Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek Azkoiengo bi enpresaren instalazioak bisitatu dituzte duela gutxi: Falcón Electrónica eta Azkoyen Group. Tartean Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduko eta Industria Teknologietako Ingeniaritzako Graduko ikasleak eta laborategiko langileak eta irakasleak zirela, 55 lagunek baino gehiagok bertatik bertara ezagutu zituzten beren sektorean liderrak diren bi enpresaren produkzio-prozesuak eta azken teknologiak. Bi enpresa horiek erakunde akademikoaren Teknologia Elektronikoaren Katedrako kideak dira.

zoom visita azkoyen

NUPeko ikasleak, Azkoyen Group enpresak Azkoienen dituen instalazioen aurrean.

Bisitaren helburua zen ikasleak eskualdeko industria-ingurunera hurbiltzea, bertatik bertara ezagutu zitzaten fabrikazio prozesuak eta behin NUPeko prestakuntza amaitutakoan izan ditzaketen aukera profesionalak.

Diego López Torres, Aritz Ozcáriz Celaya eta Carlos Ruiz Zamarreño irakasleek antolatu zuten bisita bi enpresekin batera. Ekimenari esker, ikasleek bertatik bertara ikusi zituzten ekoizpen-prozesuak eta azken teknologiak, bai eta sektoreko profesionalekin hitz egin eta esperientzia praktiko batekin beren prestakuntza akademikoa sendotu ere. 

Ikasleek bi enpresetako langileak izan zituzten lagun bisitan, eta langileek instalazioak erakutsi eta produkzio-lerroen eta ekipoen funtzionamenduaren berri eman zieten.

zoom visita falcon

Ingeniaritzako ikasleak, Falcón Electrónica enpresaren instalazioetan.

Bisitak instalazioetara

Zehazki, Azkoyen Group enpresan, ikasleak enpresaren historian murgildu ziren enpresaren museoaren bidez, eta bere ibilbidean mugarri izan diren makinak ikusi zituzten. Gero, enpresaren bi atal nagusi bisitatu zituzten: “Ordainbideak” eta ”Kafe- eta vending-makinak". Atal horietako bakoitzaren ezaugarri bereziak ezagutu zituzten, eta horiek osatzen dituzten teknologia berritzaileetan eta funtzionamenduan sakondu zuten.

Bestalde, Falcón Electrónican, ikasleek bertatik bertara ikusi zituzten txartel elektronikoak muntatzeko, fabrikatzeko eta testatzeko prozesuak. Zehazki, “through-hole” (osagai zulatuen muntaketa) eta SMD (gainazaleko muntaketa) teknologien erabilera ikusi zuten, baita ekipo mekatronikoen mihiztatze- eta test-prozesuak ere. Amaitzeko, Elang Engineering I+G-ko Zentroa bisitatu zuten, non garatzen baita industria elektronikorako puntako teknologia.

Falcón Electrónica eta Grupo Azkoyen

Falcón Electrónicak 45 urteko esperientzia du, eta elektronika nazionalaren sektoreko enpresa garrantzitsuenetako bat da. Egun, enpresak 200 langile ditu Azkoiengo 7.700 m2-ko instalazioetan eta Iruñeko bulegoetan.     Bere negozio-lerroen barruan daude txartel elektronikoen eta ekipo mekatronikoen hardware eta software diseinua, prototipo eta ziurtagiriak, bai eta serieko fabrikazioa eta produktuaren mantentzea ere. Horrenbestez, balioa eta iraunkortasuna sortzen dute hainbat sektoretako bezeroentzat, hala nola energia berriztagarriak, telekomunikazioak, medikuntza, trenbideak, etab.

Azkoyen Group egoitza nagusia Nafarroan duen multinazionala da, eta espezializatuta dago vending merkatuetarako, ordainbideetarako eta sarbideen segurtasun eta kontrol sistemetarako soluzio teknologiko aurreratuak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen. 1945ean sortu zenetik, teknologiaren aldeko apustua, ikerketa eta produktu berrien garapena izan dira konpainiaren ezaugarri nagusiak. Egun, taldea 95 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta mila laguneko plantilla du.