Hasiera > Cátedra Economía Social y Cooperativismo > Actividad de la cátedra
Jardunaldi horretan, Unibertsitateak ekonomia sozialaren balioen sustapenean zeregin garrantzitsua duela azpimarratu dute
Arrakastatsua izan da Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak antolatutako jardunaldia
Ignacio Ugalde NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren lehendakariak azpimarratu du ekonomia soziala eta kooperatibismoa unibertsitatera eramateko egindako urrats handiak egin direla Nafarroan.
Besteak beste hori ondorioztatu zen NUPen Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak eta ANELek martxoaren 30ean Arrosadiko campusean egin zen jardunaldian, Ekonomia Sozialaren Aste Unibertsitarioaren barrenean antolaturikoan. Hartan, zenbait hizlarik esan zuten Unibertsitateak zeregin garrantzitsua duela Nafarroako gizartean kooperatibismoaren balio horiek sustatzen.
Jardunaldi horrekin, gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekonomia sozialeko zentro, institutu eta beste egitura unibertsitario batzuek Ekonomia Sozialaren Aste Unibertsitarioaren 4. Edizioaren barrenean Espainian eta nazioartean egin dituzten jarduera batzuetan parte hartu du.
Joan den martxoaren 30eko ekitaldiaren hasierako mintzaldia (Nikolas Oresme gradu aretoan egin zen, Gurbitzak eraikinean) Sandra Cavero Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekano eta Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren zuzendariak eta Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak eman zuten. Sandra Cavero NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren zuzendariak baieztatu duenez, jardunaldiaren helburua da “Ekonomia sozialarekin zerikusia duten erakundeek nolako erronkak dituzten ikustea ikuspegi publikotik zein pribatutik, eta abiapuntua izatea lankidetza-harreman eraginkorrak eta sakonak garatzeko”.
Caverok gogorarazi du Katedrak proposatu zuela CEPESek Nafarroako Urrezko Domina jasotzea, eta, hain justu, hautagai horrek irabazi zuela. Etorkizunean, Caverok plan asko aipatu ditu, hala nola hauek: ANELen Educa Koop proiektu berria bultzatzea; DBHko eta Batxilergoko ikasleentzako prestakuntza kooperatiboko eta lidergoko programa pilotu bat; ekonomia sozialari buruzko liburu zuri bat egitea; eta zuzenbide kooperatiboko mintegi profesional bat bultzatzea.
Jardunaldiaren itxiera-ekitaldian Ignacio Ugalde eta Begoña Pérez Eransus mintzatu ziren. Lehenbizikoa, katedraren lehendakaria izateaz gain, Ekonomia Sozialeko Nafarroako Enpresarien Konfederazioko (CEPES Navarra) eta ANELeko lehendakaria da, eta, bigarrena, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea eta NUPeko UNESCO Katedraren zuzendaria.
Ignacio Ugalde ANELeko eta Nafarroako CEPESeko lehendakariak eta Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren arduradun nagusiak azpimarratu zuenez, ANEL unibertsitatearen esparrua ekonomia sozialaren arloko ezagutza bultzatzen laguntzen ari da, ikasleen enplegagarritasuna eta ekintzailetzarako gaitasuna handitzearren trantsizio energetikoen, ingurumenaren, digitalen eta sozialen erronkei erantzunen dien enpresa-eredu jasangarriago baten bidez, “pertsona eta lurraldea –eta ez kapitala– erdigunean jartzen dituen ikuspegi batetik”, adierazi zuen Ignacio Ugalde ANELeko eta CEPES Navarrako lehendakariak.
Ugaldek nabarmendu zuen Nafarroan pauso handiak eman direla ekonomia soziala eta kooperatibismoa unibertsitatera eramateko, eta ANELek ere parte hartu duela horretan. Hala, azpimarratu zuen mugarri garrantzitsua izan dela ekonomia soziala Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluan sartu izana (Foru Parlamentuak onetsi zuen hori). Lehen aldiz, pertsonak ardatz dituen enpresa-eredu hau funtsezko organo bat da “unibertsitatearekin lotzeko herritarrak, egungo beharrak eta gure etorkizuna nolakoa den adierazten duten joerak”.
