Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko 25 ikaslek Instrumentazio Elektronikoko Proiektuen II. Biltzarrean parte hartu dute. Erakunde akademikoko Teknologia Elektronikoaren Katedrak eta Ángel María Andueza Unanua irakasleak bultzatutako ekimena da. Topaketak ingeniaritzaren adar batean jarri du arreta. Adar horrek gailu elektronikoak garatzen ditu, aldagaiak neurtzeko eta kontrolatzeko, hala nola tenperatura, argia, presioa edo abiadura. Gailu horiek arlo askotan erabiltzen dira, medikuntzatik hasi eta industriaraino. Ikasleek beraiek asmatu, diseinatu eta fabrikatutako prototipo elektroniko funtzionalak aurkeztu dituzte foroan. Ikasleak Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua (Industria Elektronikako aipamena) ari dira egiten.


Instrumentazio Elektronikoko Proiektuen II. Biltzarrean parte hartu duten ikasleak, irakasleekin batera.
Lanek aztergai zituzten instrumentazio elektronikoaren hainbat alderdi, hala nola sentsoreak, seinalearen egokitzapena, mikrokontrolagailuen programazioa eta kontrol elektronikoa. Horien bidez, ikasleek praktikan jarri dituzte Angel Maria Andueza irakasleak gradu horren hirugarren ikasmailan emandako Instrumentazioa irakasgaian eskuratu dituzten ezagutzak, eta ikasgai horretako amaierako proiektuak gainditu dituzte.


Ideia onenaren sariaren irabazleak. Ezkerretik eskuinera: Alfredo Ursúa, Javier Goicoechea, Cristian Calvo, David Elustondo eta Ángel María Andueza.
Biltzarrean, batetik, poster saio bat egin da, eta bederatzi talde parte-hartzaileek garatutako prototipoak aurkeztu dituzte, eta, bestetik, hiru sari banatu dituen lehiaketa bat. Hala, ideia onenaren saria ikasle hauek osatutako taldeak jaso du auto telegidatu baterako aleroi aktibo bati buruz egindako proposamenagatik: Cristian Calvo Yanguas, David Elustondo Cerdán eta Javier Goicoechea Aparicio.


Poster onenaren sariaren irabazleak. Ezkerretik eskuinera: Alfredo Ursúa, Gabriel Cuesta, Pablo Tobalina, Hugo Collantes eta Ángel María Andueza.
Poster onenaren kategorian, Hugo Collantes Barba, Gabriel Cuesta Galarreta eta Pablo Tobalina López saritu dituzte. “Eguzki sentsorea: PWM kontrola” izeneko lana aurkeztu dute. Panel fotovoltaiko batek ematen duen energia elektronikoki arautzen duen gailu bat da.


Proiektu onenaren sariaren irabazleak. Ezkerretik eskuinera: Alfredo Ursúa, Javier Ponz, Mikel García de Eulate, Ignacio Domínguez eta Ángel María Andueza.
Kamera bat kontrolatzea betaurreko bereziekin
Bestalde, proiektu onenaren saria Ignacio Domínguez Iturralde, Mikel García de Eulate Pascual eta Javier Ponz Casado ikasleentzat izan da FPV Headtracker sistema garatzeagatik. Gailu horri esker kamera baten mugimendua kontrolatzen da kamerari konektatutako ikusmen artifizialeko betaurreko batzuen bidez.


Ikasleak begi animatronikoen proiektua aurkezten. Ezkerretik eskuinera: Jaime Ibarrola Baquero, Hegoi Legarra Marcos eta Sergio Bonilla López.
Sari banaketan, Ángel María Andueza Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle titularraz gain, honako hauek parte hartu dute: Santiago Taínta Ausejo Teknologia Elektronikoaren Katedrako idazkaria, Alfredo Ursúa Rubio eta Antonio Rodríguez García Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendari eta zuzendariordea hurrenez hurren.
NUPeko Teknologia Elektronikoaren Katedrak arlo horretan ezagutza sortzen eta ikasle eta irakasleak modu praktikoan prestatzen lagundu nahi du. Erakunde akademikoak bultzatu du Embeblue, Falcón Electrónica, Grupo Azkoyen, Guinaz, IED, Jofemar eta RS enpresekin batera.