Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Actividad de la cátedra

NUP-ek Ekonomia Sozialaren IV. Aste Unibertsitarioan parte hartu du beste 33 unibertsitaterekin batera

Datorren martxoaren 30erako Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak eta ANELek arratsaldeko jardunaldi bat antolatu dute “Unibertsitateak ekonomia sozialaren balioak bultzatzeko duen zeregina” izenburupean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren bidez eta ANELekin lankidetzan, parte-hartzea izanen du ekonomia sozialaren arloko Espainiako eta nazioarteko zenbait zentro, institutu eta beste egitura unibertsitario batzuek martxoaren 20tik 30era eginen duten Ekonomia Sozialaren 4. Aste Unibertsitarioko jardueretan. 

Zehazki, Arrosadiko campusean arratsaldeko jardunaldi bat eginen da heldu den martxoaren 30ean, “Unibertsitateak ekonomia sozialaren balioak bultzatzeko duen zeregina” izenburupean. 17:00etatik aurrera izanen da, Nicolás Oresme Gradu aretoan, Gurbitzak Eraikinean. 

IZENA EMATEKO ESTEKA

Jarduerari hasiera emateko ekitaldiaren buru Sandra Cavero (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekano eta Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren zuzendaria) eta Izaskun Goñi (Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia) izanen dira.

Jardunaldian zenbait mahai-inguru interesgarri eginen dira, Katrin Pereda NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle titularrak moderaturik. Lehenbizikoa “Inklusioaren erronka erakundeentzat, zer ekarpen egin dezakete unibertsitateek?” izenburupean eginen da, eta ASPACEko, Ilundain-Haritz Berri Fundazioko eta Ultzama Etxalde Eskolako ordezkariek hartuko dute parte.

Bigarren mahai-inguruaren izena “Kooperatibak: lurraldean errotzea eta garapen ekonomikoa” da, eta Ausolan, Lacturale eta Fagor Ederlan Tafalla kooperatibetako ordezkari batek parte hartzea aurreikusten da. 

Azkenik, NUPen izenean, “Unibertsitateak ekonomia sozialaren balioak bultzatzeko duen eginkizuna” aztertuko dute Maria Jesus Campiónek (Enpresa Zientzien Fakultateko Nazioartekotze dekanordea eta NUPeko Ekonomia Sozialari eta Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrako kidea), Javier Vidorretak (NUPeko Gizarte Kontseiluko lehendakaria) eta Iosune Pascualek (NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea). 

Jardunaldiaren itxiera-ekitaldian Ignacio Ugalde eta Begoña Pérez Eransus mintzatuko dira. Lehenbizikoa, katedraren lehendakaria izateaz gain, Ekonomia Sozialeko Nafarroako Enpresarien Konfederazioko (CEPES Navarra) eta ANELeko lehendakaria da, eta, bigarrena, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreorde eta NUPeko UNESCO Katedrako zuzendaria. 

CIRIEC-Españak antolatu du Aste Unibertsitarioa, Red ENUIES Ekonomia Sozialeko Ikerketako Zentro eta Institutu Unibertsitarioen Sarearen bidez. Ekonomia sozialari buruzko Espainiako ikerketa CIRIECekin batera sendotutako unibertsitate egiturei esker dago munduko aurreratuenen artean; izan ere, egitura horiek ibilbide oparoa dute irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan.

Aste Unibertsitarioaren 4. edizioa, gainera, “Ekonomia sozialaren momentum” izendatu duten horren barrenean eginen da. Hala, Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak hari buruzko gomendio bana argitaratu zuten joan den maiatzean eta ekainean, eta NBE lanean ari da ekonomia sozialari eta GJHei buruzko ebazpen bat laster argitara dadin.

DESKARGATU JARDUNALDIEN EGITARAUA