• ES
  • EU
  • EN


Unibertsitateaz


NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN XEDEA ETA IKUSPEGIA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) xedea da gizartearen aurrerapenari ekarpenak egitea jakintza kulturala, zientifikoa eta teknikoa sortuz, zabalduz eta transmitituz, eta pertsonei prestakuntza osoa ematea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak osotasuna, berrikuntza, ahalegina eta ingurunearekiko erantzukizuna defendatzen ditu balio gisa, eta, bere ikuspegian, unibertsitate dinamiko baten aldeko apustua egiten du, zeinak Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialari nabarmen laguntzen baitio, autonomia-erkidegoan, Espainian eta nazioartean jardunez.

UNIBERTSITATEA, INGURUNEAREKIN KONPROMETITUA

1987an sortu zuen NUP Nafarroako Parlamentuak. Unibertsitate publikoa da, bi campus ditu, bat Iruñean eta bestea Tuteran, eta tamainaz txikia da, Espainiako unibertsitateen testuinguruan. Jarduera akademikoa ingeniaritza, zientziak, osasun-zientziak, gizarte zientziak eta zientzia juridikoak jakintza-arloetan gauzatzen du, eta, bestalde, alderdi politekniko handia dauka. Espainiako unibertsitateen goiko taldean dago, bai irakaskuntzan eta ikerketan, baita transferentzian ere; izan ere, Espainiako beste hamasei unibertsitate publikorekin batera, produktibitate globalik handiena daukatenen lehen kuartilean dago (ISSUE rankinga 2017, BBVA-IVIE).

NUPen beste lehentasunetako bat erantzukizun soziala da, haren alderdi guztietan, eta hainbat jarduera egiten ditu arlo horretan, gaurgero ibilbide luzea dutenak. NUP izan da Unibertsitate Osasungarrien Espainiar Sarearen bultzatzaile nagusietako bat, eta bizimodu osasungarriak sustatzeko programa espezifikoak martxan jarri dituelako gailendu da. Oso erraza da bi campusetara iristea, eta, beraz, oztoporik gabe integratzen dira desgaitasunen bat daukaten pertsonak. Horrez gain, erabateko konpromisoa hartuta dauka guztientzako aukera berdintasunarekin.

Elkartasuna eta berdintasuna aldarrikatzen ditu bere ekimen aitzindarietan, eta pertsonen prestakuntza osorako funtsezkoak diren balioak sustatzen ditu. Hori dena, gero, tokiko zein nazioarteko boluntariotzako hainbat programatan gauzatzen du, baita herrialde behartsuenekin egiten diren garapenerako unibertsitate lankidetzako ekimenetan ere, eta, nola ez, NUPen hezteko eta sortzeko gaitasunak gizarte osora proiektatuz.

 

IRAKASKUNTZA, IKERKETA ETA TRANSFERENTZIA

Unibertsitateak irakaskuntzarekin eta Europako Unibertsitate Eremuarekin daukan konpromisoari esker, martxan jarri ahal izan dira graduko 22 titulazio (horietatik, 18 gradu + hizkuntzak eta 10 gradu + espezializazioa), 3 gradu bikoitz, nazioarteko 9 programa, 26 unibertsitate-master (horietatik 5 lanbidean aritzeko gaitzen dutenak), 13 doktoretza-programa eta 28 titulu bereki. 

Ikasleek oso aintzat hartzen dute Unibertsitatean ematen den irakaskuntzaren kalitatea. Graduko ikasketetako tituludunen % 89k gomendatuko lieke NUP beste pertsona batzuei (Egresatuen inkesta, 2014), eta % 92k masterreko ikasketen kasuan. Ikasle/irakasle ratioari dagokionez, Unibertsitatea 15.a da 47 unibertsitate publiko presentzialen artean (Unibertsitateari buruzko Informazioaren Sistema Integrala, SIIU, 2015-16 ikasturtea), eta horri esker irakaskuntza oso gertukoa eta pertsonalizatua da. Horrek 4. postuan jartzen du irakaskuntza-produktibitatearen sailkapenean, Espainiako beste 13 unibertsitate publikorekin batera (ISSUE rankinga 2017, BBVA-IVIE).

Irakaskuntza-eskaintza bere ingurune sozioekonomikora egokitzen da: graduko egresatuen % 65 eta masterrekoen % 84 lanean ari da titulua bukatu eta bi urtera (Egresatuen inkesta, 2014). Kontuan hartu behar da graduko ikasle askok bere prestakuntza segitzen duela master ikasketekin —batzuetan, master hauek lanbidean aritzeko gaitzen dute—, eta horregatik geroago sartzen dira lan merkatuan. Bi datuok, bakoitzak bere testuinguruan, lan munduan sartzearen indizea ona dela erakusten dute.

Irakaskuntza, ikerketa eta transferentziari dagokienez, ehunen bat ikerketa-taldek eta 900 ikertzailek baino gehiagok gauzatzen dute. Irakaskuntza eta ikerketa lau fakultateren, goi-mailako bi eskolaren, doktoretza-eskola baten eta hamaika sailen inguruan antolatzen dira.

