• ES
  • EU
  • EN

Iragarki Ohola

Graduko ikasketak ebaluatzeko arautegia

Gradu Ikasketen Araudiaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ebaluazio Prozesuak arautzen dituen Araudia.

         - DEIALDIAK                                                                  - DATA ALDAKETA

         - EBALUAZIO SISTEMAK                                           -  DESGATITASUNA ETA ADNH DAUKATEN PERTSONAK

         - EMAITZAK ETA BERRIKUSKETAK                       - IRUZURREZKO METODOAK ERABILTZEA

         - KALIFIKAZIOA                                                 
       

Deialdiak

1.-Deialdi kopurua

  • Ikasleak 6 deialditarako eskubidea du irakasgai bakoitza gainditzeko. Irakasgai bakoitzeko lehenengo lau deialdiak ohiko deialdiak izango dira, eta azken biak aparteko deialdiak izango dira. Ikasleek aukera dute eskatzeko azken bi deialdietako ebaluazioa epaimahai batek egiteko: Nola eskatu
  • Edozein irakasgaitan egiten den matrikula, ebaluazioari begira, deialdi baterako izango da.
  • Irakasgai baten 1. eta 2. bigarren matrikulan, deialdia ez da kontuan hartuko irakasgaiaren aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa azaltzen denean.
  • Irakasgai baten 3. eta hurrengo matrikuletan, deialdia erabili dela ulertuko da irakasgaiaren aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa azaltzen denean.

2.- Deialdia aurreratzea

Eskatzeko baldintzak:

  • Gehienez ere bere ikasketa-planeko kredituen % 10 geratzea (Ikasketen Amaierako Lana kontuan hartu gabe)
  • Geratzen zaizkion kreditu horiek gutxienez deialdi batean matrikulatu eta ebaluatu izana.
  • Gehienez ere 12 ECTS aurreratzeko eskatzen da.

Ebaluazio-probaren aurrerapena eskatu duten ikasleak aparteko akta batean sartuko dira, eta akta hori proba egiteko aldian gaituko da.

Falta diren kreditu guztien deialdia aurreratzea eskatzen da, egutegi akademikoan ezarritako epeetako batera, ikasleak ikasketak amaitu ahal izan ditzan.

Nola tramitatu

Ebaluazio sistemak

1.- Ebaluazio jarraitua

  • Irakaskuntza gidak irakasgai bakoitza ebaluatzeko jarduerak eta irizpideak zein diren bilduko du: jarduera bakoitzak azken notaren zer ehuneko egiten duen, lortu beharreko gutxieneko kalifikazioa, jarduera errekuperatzeko modukoa den edo ez, derrigorrezkoa den edo ez, besteak beste. Gainera, azken nota nola lortzen den argi eta garbi azalduko du, baita "Ez aurkeztua" kalifikazioa nola lortzen den ere.
  • Arau orokor moduan, ebaluazioa jarraitua izango da irakasgai guztietan, eta osatzen ahalko da azken ebaluazio batekin, seihileko bakoitzaren irakastaldiaren bukaeran egingo dena.
  • Eskola teorikoetara joatea ez da inoiz izango irakasgai bat gainditzeko betekizuna, nahiz eta aktiboki parte hartzeak azken kalifikazioa ezartzeko garaian modu positiboan eragin.
  • Ikasleek aldiro izango dute ebaluazio jarraitua osatzen duten jardueretan izandako emaitzen berri.

2.- Errekuperazio ebaluazioa

  • Irakasgai bakoitzeko errekuperatzeko ebaluazio proba bat izango da, seihileko bakoitzaren bukaeran, eta irakaskuntza-alditik eta ebaluazio jarraitutik kanpo.
  • Ikasleek eskatzen ahalko dute irakasgaiaren epaimahai espezifiko batek egitea errekuperatzeko ebaluazio proba. Epaimahaia osatuko dute irakaskuntza atxikia du(t)en saileko edo sailetako hiru irakaslek. Eskaera ebaluazio prozesua hasi baino hilabete lehenago aurkeztuko da, ikastegiko zuzendariari edo dekanoari zuzendutako idatzi arrazoituaren bidez.

      Nola tramitatu

Azken ebaluazio eta errekuperazio proben deialdia ikastegiko idazkaritzan eta web-orrialdean argitaratuko da, ikasturte bakoitzaren matrikula-epea baino lehenago, probak non, zer egunetan eta zer ordutan egingo diren adieraziz. Ikastegiak ezarriko ditu egunak, irakasgai bakoitzaren irakasleei eta ikasleen ordezkariei entzun eta gero.

Azterketa eguna aldatzea

1.- Ebaluazio eguna aldatzea

  • Ikastegiko zuzendaritza taldeak, irakasgaiaren ardura duten irakasleei entzun eta gero, onesten ahalko du, salbuespenez, ikasleen ebaluazio eguna aldatzea.

2.- Banakako aldaketa

Ikasle batek, banaka, azterketa eguna aldatzeko eskaera egin dezake:

  • Klaustroaren, Gobernu Batzordearen, Gizarte Kontseiluaren, Ikastegiko Batzordearen edo Saileko Kontseiluaren bilera eta azterketa egun berean bada, eta ikaslea deialdia egin duen organoko kidea bada.
  • Ikaslearen titulazioan bi azterketa edo gehiago egun eta ordu berean badira. Irakasgaien arteko lehentasuna honako hau izango da: oinarrizko prestakuntza, derrigorrezkoa eta aukerakoa. Lerrun berekoak badira, beheragoko seihilekoarena izango da aldatuko ez den azterketa eguna.
  • Unibertsitateko kirol lehiaketak eta azterketa egun berean badira, Unibertsitateak ofizialki parte hartzen badu horietan, eta ikaslea Unibertsitatearen ordezkaria bada.
  • Mugikortasun programetan dauden ikasleek, unibertsitate hartzailearen egutegia eta mugikortasunetik kanpoko seihilekoaren ebaluazio aldia batera badaukate.
  • Beste edozein, irakasle arduradunaren iritziz nahikoa bada.

Horrelakorik gertatzen bada, beste egun bat ezarriko da, irakasleen eta interesdunaren artean adostua. Adostasunik ez bada, ikasleak egun aldaketa dagokion dekanoari edo ikastegiko zuzendariari eskatuko dio, eta hark hamabost eguneko epean, gehienez ere, ebatziko du auzia.

 

Emaitzen jakinarazpena eta berrikusketa

1.- Emaitzak jakinaraztea

  • Ikasleak eskubidea du irakasgaiko irakaskuntza gidan jasotako ebaluazio jarduera bakoitzeko kalifikazioa jakiteko. Kalifikazio horiek behin-behinekoak izango dira, lehen batean.
  • Ebaluazio jardueren eta proben emaitzak jendaurrera zabalduko dira gehienez ere 30 eguneko epean, eta seihilekoko azken ebaluazio probaren eguna baino 3 egun baliodun lehenago gutxienez, eta errekuperazio probarako ere berdin.
  • Ikasleak eskubidea edukiko du behin-behineko kalifikazioa ezagutzeko errekuperatzeko ebaluazio proba egin baino 3 egun baliodun lehenago, gutxienez.
  • Seihileko akademikoaren amaierako errekuperatzeko ebaluazio aldia amaitzean jakinaraziko zaio azken kalifikazioa ikasleari, aktara pasatu baino lehen.

2.- Berrikusketa

  • Ikasleak eskubidea du ebaluazio proba eta lan guztien kalifikazioak pertsonalki berrikusteko, baita kalifikazioa jarri zuen irakaslearen ahozko azalpen guztiak jasotzeko ere.
  • Ebaluazio proba baten arduradunak diren irakasleak, beren kalifikazioak beste proba batean parte hartzea baldintzatzen duenean, jendaurrean jarri beharko dute kalifikazioa, eta berraztertu, gutxienez 3 egun baliodun lehenago. Adierazi beharko dute, halaber, kalifikazioarekin batera, berrikusketa non, zer egunetan eta zer ordutan egingo den.
  • Behin-behineko azken kalifikazioak jendaurrera zabaltzearekin batera, berrikusketa non, noiz eta zer ordutan egingo den jakinaraziko da, jendaurrean, gutxienez 2 egun baliodun lehenago. Berrikusketa egiteko epea, gutxienez, egun batekoa izango da, goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin.
  • Azken kalifikazioa berrikusi ondoren, ikaslea ados ez badago, errekurtsoa jar dezake; horretarako idazkia egin behar dio dagokion Saileko edo Sailetako zuzendariari eta bertan arrazoiak eman, berrikusketa egin ondoren, 2 egun balioduneko epean. Saileko edo sailetako hiru kidek osatzen duten epaimahai batek, zeinean irakasgaia ematen duten irakasle-taldeko inor ezin egongo baita, ebatziko du 10 eguneko epean, gehienez.
  • Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa jartzen ahal da errektorearen aurrean, baina errekurtsoak ez du geldiaraziko akten betetzea eta ematea.


 

Aniztasun funtzionalari arreta (ADNH)

Desgaitasunaren, ikastearen nahasmenduaren eta arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren (ADHN) ondorioz behar bereziak dituzten ikasleek gainerako ikasleek dauzkaten berme berak edukiko dituzte beren ebaluazio prozesuetan.

Ikasle hauek Unibertsitateari jakinaraziko diote beren egoera, eta hark Gizarte Ekintzarako Unitatera bideratuko ditu, balioespena egin eta dagozkien baliabideak, mekanismoak eta laguntzak ezartzeko.

Azterketak egiteko behar diren egokitzapenek eduki ditzakete metodologia desberdinak, laguntza teknikoak, azterketa denboraren aldaketak, egutegi akademikoaren malgutasuna edota beste zenbait jarduketa, ikasleen banakako balioespena kontuan hartuz, baina eskatzen den maila akademikoa jaitsi gabe.

 

Kalifikazio sistema

1.- Kalifikazioak

Irakasgai bakoitzaren ebaluaziora aurkezten den ikasleari 0 eta 10 arteko kalifikazioa ezarriko zaio, hamarren bakarrarekin:
     0-4.9:      Ez gainditua (EG)
     5.0-6.9:   Gainditua (G)
     7.0-8.9:   Oso ongi (OO)
     9.0-10:    Bikain (B)
     9,0-10:    Ohorezko Matrikula (OM)

Matrikulatu diren eta ebaluaziora aurkeztu diren ikasleen kopuruak horretarako bidea ematen badu, ECTS eskala izena duen eskala nominala gehituko da:
      A: irakasgaia gainditzen duten kalifikazio hoberenen % 10en artean dago kalifikazioa.
      B: kalifikazioa hurrengo % 25en artean dago.
      C: kalifikazioa hurrengo % 30en artean dago.
      D: kalifikazioa hurrengo % 25en artean dago.
      E: kalifikazioa hurrengo % 10en artean dago.
      Irakasgaia gainditu ez bada, F izendapena aplikatzen da. FX kalifikazioa erabiltzen ahal da irakasgaia gainditzetik hurbil dagoela adierazteko, eta F oraindik hori lortzetik urrun dagoela adierazteko.

2.- Ohorezko matrikula

Ohorezko Matrikula aipamena 9,0 kalifikazioa edo hura baino handiagoa atera duten ikasleei eman ahalko zaie.

Haien kopurua ez da izango ikasturte batean irakasgai bateko irakaskuntza talde berean matrikulaturiko ikasleen % 5 baino handiagoa, ez bada matrikulaturiko ikasleen kopurua 20tik beherakoa, eta kasu horretan Ohorezko Matrikula bakarra eman ahalko da.

 

Iruzurrezko metodoak

Ikasle batek iruzurra egiten badu ebaluazio proba bat egiten duenean, nola baita, esaterako, irakasleek berariaz baimendu ez duten materiala erabiltzea, edo beste pertsona batzuekin informazioa trukatzea edo beste pertsonengandik informazioa lortzea, ez gainditua kalifikazioa jaso dezake, eta zehapena ere bai, aurretik diziplina espedientea irekita.

Aurreko puntuan esandakoa aplikatzen ahalko zaie kopiatzen dutenei eta kopiatu dietenei, azken hauen kasuan ez dutela zintzo jokatu demostratzen bada. Beren materiala zaintzean zabarkeria erakusten dutenek ere zehapena jaso dezakete, baina erantzukizun maila txikiagoarekin.

Ebaluatzeko eskatzen den lan akademiko bat egiteko iruzurra egiten duen ikasleak, esaterako, plagioa eta jatorriz berea ez den materiala (ez bada irakasleak berariaz horretarako baimendutakoa) erabiltzea, nondik lortu duen aitortu gabe, eta, hala badagokio, egilearen baimenik gabe, arriskua du aipatutako lanaren kalifikazio ez gainditua jasotzeko, eta zehapena ere bai, aurretik diziplina espedientea irekita.

Iruzurra egin dela atzematen denean edo susmatzen denean, irakasleak seihileko horretan aldez aurretik egindako ebaluazio probak eta lanak berrikusten ahalko ditu, eta are proba berezi bat egiten ahalko dio ikasle susmagarriari. Berrikusketa egitean, iruzur zantzuak antzematen badira, behin-behineko kalifikazioak aldatzen ahalko dira, ikasleari entzun eta gero, azken kalifikazioak behin betiko mailara jaso baino lehen.