Joan eduki nagusira

Gaur, azaroak 8, ostirala, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) amaiera emanen dio Biometria, Administrazio Zuzenbidea eta Datuak izeneko Nazioarteko Kongresuari. Bi egunez, Frantziako, Italiako eta Espainiako hemezortzi hizlarik parte hartu dute, biometria bilakaera teknologiko azkarreko testuinguru batean erabiltzeak dakartzan erronka etiko eta legalak aztertzeko eta administrazio zuzenbidearekin eta datu pertsonalen babesarekin duen lotura aztertzeko. Ia ehun lagunek parte hartu dute saioetan, eta, besteak beste, adimen artifizialaren eta sistema biometrikoen erregulazioan eta araudien analisi konparatuan sakondu dute, baita herritarren eskubideen babesean ere.

zoom Kongresuko hizlari eta antolatzaileak, NAPIren Iruñeko egoitzan.

Kongresuko hizlari eta antolatzaileak, NAPIren Iruñeko egoitzan.

Biometria pertsonak beren ezaugarri fisikoen bidez zehaztasunez identifikatzean datza, hala nola hatz-markak, erretina, irisa edo aurpegiaren ezaugarriak, edo jokabidearen alderdiak, hala nola sinadura edo ibiltzeko modua. Pertsona bakoitzaren ezaugarri bereziak dira, eta, beraz, identitatea egiaztatzeko erabil daitezke. Faltsutzeko edo erreplikatzeko zailak direnez, ezaugarri biometrikoek funtsezko zeregina dute segurtasun sistemetan eta sarbidea kontrolatzeko sistemetan. Gaur egun, hainbat gauzatarako erabiltzen dira, hala nola eraikinetara sartzeko baimena emateko, gailu elektronikoak desblokeatzeko, administrazio-izapideetan identitatea baliozkotzeko eta bankuen autentifikazio sistemetan.

zoom Miren Sarasíbar Iriarte NUPeko Administrazio Zuzenbideko irakasle titularrak (1.a eskuinetik) zuzendutako mahai-inguruaren irudia.

Miren Sarasíbar Iriarte NUPeko Administrazio Zuzenbideko irakasle titularrak (1.a eskuinetik) zuzendutako mahai-inguruaren irudia.

Hala ere, biometriaren erabilerak pribatutasunarekin eta datuen babesarekin lotutako erronka garrantzitsuak planteatzen ditu, bereziki babestutako informazioa biltzea eta biltegiratzea eskatzen baitu. Horregatik, funtsezkoa da datu horiek kontu handiz kudeatzea, eskubide indibidualak errespetatzen direla ziurtatzeko eta pribatutasunaren abusuak edo urraketak prebenitzeko. Kezka horrek eztabaida zabala eragin du haren erregulazio eta aplikazio etikoari buruz, eta, ondorioz, gai interesgarria da esparru juridikorako eta teknologikorako.

Jardunaldien antolatzaileak

Zehazki, NUPeko Administrazio Publikoa ikerketa-taldeak antolatu du kongresua “Biometria, Zuzenbide Administratiboa eta Datuak-BIODATA” ikerketa-proiektuaren bidez. Honako hauek finantzatu dute ikerketa-proiektua: Ikerketarako Estatu Agentzia, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta FEDER “Europa egiteko modu bat”. Gainera, Veridas enpresak eta Nafarroako Gobernuak lagundu dute.

Jardunaldiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan (NAPI) egin dira, eta atzo inauguratu zituen José Luis Piñar Mañas CEU-San Pablo Unibertsitateko katedradun eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziako zuzendari ohiak. Piñar jaunak adimen artifizialaren erregulazioari buruzko esparru orokor bat eman zuen bilakaera teknologikoko testuinguru batean.

Sistema biometrikoen arau-esparrua, bai Europan, bai nazioartean, kongresuaren beste gai garrantzitsuetako bat izan zen. Adimen artifizialari buruzko Europako erregelamenduaren konplexutasunak aztertu zituzten zenbait espezialistak, hala nola Pablo García Mexía Gorte Nagusietako letradua eta Herbert Smith Freehillsen Zuzenbide Digitaleko aholkulari eta zuzendaria eta Martín Razquin Lizarraga NUPeko katedraduna. Bestalde, Marco Calabró Campania Luigi Vanvitelli Unibertsitateko (Italia) irakasleak eta Maitena Poelemans Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (Frantzia) ikertzaileak beren herrialdeetako araudiaren eta Espainiakoaren arteko ikuspegi konparatua eman zuten.

Halaber, herritarren eskubideak teknologia biometrikoaren garapenaren aurrean babesteari buruz aritu ziren Susana de la Sierra Gaztela-Mantxako Unibertsitateko katedraduna, Julián Valero Torrijos Murtziako Unibertsitateko katedraduna eta José F. Alenza García NUPeko katedraduna.

Julián Fierrez Aguilar Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradunak eta Mikel Sánchez Yoldi Veridas enpresako Salmenta Ingeniaritzako zuzendariak teknika biometrikoak eta horien aplikazioak aurkeztu zituzten.

Informazio biometrikoaren segurtasuna

Izaera pertsonaleko datuen babesa izan zen beste gai aipagarri bat. Leire Arbona Puértolas  Veridas enpresako Legal y Cumplimientoko zuzendariak, NUPeko irakasle Miren Sarasíbar Iriarterekin (irakasle titularra) eta Aritz Romeo Ruizekin (kontratupeko irakasle doktorea) batera, informazio biometrikoaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurrien analisi zehatza egin zuen.

Topaketa amaitzeko, administrazio publikoek biometria nola erabiltzen duten izan zuten aztergai. Honako hauek hartu zuten parte: Isabel Gallego Córcoles Gaztela-Mantxako Unibertsitateko katedraduna, Dolors Canals Ametller Gironako Unibertsitateko irakaslea, Rubén Martínez Gutiérrez Alacanteko Unibertsitateko irakaslea eta Francisco Javier Vázquez Matilla abokatua. Aztergai izan zituzten teknologia horiek sistema horien eraginkortasun administratiboa hobetzeko eskaintzen dituzten aukerak eta sistema horien kontratazio publikoa. Herritarren eskubideak babesteari lotutako arriskuak ere aztertu zituzten.

Adimen artifizialaren etorkizunari eta oinarrizko eskubideei buruzko hausnarketa etikoa izan zen amaierako hitzaldiaren ardatza, eta Tomas de la Quadra-Salcedo Fernández del Castillo Carlos III Unibertsitateko katedradun emeritu eta Justizia ministro ohiak eman zuen.