Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Mendien Nazioarteko Eguna ospatu du UNITA Green Day jardunaldiaren bidez. Jasangarritasunari buruzko jardunaldi bat da UNITA europar aliantzaren kide diren unibertsitate guztietan aldi berean antolatzen dena. Mendien Nazioarteko Eguna, berriz, abenduaren 11n ospatzen da urtero.
Jardueren programa Kulturako eta Kiroletako Unitatearekin lankidetzan prestatu da, eta Javier Peralta de Andrés NUPeko Zientzien Saileko Botanika irakaslearen eskutik Herbarioa eta Arrosadiko campuseko landaretza ezagutzeko egin den bisita gidatu batek eman dio hasiera. Unibertsitateko komunitateko taldeetako ordezkariek hartu dute parte ibilaldian, eta campuseko flora zehatz-mehatz ezagutu dute.
Jarraian, otamen jasangarri eta osasungarria antolatu da Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (ETSIIIT) ekitaldi-aretoan, eta otamena prestatzen lagundu dute Goiza Isiegas Garisoain Akari Gastrotekako sukaldariak eta Idoya Fernández Pan NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko Elikagaien Teknologiako irakasle eta ISFOOD Institutuko ikertzaileak.
Programatutako ekitaldiei amaiera emateko, unibertsitateen jardueran parte hartu dutenentzako baterako jarduera bat egin da. Pedro Gabriel de Almeida geologian aditu eta Universidad da Beira Interior (Portugal) erakundeko irakasleak ”Water Mountains” izeneko hitzaldia eman du, zeina zuzenean eman baitute, eta lehiaketa batek eman dio amaiera jardunaldiari. Lehiaketan, hitzaldiari buruzko galderak egin dira. Unibertsitate bakoitzean puntuazio handiena lortu dutenek UNITA europar aliantzaren eta beren erakundearen sustapen materiala duen “kit” bat jasoko dute datozen egunetan.
UNITA Green Day
UNITA Green Day ekimena aliantzaren lantaldeetako baten barruan dago, hots, jasangarritasun berdea. Lantalde horrek ekintza jarraituak garatzen ditu jardunbide jasangarriei buruz sentsibilizatzeko.
Ekitaldi honen lehen edizioaren bidez, UNITAk bere unibertsitateko komunitateei hurbildu nahi dizkie bai aliantzak bai unibertsitateek garapen jasangarriaren arloan egiten dituzten ekintzak. Orobat bi esparruetan aztarna ekologikoa murrizteko egiten dituzten ahaleginei buruz kontzientziatu nahi zen.
Unibertsitate bakoitzean, jasangarritasunarekin lotutako hainbat jarduera egin dira. Beste jarduera batzuen artean, hitzaldiak, eztabaidak, lantegiak, txangoak, berdegune berrien inaugurazioa eta baita giza ekintzen eta mendietako biodibertsitatearen arteko orekaz kontzientziatzeko sortutako mahai-joko bat ere.
UNITA Green Day jardunaldia Mendien Nazioarteko Egunarekin batera ospatu da. Egun berezia da aliantza osatzen duten hamabi unibertsitateentzat (hamar bazkide eta bi elkartu); izan ere, horiek guztien ezaugarri komuna da mugaldeko lurralde menditsuetan daudela eta hizkuntza erromantzeak erabiltzen dituztela.