• ES
  • EU
  • EN

Proiektuak eta jarduerak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile gazteek gidatutako ikerketa-proiektuak, 2026an eta 2027an gauzatzekoak

Eskaerak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 2ra arte luzatu da

Deialdiaren xedea

Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatzen diren eta ikertzaile gazteek gidatzen dituzten ikerketa-proiektuen garapena bultzatzea da deialdi honen xedea.

Proiektuak banakakoak edo koordinatuak izaten ahal dira, baina denek izanen dute gutxienez urtebeteko iraupena, eta 2 urtekoa gehienez.

Banakako proiektutzat hartzen dira ikerketa-talde bakarra eta ikertzaile nagusi bakarra (IN) duten proiektuak.

Koordinatutako proiektutzat hartzen dira nahitaez bi ikerketa-talde dituzten proiektuak, non bi azpiproiektu egonen baitira. Horrek esan nahi du taldeek zeregin osagarriak eta koordinatuak eginen dituztela. Proiektu koordinatuetan, ikertzaile nagusi bat dago azpiproiektu bakoitzean, eta ikertzaile hori arduratzen da azpiproiektua gidatzeaz. Horrenbestez, proiektu koordinatu bakoitzean bi ikertzaile nagusi arituko dira.

Baldintzak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-taldeek eskatzen ahalko dituzte banakako proiektuak edo proiektu koordinatuak garatzeko laguntza horiek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

- Ikertzaile nagusia –koordinatutako proiektuen kasuan, bi ikertzaile nagusiak– lanaldi osoko irakasle doktorea izan behar da, edo Europar Batasunera, Espainiara edo autonomia-erkidegora talentua erakartzeko programaren bateko dirulaguntza jasotzen duen doktorea. Azkeneko kasu horretan, Ikerketa Batzordeko Batzorde Iraunkorraren onespena eduki behar du, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa izan, eta zerbitzu aktiboan egon eskabideak aurkezteko azkeneko egunean eta proiektua gauzatu bitartean. Talentua erakartzeko dirulaguntzaren ikerketarako poltsa 10.000 €-tik gorakoa bada, ez da deialdi honetan sartuko halako dirulaguntza duen ikertzailerik.

- Ikertzaile nagusiek doktore titulua 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera lortua izan beharko dute. Emakumezko ikertzaileen kasuan, data hori urtebete luzatuko da 2015eko urtarrilaren 1a baino ondoren jaiotako seme-alaba bakoitzeko, edo harreran hartutako haur bakoitzeko.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eta ikertzaileak proiektu edo azpiproiektu bakoitza garatzen duen ikerketa-taldeko kide izaten ahalko dira, jardunean baldin badaude eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta proiektua garatzen den denbora guztian. NUPekoak ez diren ikertzaileak ezin dira izan ikerketa-taldeko kide, baina bai ikertzaile lankide, eta haien parte-hartzea aditzera eman behar da memoriaren lan-planean.

- Ez ikertzaile nagusiak, ez ikertzaile taldeko kideak ezin izanen dira agertu deialdi honetako eskaera batean baino gehiagotan. Halakorik gertatzen bada, ikertzaile horrek eskaerei uko egin beharko die baldintza betetzen den arte, edo, bestela, baliogabetu eginen dira hura agertzen den eskaera guztiak.

- Ikertzaile batek proiektu edo azpiproiektu bakar batean parte hartzen ahalko du.

- Ikertzaile nagusiak ezin dira ikertzaile nagusi gisara laguntzen onuradun izan, ez lehen eta ez orain, ikerketa proiektuak garatzeko I+G+b-ko Plan Nazionaleko edo Estatu Planeko deialdietan.

- Ikertzaile nagusiak ezin dira ikertzaile nagusi gisara dirulaguntzen onuradun izan, ez lehen eta ez orain, NUPeko ikertzaile gazteek gidatutako ikerketa-proiektuak garatzeko dirulaguntzen lehenagoko deialdietan, salbu eta proiektua urtebetekoa izan bada edo deialdi honetan dirulaguntza eskuratu nahi duen proiektuak gehienez urtebeteko iraupena badu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikorako esteka