Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Actividad de la cátedra

Kooperatiben eta Ekonomia Sozialeko Enpresen Zuzendaritzako eta Kudeaketako Unibertsitateko Aditua: II. edizioaren itxiera-ekitaldia

Guztira 21 ikaslek jaso dituzte NUPen titulu bereki horren diplomak.

Guztira 21 ikaslek jaso dituzte NUPen titulu bereki horren diplomak. Titulu hori Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak sustatzen du Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren bitartez, eta ANELen laguntza eta Nafarroako Gobernuaren finantziazioa ditu.

Titulu bereki hau berriz emanen da datorren ikasturtean, eta enpresa kooperatiboen eta ekonomia sozialeko enpresen kudeaketan eta zuzendaritzan espezializazio profesionala lortzera bideratutako prestakuntza integrala, espezializatua eta diziplina anitzekoa ematen du. Ikastaro aitzindaria da Nafarroan, eta aldi berean erreparatzen die eduki juridikoei, ekonomiko-finantzarioei eta giza baliabideei loturikoei. Gainera, bat dator Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren helburuekin.

Graduondoko honen ezaugarrietako bat da 40 irakaslek parte hartzen dutela, eta haien artean daudela gaian adituak diren unibertsitarioak, ekonomia sozialeko enpresak eta erakunde batzuetako arduradunak. Hauetako ordezkariek hartu dute parte, besteak beste: Eroski kooperatiba; AN Taldea; Tafalla Iron Foundry; Gizarte Ekimeneko “A Tu Lado” Mikrokooperatiba; Liceo Monjardín ikastetxea; Laboral Kutxa; Tasubinsa; Mapsa; Mediación Navarra; Ausolan; Nafarco; Ikastolen Elkartea; ANEL, UCAN, REAS entitateak; Nafarroako Fundazioa; EINA; CEE; CEISNA eta Social Economy Europe entitateak.

Ekitaldian parte hartu dute, haiez gainera, Sandra Cavero Brújulak (Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren zuzendaria eta NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa), eta Rafael Lara Gonzálezek (ikastaroaren zuzendari akademiko eta NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa). Larak baieztatu du une “pozgarria” dela ikastaroko parte-hartzaileentzat, ikasturte honetan esperientzia-ordu asko bizi izan baitituzte elkarrekin.

Ikasle eta irakasleen hitzak

Consuelo Corella tituluko ikasleak ikastaldearen izenean hitz egin du, eta eskerrak eman dizkie hilabete hauen ondoren “Unibertsitatea gogoetarako eta pentsamendu kritikorako lekua” dela egiaztatu dutelako, “non guztiok kabitzen garen eta egiten dugun ekarpena, bereizketarik gabe”. “Adiskidetasun harreman bikainak sortu ditugu taldekideen artean, eta, hain justu, horixe da Ekonomia Sozialaren muina, pertsonak erdigunean egotea eta gu geu izatea enpresako jardunaren hasiera eta bukaera”, laburbildu du.

Javier Zubicoa Ekonomia Sozialeko Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoko kideak irakasleen taldearen izenean hitz egin du itxiera-ekitaldian. Zubicoak azpimarratu du nolako garrantzia duen ekonomia sozialaren arloan Nafarroan publikoaren eta pribatuaren artean gauzatzen den lankidetzak. “Etorkizun oparoa izanen duzue, ziur”, esan die tituludun berriei.

Agintariak eta gonbidatu berezia

Ángel Villafranca Lara Nekazaritzako Elikagaien Espainiako Kooperatibetako lehendakaria izan da gonbidatu berezia, eta giza faktorea nabarmendu du, nekazaritzako elikagaien kooperatiba guztietan baitago presente. “Kooperatibetako pertsonei buruz hitz egitea da garrantzitsuena”, adierazi du Villafrancak, eta enpleguaren alorrean sektorearen indargunetzat jo du plantillan 110.000 langile finko baino gehiago izatea nekazaritza-kanpainetako langileez gain. “Eredu kooperatiboa ez da beste etapa bateko zerbait; gure kooperatibak lurraldean errotuak daude, ez dira deslokalizatzen, errentagarriak izan behar dute eta aberastasuna beren ingurunera eramaten dute”, esan du Villafrancak, eta gogorarazi du “herri txiki askotan nekazaritza-kooperatibak direla enpresa nagusiak”.

Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak Foru Gobernuak ekonomia sozialaren alde egin duen apustu irmoa azpimarratu du: “Joan den legealditik, Ekonomia Sozialaren I. Plan Integrala onetsi zenetik, eta kontuan hartuta Europako eremuan ekonomia sozialari lotutako hainbat forotan izan duen dinamismoa eta parte-hartzea, Nafarroari S4 eskualde garapeneko estrategian integratua dagoela aitortu zaio”. Nafarroako ekonomia sozialari bultzada hori “inplikatutako eragileen arteko koordinazioari esker baino ez da posible”, eta ANELen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren lana eskertu du, behar-beharrezkoa baita eta beti positibotasunez egina.

Gainera, “Nafarroak Gizarte Ekonomian lider izateko osagai guztiak” dituela esan du Irujo kontseilariak.

Hitzaldien ondoren, diplomak banatu dira. Azkenik, Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzaletzako errektoreordeak itxi du ekitaldia.

Cristina Bayonak Adituaren Titulua lortu duten ikasleak zoriondu ditu, eta pozik agertu da ikasleek adierazi dutelako bete dituztela beren espektatibak. Irakasleen zeregina ere balioetsi du, ezagutza teorikoak partekatu baitituzte, baina baita adituena ere, “beren esperientzia profesionala ikasgeletara hurbiltzeagatik”.  Azkenik, Ikasle, Enplegu eta Ekintzailetzako errektoreordeak gogorarazi du zabalik dagoela 2023-2024 ikasturtean (Adituaren Tituluaren III. Edizioa) aurreinskripzioa egiteko prozesua, eta bertaratutakoei “aurreinskribatzaile” izateko deia egin die, titulua jende gehiagok egin dezan.

Eskerrak, eskaintza eta zorionak

Hitzaldian, Sandra Cavero Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrako zuzendariak hitz batzuk esan dizkie amaierako ekitaldian parte hartu dutenei. Mintzaldia hiru atal garrantzitsutan banatu du: eskerrak, eskaintza eta zorionak. Hasteko, Sandrak eskerrak eman dizkie NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrako hiru erakunde elkartuei: Nafarroako Gobernuari, Garapen Ekonomikoko Departamentuaren bitartez parte hartzen baitu; ANELi, Ignacio Ugalde buru duela; eta NUPi, “Ekonomia sozialaren arloa irmo babesteagatik”.

Eskaintzari dagokionez, Sandra Caverok adierazi du 2022ko udan sortutako Katedraren helburua eragile sozial eta ekonomikoetan ekonomia sozialarekiko interesa sustatzea dela, horretarako ikerketa, ikasgeletako prestakuntza eta ezagutzaren transferentzia erabiliz. Gero, Katedrak sortu zenetik egindako hainbat jarduera ekarri ditu gogora, hala nola ekonomia sozialari buruzko ikasketa-amaierako lanik hoberenarentzako sariaren deialdia, irakaskuntzako berrikuntzako topaketa eta proiektuetan parte hartzea, ekonomia sozialarekin lotutako ekitaldietan egotea eta Kudeaketako Adituaren Titulu berekiaren finantzazioa. Gainera, azpimarratu du Katedrak CEPES Navarra proposatu zuela Nafarroako Urrezko Dominako hautagai izateko (Foru Komunitateko sari nagusia), eta, azkenean, joan den abenduan eman zitzaiola saria.

Azkenik, Sandra Caverok zoriondu egin ditu ekonomia sozialari prestakuntza arrakastaz egin duten pertsona guztiak, eta “maila akademikoan eta pertsonalean esperientzia aberasgarria” izatea opa izan die.

Ekonomia soziala aitortza historikoa izaten ari da

Enpresa-eredu hori –NBEk duela gutxi onartu du– pertsonetan eta balioetan dago oinarritua, eta gero eta presentzia handiagoa du gure komunitateko eremu unibertsitarioan. Gainera, Gizarte Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra sortzea izan da orain amaitzen den ikasturte akademiko honetako mugarria. Hain justu, katedra hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP), Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko Departamentuaren eta ANELen arteko akordioarekin sortu da. Katedraren bidez, ekonomia sozialak enpresak kudeatzeko eredu gisa duen interesa sustatu nahi da, eta, horretarako, ikerketa, ikasgeletako jakintza eta eragile sozial eta ekonomikoenganako transferentzia bultzatuko dira.