Doktoretzako ikasleak Francisco Herrerarekin (erdian, lehen lerroan) eta, haren ezkerrean, Mikel Galar NUPeko Tracasa Katedraren zuzendaria.
Doktoretzako 15 ikaslek Iruñeko Arrosadiko campuseko mintegi batean parte hartu dute konputazioren zientziei eta adimen artifizialari buruzko lanak aurkezteko eta arlo horietako ikerketari ikusgarritasuna emateko. Saioa Adimen Artifizialaren bigarren Astean egin da, eta Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak (NUP) antolatu du, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin lankidetzan.
Doktoregaien aurkezpenez gain, jardunaldia Francisco Herreraren hitzaldi zientifikoarekin hasi da: “Zientzia fikziotik Adimen Artifizial sortzailera eta Adimen Artifizial fidagarrira: berrikuntzaren 70 urte”. Granadako Unibertsitateko katedradunak azpimarratu du Adimen Artifizialak egungo bizitzan duen eragina. Horren erakusgarri Fisikako eta Kimikako azken bi Nobel sariak, zeinak diziplina horrekin lotutako aurrerapenei eman baitzitzaizkien aurreko astean. Horretara iristeko, iraganari heldu dio, Adimen Artifizialaren aroen berrikuspen historikoa egin baitu: hasi ”60ko hamarkadako hasierako ‘boom’-etik azken urteetako Adimen Artifizial sortzailera iritsi arte, 70eko hamarkadan Adimen Artifizialak izan zuen geldialdia eta 80ko hamarkadako “berpiztea” barne. Azkenik, “Adimen Artifizial etiko eta arduratsuaren” beharra defendatu du, eta hori lortzeko funtsezko alderdiak aipatu ditu, hala nola “fidagarria, segurua, sendoa, interpretagarria eta gobernagarria” izatea.
Jardunaldia amaitzeko, Marisol Gómez NAIR Center erakundeko zuzendari zientifiko eta NUPeko katedradunak hitzaldia eman du. Seinale biomedikoen tratamenduan egindako aurrerapenak aztertu ditu (esaterako, elektroentzefalogramak edo elektrokardiogramak). Aurrerapen horiek batez ere, batez ere, ikaskuntza sakoneko teknikei esker egin dira, eta teknika horien mugak azaldu ditu ikertzaileak. Hala, adibidez, adierazi du datuak eskuratzea oso garestia dela edo sareak entrenatzeko datu kopurua artifizialki handitzeko teknikak falta direla. Abantailak ere aipatu ditu; esaterako, ezaugarrien erauzketa eta deskodetzea batera egiten direla. Hitzaldiaren izenburua “Adimen Artifiziala bioseinaleen prozesatzean: aurrerapenak eta aplikazioak” da. Hitzaldia amaitzeko, erabileraren bi kasu arrakastatsu azaldu ditu: loaren faseak deskodetzea edo epilepsia detektatzea.