• ES
  • EU


Iragarki Ohola


Mikrokontakizun Juridikoen II. "Kafka" Saria 2017

NUP 2017 Kultura Proiektuen deialdiaren barruan aukeratutako jarduera

Zientzia Juridikoen Fakultateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzarekin lankidetzan, "Mikrokontakizun Juridikoen II. Kafka Saria" izenekoaren deialdia egin du. Bi helburu dauzka: ikasleen sormen literariorako gogoa piztea eta giza ekintza ororen dimentsio juridikoa erakustea, bai haren alderdi pertsonalean, bai sozialean ere.

Sariaren izena idazle handi batena ere bada, zeinak, jakina denez, Zuzenbidea ikasi baitzuen eta jurista lanetan aritu baitzen aseguru konpainia batean, eta, aldi berean, bere bokazio literarioa garatu baitzuen literatura unibertsalaren lan eragingarrienetako batekin. Bereziki nabarmendu zen bere nobela eta kontakizun motzengatik.

Oinarriak

Lehena.- Deialdiaren xedea.

Zientzia Juridikoen Fakultateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzarekin lankidetzan, antolatu duen "Mikrokontakizun Juridikoen II. Kafka Saria" izenekoak xedetzat du literaturarako talentuak aurkitzea, idazteko interesa sustatzea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztien sormena garatzea. Halaber, idazte lana aldarrikatu nahi da, Zuzenbidea eta bizitza bere eguneroko alderdi arruntenetan lotzeko modu bat den aldetik.

Bigarrena.- Sari modalitateak.

Epaimahaiak bi sari modalitate zehaztu ditu:

.- 2016an Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazio ofizialetan matrikulatutako ikasle diren autoreentzako saria, bi kategoriatan:

1.- Lehenengo saria, zeinak 200 euroko diru-zuzkidura baitu.

2.- Bigarren saria, zeinak 100 euroko diru-zuzkidura baitu.

.- Deialdia argitaratzen denetik erabakia argitaratzen den arteko epean Nafarroako Unibertsitate Publikoko AZL taldekoak edo Irakasle-Ikertzaileak diren autoreentzako saria. Diru-zuzkidurarik gabekoa da.

Hirugarrena.- Mirokontakizunen ezaugarriak.

1.- Lehiaketaren antolatzaileek esaldi bat proposatuko dute testuaren hasiera gisa. Parte-hartzaileek mikroipuin moduan jarraitu behar dute, eta ondorio juridikoak dituen egoera sozial bat islatu beharko dute.

2.- Mikrokontakizun bakoitzak izenburu bat eduki behar du aurrena, gaztelaniaz idatzia egon behar du, gehienez 120 hitz eduki behar ditu (izenburua eta hasierako esaldia kanpo) eta esaldi honekin hasiko da: “Buruarekin ezetz esan zuen emakumeak, eta pentsatu zuen: azkenean justizia egin da”.

3.- Mikrokontakizunak originalak behar dute izan, eta argitaragabeak. Parte-hartzaileak izanen dira erantzule, hirugarrenen batek erreklamazioren bat aurkezten badu proiektuaren egiletza edo eta originaltasuna dela kausa.

Laugarrena.- Balioesteko irizpideak.

Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat, parte-hartzaileen lanak balioesteko garaian:

1.- Istorioaren originaltasuna eta nolako trebetasuna duen idazleak hizkuntza baliabideak erabiltzen irakurlearen interesa harrapatzeko.

2.- Gai juridikoak eta bizitzaren eguneroko alderdiak lotzeko trebetasuna, eta juridikoki zuzen erabiltzen diren proposatu diren gaiak.

3.- Egilearen sentiberatasuna inplikazio juridikoak dauzkan istorio labur bat kontatzeko eta amaiera erakargarri bat emateko.

Bosgarrena.- Hautagaiek bete beharrekoak.

1.- Parte hartzeko modua indibiduala izanen da.

2.- Lehiakide bakoitzak gehienez ere testu bat aurkezteko aukera dauka.  Parte hartzeko eskakizun hori betetzen ez badu, lehiakidea ez dute onartuko edo, bestela, lehiatik baztertua geratuko da.

3.- Ez dira onartuko oinarri hauen bigarren klausulan ezarritakoak betetzen ez dituzten pertsonen hautagaitzak.

Seigarrena.- Agiriak eta aurkezteko epea.