Lehiakortasunaren aldeko apustuan, NUPek 4 ikerketa-institutu sortu ditu, zeinak 270 ikertzailek baino gehiagok osatzen baitituzte: Institute of Smart Cities (ISC), Institute for Advanced Materials (InaMat), Institute for Advanced Research in Business and Economics (Inarbe) eta Institute for Innovation and Sustainable Development in Food Chain (IS-Food). Horrez gain, Navarrabiomed (Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuarekin) eta Agrobioteknologiako Institutua (CSICekin eta Nafarroako Gobernuarekin) zentro mistoetako kide da.

NUPek puntako oinarrizko ikerketa garatzen du esparru ugaritan, eta hori lagungarria da bai inguru hurbileko garapen ekonomiko eta sozialerako, bai eta oinarrizko ikerketa berrikuntza bihur dadin ere.

Ikerketa-produktibitateko jarduera horien emaitzek, Espainiako unibertsitate publiko presentzialen bigarren kuartilean kokatzen dute NUP (CyD_U-Multirank rankinga, 2017). Ikerketaren bikaintasunaren indizeari dagokionez, hots, gehien aipatutako % 10en artean dauden lanen ehunekoari, NUP batezbestekoaren gainetik kokatu dute (8,7 NUPek eta 7,97 batezbestekoa). Halaber, errendimendu handiko unibertsitateen artetik, postu azpimarragarria lortu du ikerketan diharduten unibertsitateko irakasleen kalitatearen adierazleari dagokionez, zeina lortutako seiurtekoen eta lor zitezkeen seiurtekoen kopuruen arteko ratioaren bidez neurtzen baita (ISSUE rankinga, 2017, BBVA-IVIE).

ALIANTZA ESTRATEGIKOAK ETA NAZIOARTEKOTZEA

NUP Unibertsitateen G-9 Taldearen egoitza da, hots, Espainian beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra direnek osatzen duten elkartearena:  Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Illes Balears, Errioxa, Oviedo, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Publikoa eta Zaragoza. Guztira, 170.000 ikasle presentzial inguru biltzen ditu. Bere xedea da taldeko unibertsitateen arteko harremanak bultzatzea, eta beren unibertsitate-komunitateek irakaskuntza- eta ikerketa-jardueretan lankidetzan jardun dezaten sustatzea.

Halaber, NUPeko, Zaragozako, Errioxako eta Lleidako unibertsitateekin batera, Campus Iberus osatzen du, eta Hezkuntza Ministerioak Nazioarteko Bikaintasun Campusaren (CEI) aipamena eman dio. Proiektu hau hiru espezializazio-arlotan oinarritzen da: bizi-kalitaterako materialak eta teknologia (bi alderdirekin: osasunerako teknologia, eta energia eta ingurumena); nekazaritzako elikagaiak eta nutrizioa; eta oroimena, ondarea eta identitateak.

Bestalde, enpresa- eta gizarte-ehunarekin loturak sustatzeko xedez, NUPek eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioak hitzarmen ugari dituzte hainbat instituziorekin eta enpresa- eta gizarte-erakunderekin. Izan ere, 2017an 493 enpresak hartu zuten parte ikasleentzako eta tituludunentzako praktika-programetan.

Nazioartekotzeari dagokionez, alderdi nabarmenetako bat ikasleen, irakasleen eta AZLen mugikortasuna da. Lehen kasuan, eta azken ikasmailetan, graduko 350 bat ikaslek, kopuru osoaren % 5,2k, beren ikasketen parte bat munduko 50 herrialde baino gehiagotako unibertsitateetan egiten dute. NUPek, bestalde, urtero 200 bat ikasle atzerritar hartzen ditu. Datu horiek Unibertsitatea oso postu nabarmenean kokatzen dute Espainiako unibertsitateen artean nazioarteko mugikortasunari dagokionez, eta hori azpimarragarriagoa da NUPen tamaina kontuan hartuta.

Kontuan hartzekoa da, baita ere, 2016-17 ikasturteko graduatuen % 27k mugikortasun-programetan parte hartu zutela. Halaber, Unibertsitateak hitzarmenak dauzka 50 herrialdetako 300 unibertsitaterekin baino gehiagorekin bere ikasleen, irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen mugikortasuna garatzeko. Horien artean, azpimarratzekoak dira Txinako kalitate handiko 14 unibertsitaterekin dauzkan hitzarmenak (besteak beste, Sun Yat-Sen, Beijing Jiatong eta East China Normal University), baita Taiwango unibertsitateekin dauzkan beste 3 hitzarmen ere.

Irakasleei dagokienez, NUPeko ikerketa-taldeak beste herrialde batzuetako taldeekin etengabeko harremanean daude, lanak, patenteak eta argitalpenak elkarrekin egiten dituzte, eta aktiboki parte hartzen dute nazioarteko biltzarretan. Horrek guztiak Espainiako unibertsitate presentzialen bigarren kuartilean ipintzen du NUP bere ikerketa nazioartekotzeari dagokionez, eta, hori neurtzeko, kontuan hartzen da argitalpenen zer ehunekok daukan beste herrialde batean afiliatutako egile bat gutxienez (CyD rankinga, 2017).


INSTALAZIOAK
Acceso a Instalaciones

IRAKASKUNTZA EGUTEGIA
Acceso a la información sobre el calendario académico

Egoitza eletronikoa
Acceso a la Sede Electrónica

Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Arrosadiko campusa
Pamplona-Iruña
Tel. 948 169000948 169000 948 | 169096
Fax. 948 169169
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua

Tuterako campusa
Avda. de Tarazona s/n
31500 Tudela
Tel. 948 417800
Fax. 948 417892
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua