Hasiera > Atalak
Noiz: 2018ko azaroaren 9an, ostirala, 17:00etatik 20:00etara
Non: Nafarroako Museoko ekitaldi aretoan
Programa:
“Grabitazio-uhinen astronomiaren hastapenak”
Alicia M. Sintes Olives, Fisika Teorikoko irakasle titularra eta LIGO Lankidetza Zientifikoko ikertzaile nagusia Balear Uharteetako Unibertsitatean.
Astrofisika garai iraultzailea bizitzen ari da: teknika, tresna eta teoria berriak erantzun egiazkoak eta koherenteak ematen ari zaizkie lehenbiziko aldiz gizateriak greziarren garaitik dituen auzi nagusiei. Grabitazio-uhinak edo espazio-denboraren ehunaren uhindurak dira orain mezulari berriak: kosmosera leiho berri bat zabaltzeko bidea irekiko digute, eta bizi garen Unibertsoa ulertzeko modua iraul lezakete. LIGOk 2015ean detektatutako zulo beltzen fusioek eragindako uhin horien lehenbiziko detekzioek berretsi egin zuten Albert Einsteinek 1915ean plazaratutako erlatibitate orokorraren teoriaren iragarpen garrantzitsu bat. Bi urte geroago, bi neutroi-izarren fusioak eragindako grabitazio-uhinen eta erradiazio elektromagnetikoaren aldibereko behaketak beste mugarri zientifiko bat ezarri du. Hitzaldi honetan aditzera emanen dugu zer diren grabitazio-uhinak, nola detektatu ziren, zer informazio berri ekartzen diguten, eta zein egiteko izan duen Balear Uharteetako Unibertsitateko Erlatibitate eta Grabitazio Taldeak oraingoz iragarri diren grabitazio-uhinen sei detekzioetan.
“Nola detektatzen dira grabitazio-uhinak? Zer da eta nola funtzionatzen du LIGOk? Froga praktikoa”
Agustí Pintó, Fisikan doktorea.
Detektagailuak grabitazio-uhinetan oinarritutako astronomia berriaren oinarrizko osagai bat dira. Egun lau detektagailu daude martxan munduan, eta beste bi eraikitzen ari dira. Detektagailu horiek guztiek printzipio bera dute oinarri: interferometria. Ibilbide historiko luzeko teknika bat da, eta Michelson-Morley esperimentuan edo zirritu bikoitzaren esperimentuan aplikatzen da.
Hitzaldi honetan interferometria zer den eta grabitazio-uhinak detektatzearren LIGOn nola aplikatzen den azalduko dugu. Eta modu praktikoan eginen dugu, martxan dagoen interferometro bat erakutsiz.
“Grabitazio-unibertsoa espaziotik behatuta: ESAren proiektuak”
César García Marirrodriga, Europako Espazio Agentziako LISA Pathfinder misioko proiektuaren zuzendaria.
Hitzaldian zientzia berri baterako pausoak aurkeztuko dira, hots, espaziotik aztertutako grabitazio-astronomiarako pausoak. Hala, laburpen bat eginen dugu grabitazio-teleskopio handien bidez espaziotik behatzen ahal den unibertsoari eta Europako Espazio Agentzia (ESA) ematen ari den pausoei buruz. Horretarako, LISA Pathfinder misio espaziala aurkeztuko dugu, 2015eko abenduan espaziora bidalitakoa, eta etorkizuneko LISA misiorako planak ere aurkeztuko ditugu. Azken hori 2030eko hamarkadan bidaliko da espaziora.
LISA Pathfinder (LPF) misioaren helburua probako bi masa erorketa aske ia perfektuan jartzea da, eta bere distantzia erlatiboa zenbat aldatzen den neurtzea, pikometro gutxi batzuen zehaztasunaz; alegia, metro baten milioirenaren milioiren batzuen zehaztasunaz! LPFren bidez erorketa aske ia perfektua lortzen da (mikro-grabitatea ere esaten ahal zaio), 100-1.000 aldiz hobea espazioan edo Lurrean egindako beste edozein esperimentutan baino.
Etorkizuneko LISA misioa grabitazio-uhinen behatoki espazial bat izanen da, eta kosmos dinamiko baten ikuspegi zabala eskainiko du. Aukera emanen du unibertso primitiboari ahalik eta hurbilenetik begiratzeko, Esne Bideko iturri ezagunekin, eta unibertso osorako sarbidea emanen du: zulo beltzen mugetatik gertuko eskala txikienetik eskala kosmologikoetako gertakizunetara.