Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Aurkezpena

UNESCOren 2003ko Ondare Kultural Materiagabearen babeserako konbentzioan horrela definitu zen Ondare Kultural Materiagabea (OKM): “taldeek edo, zenbaitetan, norbanakoek, norberaren ondare kulturalaren baitakotzat dituzten ohitura, errepresentazio, adierazpide, ezagutza eta tekniken multzoa, horri datxezkion instrumentu, objektu, tresna eta kultur-espazioekin batera” (UNESCO, 2003). Konbentzioaren testuak dioenez, OKMa belaunaldiz belaunaldi transmititzen da eta hainbat alorretan agertzen da: ahozko tradizio eta adierazpideak, hizkuntza barne ondare kultural materiagabearen garraio den neurrian, espektakuluaren arteak, giza usadioak, erritu eta festa ospakizunak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako usadio eta eta ezagutzak eta artisautza-teknika tradizionalak. Kide diren estatuen OKMaren babeserako UNESCOk abiatutako konpromezuak honako neurriak hartzen ditu bere baitan, besteak beste: “ondare horren alor desberdinen identifikazioa, dokumentazioa, ikerketa, zaintza, babesa, promozioa, balioestehttps://edicion.unavarra.es/Working/congreso-patrimonioinmaterial/presentaciona, transmisioa –irakaskuntza formal eta ez-formalaren bidez batez ere– eta suspertzea” (UNESCO, 2003).

Azken urteetan, eta konbentzio hartatik aurrera batik-bat, OKMarekiko interesa handitzen ari dela ikusi ahal izan da, batez ere komunitateen kulturaren mantenurako ezinbesteko faktore den neurrian, gero eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan. Administrazioetako arduradunak, alor anitzetako ikertzaileak, hezitzaileak eta beste OKMaren garrantzi handia onartzen hasi dira, kultur aniztasuna atxikitzeko, baita kulturen arteko elkarrizketarako eta beste identitateekiko errespeturako ere. Haatik, lanean dihardute munduko hainbat lekutan OKMaren babesa, ikerketa eta transmisioa bultzatzeko, besteak beste Espainiako Gobernuaren Ondare Kultural Materiagabearen Babeserako Plan Nazionalaren bidez (2011).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ondare Kultural Materiagabearen Artxiboaren Katedra Nafarroan zeregin horretan lagundu nahi duten ikerketa taldeetatik bat da, Artxiboan datuak eta lekukotzak bilduz eta gordez, horiek ikertuz eta transmisiorako hezkuntza-materialak sortuz. Katedratik beharrezkoa deritzogu OKMaren gainean diharduten beste eremu eta komunitateetako ikertzaileekiko elkartrukaketari, sortutako ezagutza, garapen teknologikoa eta arrakastaz gauzatu diren edo gauzatzen ari diren hezkuntza arloko zein difusiozko proposamenak partekatzeko. Xede horrekin antolatu da I Nazioarteko Kongresua, honako izenburuarekin: Ondare Kultural Materiagabea: Babesa, Ikerketa eta Transmisioa. Iruñean ospatuko da, 2017ko urriaren 5 eta 6an. Diziplinarteko biltzar zientifikoa izanen da eta OKMaren garapenerako hiru ildo nagusiak hartuko ditu: babesa (identifikazioa, dokumentazioa, inbentariotzea...), ikerketa alor desberdinetatik (hizkuntzalaritza, literatura, artea, soziologia, antropologia...) eta transmisioa (hezkuntza patrimoniala, hedapena eta sentsibilizazioa...).

Kongresuak hitzaldi nagusiak izanen ditu, aldibereko komunikazio saioak ere bai (20 minutu + 10 eztabaidarako), eta baita posterrak ere. Nafarroako Museoan izanen da, leku ezinago atseginean, Iruñea erdi-erdian, Udaletxe plazatik metro gutxitara. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 30. urteurrena ospatuko duen astearen barrenean, bereziki nabarmendutako jarduera da kongresuarena.

Interesa duen oro gonbidatua dago komunikazioak edo posterrak igortzera, kongresuaren hizkuntzetako batean (gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa), eta zehaztutako hiru lerroetako batean.