Jorge Piquer Roldán NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan Graduatuak irabazi du 4.0 Industriaren Katedraren gradu amaierako lan hoberenei emandako sarien VII. edizioa “Korrontea eta tenperatura kontrolatzeko moduluak laser diodoetan integratzea, zuntz optikozko sentsoreak interrogatzeko” proiektuari esker.
NUPek eta CITI Navarrak (Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoa) osatzen dute 4.0 Industriaren Katedra, eta sariak 1.000 eurokoak dira lehen sarirako eta 200 eurokoak bost finalistetako bakoitzarentzat. Aurtengo irabazlearen izena joan den asteazkenean, azaroak 6, jakinarazi zen CITI Navarraren Eunate lokal multifuntzionalean, “La Final del Ingenio” ekitaldian. Ekitaldian, irabazleaz gain, pertsona hauek parte hartu zuten: Leire Ansó Mainz (Geometric analysis and characterization of plastic strands in the fused granular fabrication), Aitor Aizpun Arruiz ((Fluido konputazionalen dinamikaren bidez bereizgailu hidrodinamiko baten simulazioa eta baliozkotzea (CFD), Ana Remírez de Ganuza Jiménez (Curicóko campuseko gimnasioan eguzki-panel termikoen instalazioaren azterketa eta diseinua) Jaime Bueno Arteaga (Eskalako aeroplano baten diseinu eta analisi aerodinamikoa) eta Sara Muñoz Presentación (Tinyml Applications on ultra-low-power al microcontrollers for time series and image classification).
2024koa sari horien zazpigarren edizioa izan da. Sariak zuzenduta daude Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) graduko edozein titulaziotako unibertsitateko ikasleei, betiere 2023-2024 ikasturtean beren Gradu Amaierako Lana esparru horiekin lotuta egin badute.
Sari horietan baloratzen da arlo jakin batzuetan jakintza sortzea, hala nola fabrikazio aurreratua, industria diseinua, big data, automatizazioa eta robotika, eta efizientzia energetikoa. CITI Navarrako eta NUPeko kideek osatzen zuten sariaren epaimahaia.
4.0 Industriaren Katedra
4.0 Industriaren Katedra 2017an sortu zen NUPen eta CITI Navarraren arteko lankidetza bultzatzeko, ikerketa aurreratua sortzeko, mundu akademikoaren eta enpresa munduaren arteko integrazioa ahalbidetuko duena, bai eta ikasle eta profesionalen prestakuntza praktikoari eta nazioarteko garapenari laguntzeko ere.