"Mikrokontakizun Juridikoen II. Kafka Sarian" parte hartzeko interesa dutenek agiri hauek bidali beharko dituzte posta elektroniko bidez facultad.cienciasjuridicas@unavarra.es helbidera, maiatzaren 2a baino lehen:  

Mezuaren gorputzean lehiaketan parte hartzeko eskaera aurkeztuko da, eta bertan partaide bakoitzaren datuak azalduko dira (izen-abizenak, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa, ikastegia, campusa, kontakizunaren izenburua eta Word formatuan den kontakizunean agertzen den izenordea).
Dokumentu erantsian aurkeztuko da kontakizunaren testua, Word formatuan, 12ko gorputzean, tarte bikoitzarekin eta egilearen izen edo sinadurarik gabe. Lan guztiek egileren izenordea edukiko dute orrialde bakoitzean, eta, halaber, kontakizunaren izenburua eta testua hasteko esaldia.
Zientzia Juridikoen Fakultateak bermatu eginen du lan guztien anonimotasuna gordeko dela, epaimahaikideek hauta ditzaten eta erabaki zein izanen diren saridunak kontakizun horiek nork idatzi dituen jakin gabe.

Zazpigarrena.- Sariak ematea.

1.- Epaimahaikideek, sari kategoria bakoitzaren kasuan, bost finalista hautatuko dituzte kontakizun guztien artetik, eta hautatu dituztenen izenak argitaratuko dituzte Zientzia Juridikoen Fakultateko webgunean maiatzaren 15ean.

2.- Epaimahaiaren erabakia Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da jendaurrean, Zientzia Juridikoen Fakultatearen eguneko ekitaldian, hots, maiatzaren 19an. Lehiakide sarituak agertu behar dira sariak emateko ekitaldira, edo, etortzerik ez badute, haien ordezkariak. Lehiakide saritu bat edo bere ordezkaria sariak banatzeko ekitaldira agertzen ez bada, saria eman gabe utzi dela aldarrikatuko da besterik gabe.

3.- Epaimahaiak beretzat gordetzen du saria eman gabe uzteko aukera.

 Zortzigarrena.- Sarituen betebeharrak.

1.- Sarien zuzkidura saridunek nahi bezala erabiltzeko modukoa dela ulertuko da, eta interesdunei gehienez ere hiru hilabeteko epean ordainduko zaie, sariak emateari buruzko ebazpena webgunean argitaratzen denetik.

2.- Sari horiek lan errendimendutzat jotzen dira, eta atxikipen ehunekoa lortuko da PFEZaren Arautegiaren 71. artikuluan ezarritako taula eta jarraibideei jarraituz.

3.- Deialdiaren oinarriak ez betetzea, edo datuak ezkutatzea, aldatzea edo haietan iruzur egitea erabakia atzera botatzeko zioak izan daitezke, eta, hala gertatuz gero, sariagatik hartu den dirua itzuli beharko da.

Bederatzigarrena.- Sarien epaimahaia.

Kide hauek osatuko dute sariaren epaimahaia: Unibertsitatearen Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa eta Zientzia Juridikoen Fakultateko Zuzenbide Graduaren dekanorde arduraduna, edo, bestela, aurrekoek eskuorde izendatzen dituztenak.

Hamargarrena.- Eskubideak lagatzea.

Deialdi honen babesean saritzen diren kontakizunak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jabetzakoak izanen dira. Horrek esan nahi du saridunek lagatu egiten dutela lan sarituak edozein formatutan argitaratzeko eskubidea, hedatzeko edo ustiatzeko eskubidea edo beste edozein eskubide. Saridunek ez dute eskubiderik hori dela-eta, lansari, ordainsari edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.

Saritua izateak egile-eskubideak lagatzea dakar, egileen eskubide moralak galarazi gabe.

Hamaikagarrena.- Oinarriak onartzea.

Sarira aurkezteak esan nahi du osorik onartzen direla deialdiaren oinarriak.

Dokumentazio gehigarria:



UBICACIÓN EN EL CAMPUS
Localización

Programa LYDER "Literatura y Derecho"

Facultad de Ciencias Jurídicas
Edificio Las Encinas (Segunda Planta)
Campus de Arrosadia
31006 Pamplona
Tel. (+34) 948 16 6001
(+34) 948 16 6220
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua