• ES
  • EU
  • EN


[Ikasleak]

Lizarrako Jorge Valencia Antón ikaslea notarik altuenarekin sartu da NUP-eko graduko lehen ikasmailan

Ikaslea 13,53 puntu lortuta sartua da, gehieneko puntuazioa 14 izanik, eta Industria Teknologietako Ingeniaritzaren Nazioarteko Programa egingo du

zoomJorge Valencia Antón ikaslea NUPeko campusean.

Jorge Valencia Antón ikaslea NUPeko campusean.

Jorge Valencia Antón Nafarroako Lizarran bizi da, eta notarik altuenarekin sartu da irailetik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko lehen ikasmaila egiteko matrikulatu diren ikasle guztien artetik. 18 urteko ikasleak 13,53ko puntuazioa eduki du, ateratzen ahal zen gehieneko nota 14 izanik. Puntuazio hori Batxilergoko noten eta Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (BEUS, aurten lehen aldiz egin dena) proban ateratakoaren batez besteko nota da. Industria Teknologietako Ingeniaritzaren Nazioarteko Programa egingo du Unibertsitateko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (TIIGMET). Nazioarteko Programa aurtengo ikasturteko berrikuntza bat da. Izan ere, aurten, NUPek gradu-mota hauen eskaintza handiagotu egin du, ikasleen nazioartekotzeko helburuarekin bat eginez. 

Jorge Valencia Antónek G ereduan ikasi zuen (gaztelaniaz oso-osorik) Zientzietako Batxilergoa Lizarrako Nuestra Señora del Puy ikastetxean. Ziklo hau osatzen duten bi ikasmailetan atera zuen batez besteko nota 9,93 izan zen. BEUSen atera zuen batez besteko nota 9,63 izan zen. Nahitaezko fasean lortu zuen notarik altuena 9,75 izan zen, ingeles irakasgaian, eta borondatezko fasean 10 bat atera zuen Marrazketa Teknikoa II irakasgaian. Batxilergoko nota, BEUSkoa, nahitaezko fasekoa eta borondatezko fasekoa batu eta gero, eta egin beharreko ponderazioak egin eta gero, ikasle honek atera zuen nota 13,53 izan zen.

Gazte hau, beste 1.700 ikasle bezala, gaur etorri da, irailaren 1ean, NUPek antolatzen duen Ongietorria Emateko Egunera. Astelehenean, irailaren 4an, klaseak hartzen hasiko da, graduko beste ikasleekin batera, orduantxe hasiko baita ikasturtea.