Hasiera > Cátedra Economía Social y Cooperativismo > Actividad de la cátedra
Katedrak parte-hartze aktiboa izan du Nafarroako Gobernuak antolatutako topaketa horretan
Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak modu aktiboan parte hartu zuen joan den asteartean Nafarroako Gobernuak antolatutako Ekonomia Sozialari buruzko Mugaz Gaindiko I. Topaketan.
Nafarroako Ekonomia Sozialeko Erakundeen Konfederazioarekin (CEPES Nafarroa) eta NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak elkarrekin sustatu dute ekitaldia, eta bertan parte hartu dute Maud Caruhelek, Akitania Berriko Eskualdearen izenean (Ekonomia Sozial eta Solidariorako, Ekonomia Zirkularrerako eta Hondakinen Prebentziorako lehendakariordea), eta Cristina Bayonak, NUPen izenean (Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea eta Francisco Javier Arregui Ikerketako errektoreordea).
Unibertsitatea ere eztabaidagai izan da bertan, arlo hori garatzeko moduko espazioa baita. Horri dagokionez, Sandra Cavero Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren zuzendariak mahai-inguru batean parte hartu du Timothee Duverger Bordeleko Unibertsitateko Zientzia Politikoen Institutuko TerreÈSS Katedrako zuzendariarekin batera.
Caverok gogorarazi duenez, sortu berri den katedra “apustu sendoa da sektore hori Nafarroako Unibertsitate Publikotik bultzatzeko, zeina beti egon baita ekonomia sozialarekin eta kooperatibekin oso lotua”. Katedraren zuzendariak haren Bordeleko homologoaren lana baloratu du, eta harekiko lankidetza-harremana estutzea espero du, katedraren beraren helburuek “ez baitute diferentzia handirik Frantziako unibertsitate zentro horrek aspalditik egiten dituen helburu horiekin”.
Caverok hilabete hauetako lorpenak errepasatu ditu, besteak beste hauek: Kooperatiben eta Ekonomia Sozialeko Enpresen Zuzendaritzako eta Kudeaketako titulu berekia, Ekonomia Sozialeko GAL hoberenentzako saria eta proposamena egin izana joan den abenduan Ekonomia Sozialak jasotzea Nafarroako sari nabarmenena (Urrezko Domina).
Gainera, katedra irekia dago etorkizuneko beste aukera batzuetara, hala nola hauetara: tituluaren barrenean praktika bat ezartzea kooperatiba bat sortzeko unibertsitateko ekintzaileekin, ekonomia sozialari buruzko liburu zuri bat sor dezatela bultzatzea eta kooperatibismoaren esparruan Bordeleko Unibertsitatearekin lankidetzan aritzea.
ASMO-AKORDIOA SINATZEA
Bileraren amaieran, asmo-akordio bat sinatu dute Ignacio Ugalde Nafarroako Ekonomia Sozialeko Erakundeen Konfederazioko presidenteak (CEPES Navarra), –katedraren lehendakaria ere bada–, eta Stéphane Montuzetek, Akitania Berriko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Eskualde Ganberako (CRESS Nouvelle-Akitaine) presidenteak. Testuak bi erakundeek ekonomia sozialari buruz duten ikuspegia islatzen du, hots, Nafarroako eta Akitania Berriko “aurrerabide sozialari eta garapen jasangarriari ekarpena egiteko aukera dela,” eta, halaber, interesa erakusten du “lankidetzako akordio formal bat lortzeko mugaz gaindiko lurraldearen eraldaketa sozialari ekarpena egiten dion prozesu bat sustatzearren”.
Irekiera-ekitaldian, Ollo kontseilariak nabarmendu duenez, “Europan, gure gizarteak jasangarriago bilakatzeko, ekonomia sozialeko erakundeak dira jarraitu beharreko bidea, pertsonak erdigunean jartzen baitituzte. Gogorarazi duenez, Europako Batzordeak berak hala dela aitortu du esparru horretako ekintza-plan espezifiko batean. Plan horren helburua da trantsizio berde eta digitalek inor atzean ez uztea, eta gure komunitateek erresilientzia indartzea alderdi guztietan”. Ollok azpimarratu duenez, “erronka ez da soilik ekonomikoa, Europar Batasunaren balioen defentsari ere eragiten baitio”, eta, “ingurune orekatuagoa, oparoagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko”, mugaz gaindiko “aukerarako espazioan” lan egin beharra defendatu du.
Bestalde, Irujo kontseilariak nabarmendu duenez, “mugaz gaindiko topaketa hau jardunbide egokia da Europako esparruan ekonomia soziala indartzeko eskualdeen arteko lankidetzaren bidez”. Zentzu horretan, gogorarazi duenez, “Ekonomia Sozialaren Nafarroako II. Plan Estrategikoak eta indarrean diren Europako eta mugaz gaindiko lankidetza-proiektuek gero eta gehiago indartzen dute ekonomia soziala Nafarroan errotua dagoen eredu ekonomiko jasangarri eta lehiakor gisa”.
Jardunaldiak ekonomia sozialaren arloko eta mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko politika publikoei buruz mintzatzeko balio izan du, hauen eskutik: Nafarroako Gobernuaren izenean, Sergio Pérez (Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia) eta Izaskun Goñi (Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendaria), eta, Akitania Berriko Gobernuaren izenean, Mathieu Berge (Euroeskualdeko, Mugaz gaindiko Lankidetzarako, Portu eta Aireportuetarako eskualdeko kontseilari delegatua) eta Marine Gueroult (Eskualdeko Kontseiluko ekonomia sozialeko zuzendaria). Programan, halaber, bi mahai-inguru izan dira enpresa eraldatzaileei eta balioetan oinarritutako garapen ekonomikoari buruz.