Era berean, ANELeko lehendakariak nabarmendu zuen berak ordezkatzen duen erakundeak lagundu nahi duela ekonomia soziala eta kooperatibismoa kontuan har daitezen Europako Unibertsitate Eremu berriaren eraikuntzan.
“Eskerrak eman nahi dizkiot Nafarroako Unibertsitate Publikoari, ekonomia sozialaren eta kooperatibismoaren ezagutzan sakontzeko hartutako konpromisoagatik”, gaineratu zuen Ignacio Ugaldek, “izan ere, badakigu gure komunitatearentzat funtsezkoa dela eredu hori sustatzen jarraitzea gazteen eta ikertzaileen artean”. Nafarroa aitzindaria da bere enpresa kooperatiboen jarduerari dagokionez, eta, horregatik, “ikerketan, berrikuntza sozialean eta dagoen eredutik abiatuta irtenbide berriak bilatzen ere erreferente izatea lortu behar dugu”.
Horregatik, Ugaldek esan zuen Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra “lankidetza publiko-pribaturako eta irakaskuntzaren eta ikerketaren esparrurako jardunbide egokia” dela, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialaren eta ANELen arteko aliantza baita.
Ugaldek, halaber, berriki onetsi den Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa ere aipatu zuen; lege horrek “bizialdi osoko prestakuntza” azpimarratzen du, eta hori erabat bat dator dio kooperatibismoaren funtsarekin, zeinak “pertsona kooperatiban arlo pertsonalean eta profesionalean hazten joatea errazten baitu, adinagatiko diskriminaziorik gabe”.
Horregatik, pozik agertu zen unibertsitateak helduaro osoko gaitasun premiei erantzutera bideratuak daudelako. Ildo horretan, adierazi zuen “Kooperatiben eta Ekonomia Sozialeko Enpresen Zuzendaritzako eta Kudeaketako Unibertsitate Aditua” –orain bigarren edizioan da–, “belaunaldi anitzeko ildo horretan doala, hain zuzen ere, ikasleei eta lan-bizitzan aktibo dauden pertsonei prestakuntza emateko”.
MAHAI-INGURU INTERESGARRIAK
Jardunaldian hainbat mahai-inguru interesgarri egin ziren, Katrin Simón NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle titularrak moderaturik. Lehenengoak “Inklusioaren erronka erakundeentzat, zer ekarpen egin dezakete unibertsitateek?” izenburua zuen, eta ASPACEko, Ilundain-Haritz Berri Fundazioko eta Ultzama Etxalde Eskolako ordezkariek hartu zuten parte.
Bigarren mahai-inguruan (“Kooperatibak: lurraldean errotzea eta garapen ekonomikoa”), Ausolan, Lacturale eta Fagor Ederlan Tafalla kooperatibetako ordezkariek hartu zuten parte.
Azkenik, NUPen izenean, “Unibertsitateak ekonomia sozialaren balioak bultzatzeko duen eginkizuna” aztertu zuten Maria Jesus Campiónek (Enpresa Zientzien Fakultateko Nazioartekotze dekanordea eta NUPeko Ekonomia Sozialari eta Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrako kidea), Javier Vidorretak (NUPeko Gizarte Kontseiluko lehendakaria) eta Iosune Pascualek (NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea).
ASTE UNIBERTSITARIOA
CIRIEC-Españak antolatu zuen Aste Unibertsitarioa, Red ENUIES Ekonomia Sozialeko Ikerketako Zentro eta Institutu Unibertsitarioen Sarearen bidez. Ekonomia sozialari buruzko Espainiako ikerketa CIRIECekin batera sendotutako unibertsitate egiturei esker dago munduko aurreratuenen artean; izan ere, egitura horiek ibilbide oparoa dute irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan. Aste Unibertsitarioaren 4. edizioa, gainera, “Ekonomia sozialaren momentum” izendatu duten horren barrenean eginen da.
Hala, Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak hari buruzko gomendio bana argitaratu zuten joan den maiatzean eta ekainean, eta NBE lanean ari da ekonomia sozialari eta GJHei buruzko ebazpen bat laster argitara dadin.