatzen du, eta azken urteetan programazioaren esparruko erreferentziazko lehiaketa gisa finkatu da unibertsitateko ikasleentzat. Lehen aldiz, NUPeko Ingeniaritza Informatikoko Graduko eta Datuen Zientzietako Graduko ikasleek parte hartu dute lehiaketan, NUPek 2023an sortutako Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren sustapenari eta lankidetzari esker. 38 ikasleak 13 taldetan zeuden banatuta: horietatik 10 Informatika Ingeniaritzako Graduko 29 ikaslek osatu ziztuzten, eta 3 Datuen Zientzietako Graduko 9 ikaslek.
Programazio lehiaketetan eskarmentu handia duten Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko zenbait irakaslek asmatutako ekimena da AdaByron. Lehiaketa urtez urte sendotu eta nazio mailako ekitaldi bihurtu da, eta teknologiaren sektoreko hainbat enpresaren interesa bereganatu du.
Lehiaketa 2015ean egin zen lehen aldiz, eta 9 problema proposatzen dizkie parte-hartzaileei. Parte-hartzaileak 3 laguneko taldetan daude banatuta, eta 3 ordu dituzte ariketak ebazteko, normalean C, C++, Java edo Python-eko programazio-soluzioen bidez.
Lehiaketak hiru kategoria proposatzen ditu, ikasle parte-hartzaileak zein ikasmailatan matrikulatuta dauden: A kategoria (lehen ikasmailako ikasleak), B kategoria (bigarren ikasmailako ikasleak) eta C kategoria (hirugarren ikasmailako edo goragoko ikasleak).
AdaByron bi mailatan dago egituratuta: batetik, eskualdeko lehiaketak, eskualde bateko ikasle onenak aukeratzen dituztenak, eta bestetik, lehiaketa nazionala, Espainiako lehiaketa-programazioko talderik onena aukeratzen duena.
Artificial Incompetence taldea Ingeniaritza Informatikoko Graduko hirugarren ikasmailako hiru ikaslek osatzen dute (Jon Goikoetxea Macua, Beñat Solaegui Garralda eta Lander Jiménez Nadales), eta hirugarren postuan sailkatu da AdaByron Multisede lehiaketa nazionalean (osotara 48 taldek parte hartu dute), lehiaketako 9 problemetatik 4 ebatzi ondoren.