• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ikertzaile batek aztertu du nekazaritzan asko erabiltzen diren herbizida batzuek zer nolako efektua daukaten landareen fisiologian

Miriam Gil biologoaren lanak bidea ematen du herbizidak ekoizteko, gaur egun merkaturatzen diren herbizidek inhibitzen dituzten prozesuak ez, eta beste prozesu batzuk inhibitzen dituztenak

zoomMiriam Gil Monreal biologoa, NUPeko doktore berria.

Miriam Gil Monreal biologoa, NUPeko doktore berria.

Miriam Gil Monreal biologoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen doktoretza tesian, aztertu du nekazaritzan asko erabiltzen diren herbizida batzuek zer nolako efektua sortzen duten landareen fisiologian. Ikerketa honek bidea ematen du herbizidak ekoizteko, gaur egun merkaturatzen diren herbizidek inhibitzen dituzten prozesuak ez, eta beste prozesu batzuk inhibitzen dituztenak. Horrela, konposatu hauei aurre egiten dieten belar txarren garapena galarazten ahalko litzateke, belar txar horiek galera handiak sortzen dituztelako laboreetan.

“Herbiziden erabilerak nabarmen laguntzen du, gaurko nekazaritzan, ekoizpena handia izateko, belar txarrak kontrolatzen dituelako —azaldu du Miriam Gilek—. Hala ere, konposatu hauen erabileraren eraginkortasuna txikiagotzen ari da, produktu horien efektua jasaten duten belar txarrak gero eta azkarrago garatzen direlako.

Herbizidek landareetan sorrarazten dituzten efektuak ezagutzeko, eta beraz, landareen heriotza zerk eragiten duen jakiteko, Miriam Gilek aztertu du aminoazidoen biosintesiaren inhibitzaileak diren bi herbizidek (Glifosato eta Imazamox) sorrarazten dituzten prozesu fisiologikoak. Beste hitz batzuekin esateko, bi produktu horiek inhibitzen dute landareen hazkunde eta garapenaren erregulazioan, besteak beste, parte hartzen duten molekula batzuen prozesu biokimikoa. Herbizida horien beste ezaugarri bat da beste batzuek baino toxikotasun txikiagoa dutela animalientzat (ugaztunak ere barne).

“Herbizidek entzima edo itu ezberdinak inhibitzen dituzte, baina tratatutako landareetan sortzen dituzten efektu fisiologikoak berdinak dira, eta landareen heriotza eragiten dute mekanismo antzekoak erabiliz”, esan du doktore berriak. Natura Ingurunearen Zientzien Saileko Mercedes Royuela Hernando eta Ana Zabalza Aznárez irakasleek zuzendu dute tesia, bikain "cum laude" lortu duena.

Landareen estresa

Efektu fisiologiko komun horietako bat da etanol hartziduraren indukzioa, zeina baita metabolismo nagusiaren ordezko ibilbide bat, oxigeno falta dela-eta estres egoeran dauden landareetan aktibatzen dena. Azterketa honen originaltasuna da Miriam Gilek ikertu duela hartzidura herbizidekin tratatutako landareetan eta oxigeno mugarik ez dutenetan, eta ez oxigeno gutxiko egoeretan dauden landareetan. Gilek aztertu duen egoera oso gutxi ikertu da, eta beste egoera, aldiz, luze eta zabal ukitu da literatura zientifikoan.

Horretarako, landare belarkara bat (Arabidopsis thaliana) eta ilarrak erabiliz, herbizidak aplikatzen zaizkienean, ematen duten erantzunean hartzidurak daukan zeregina aztertu zuen. “Hartziduraren zeregina ezberdina da espeziearen arabera; landare batzuetan bizirik irauteko baliagarria da, eta beste batzuetan herbizidaren toxikotasuna areagotzen du”, esan du.

Hartzidura nola gertatzen den ikertzean, Miriam Gilek aurkitu du modu ezberdinean aktibatzen dela herbizidekin tratatutako landareetan edo oxigeno falta pairatzen dutenetan. Gainera, baieztatu du landareak pirubatoarekin tratatzen direnean, pirubatoak laguntzen duela hartzidura aktibatzen. Pirubatoa arnasketa prozesuan sortzen den molekula bat da, giltzarria dena zelularen metabolismoan.

“Landareak herbizidarekin tratatzen direnean, beste efektu batzuk sortzen dira, pirubatoa kontsumitzen duten eta hartzidura ez diren beste prozesu metaboliko batzuk sortzen direlako. Orain arte deskribatu gabeko herbiziden efektu komunak aurkitu ditugu. Eta landareetan aktibatzen diren prozesuak ezagutzea ongi etorriko da ibilbide metaboliko berriak inhibituko dituzten herbizidak garatzeko", bukatu du.

Curriculum laburra

Miriam Gil Biologian lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta gero Ingurumen Agrobiologiako Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), non ikertzaile aritu baita Natura Ingurunearen Zientzien Sailean.

Bere doktoretza tesia prestatu duen bitartean, bere ikerketen parte bat Bonn-go (Alemania) Landareen Fisiologia Molekular eta Bioteknologiaren Institutuan (IMBIO, ingelesezko siglen arabera) eta Pisako Sant'Anna (Italia) Goi Mailako Eskolan egin du, eta horregatik bere doktoretzak Nazioarteko Aipamena dauka. Miriam Gilek sei argitalpen egin ditu eta hamalau batzarretan parte hartu du, nazionalak zein nazioartekoak.