Hasiera > Irakaslearen fitxa
Paula Kasares Euskal Filologian (Deustuko Unibertsitatean) zein Gizarte eta Kultura Antropologian (Euskal Herriko Unibertsitatean) lizentziatu zen eta ondoren Hizkuntza Plangintzan (EHUn) eta Antropologian (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan) graduondoko ikasketak egin zituen. 2013an Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUPen) doktore maila erdietsi zuen euskararen belaunez belauneko jarraipenaren eta familia euskaldunetako hizkuntza sozializazioaren gaineko tesi baten bidez.
Haren ibilbidea soziolinguistikaren alorrean jorratu du. 1994an euskara teknikari lanetan hasi zen, 2001etik 2003 bitartean Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria. Egun Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria da eta NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle elkartua ere.
Soziolinguistika eta hizkuntza-antropologia alorretako hiru liburu argitaratu ditu:
Hizkuntz eskubideak Euskal Herrian. Zer eskubidez ari garen eta zertan diren (Deustuko Unibertsitatea, 2004).
Euskaldun hazi Nafarroan. Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan (Euskaltzaindia, 2014).
Irurita, euskarari iraunarazi dion herria. Euskararen belaunez belauneko jarraipena Baztanen (1970-2010) (Baztango Udala, 2014).
Orobat, hainbat artikuluren egilea da eta hainbat komunikazio eta hitzaldi eman ditu biltzar-mintegietan, Euskal Herrian nahiz atzerrian.