Hasiera > Cátedra Economía Social y Cooperativismo > Actividad de la cátedra
Katedraren zuzendariak La Lagunako Unibertsitatean parte hartu zuen.
Joan den abenduaren 1ean eta 2an, NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak Ekonomia Sozialeko Ikerketako Zentro eta Institutu Unibertsitarioen Red ENUIESek antolatutako (CIRIEC-Espainia) topaketaren azken edizioan parte hartu zuen. Aurten, ekitaldi hori La Lagunako Unibertsitateko Ekonomia, Enpresa eta Turismo Fakultatean egin zen (Tenerife), Ekonomia Sozialaren eta Kooperatiben Cajasiete Katedrarekin lankidetzan (unibertsitate horretakoa berekoa), “Ekonomia soziala, jasangarritasuna eta etorkizuna” lelopean.
Sandra Cavero Brújula NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren zuzendaria eta NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoak aurkeztu zituen entitatea eta hark Nafarroan eman dituen lehenbiziko pausoak.
Topaketari hasiera Ernesto Pereda de Pablok eman zion, La Lagunako Unibertsitateko Ikerketa eta Transferentzia errektoreordeak, eta harekin batera izan ziren José Adrián García Ekonomia, Enpresa eta Turismo Fakultateko dekanoa; Fernando Berge Cajasieteko lehendakaria; Juan Juliá Red ENUIESeko lehendakaria; eta Cándido Román CESCO Katedraren lehendakaria.
Topaketaren hasieran, Kanarietako Ekonomia Sozialari buruzko Liburu Zuria aurkeztu zuen Inmaculada Galvánek, liburuaren koordinatzaile batek (Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatea). Liburu Zuri hori argitaratzear dago, eta Kanarietako ekonomia sozialaren egungo “momentum” delakoaren mugarri nagusietako bat da, aurten bertan onetsiak izan ondoren Ekonomia Sozialari buruzko Legea eta Kanarietako Kooperatiba Sozietateen Legea.
Ekitaldian, halaber, CESCOk aitortza egin zion Kanarietako Gobernuari azken urteotan ekonomia sozialaren alde egindako lanagatik.
Ondoren, Juan Juliá irakasleak ekitaldiaren hitzaldi nagusia eman zuen. Bertan azpimarratu zuen erresilientzia handiagoa izaten dutela ezagutzaren erabilera intentsiboagoa egiten duten eta ongizate estatua garatua duten ekonomiek. Aldi berean, ekonomia horiek hobeki daude prestatuta erronka teknologikoei erantzuteko, baina erronka sozialei ere heldu behar diete. Ildo horretan, Juan Juliárentzat beharrezkoa da “ekonomia pluralagoa eta orekatuagoa, non ezagutza eta balioak gailenduko diren zentzugabekeriaren eta diruzalekeriaren aurrean”. Eta hor, “ekonomia sozialak, bere printzipio eta balioekin, kohesio handiagoa lortzen laguntzen du gizarte- eta lurralde-mailan, baita aurrerapen sozial handiagoa ere”.
Juan Juliák bere hitzaldian adierazi zuen, halaber, unibertsitateek ekintzailetza berritzailea bultzatzen ahal dutela, eta, are, betebehar hori dutela, eta ekonomia sozialak lagundu egiten duela ekintzailetza arduratsuagoa eta jasangarriagoa lortzen. “Ekonomia sozialaren lege esparrua hobetu eta malgutzea, betiere haren identitatearen funtsezko elementuak zainduta, lagungarria izaten ahal da unibertsitateko ekosisteman formula horien bidezko ekintzailetza bultzatzeko”.
Hitzaldia amaitzeko, poza adierazi zuen CIRIECSTAT Ekonomia Sozialaren Atari Estatistikoa abiarazi delako. Dioenez, “merezi du tresna hori ezagutu eta aztertzea, politika publikoak modu eraginkor eta efizienteagoan garatzea erraztuko baitu”. Amaitzeko, esan zuen gaur egun ezagutzaren eta balioen ekonomia baterantz aurrera egitearren inoiz baino beharrezkoagoa dela ekonomia sozialaren eta unibertsitatearen arteko aliantza.