Joan eduki nagusira

Ignacio García Sánchez artistak “Sueños de hormigón armado” artelana ikusgai jarri du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Sario eraikinean, eta urriaren 25era arte egonen da ikusgai. Sarrera doakoa da, eta instalazioa irekita dago astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara. Erakusketa Mapamundistak proiektu artistikoaren barruan dago.

zoom exposicion sario

Ignacio Sánchez, bere lanarekin, Sario eraikinean.

Zibilizazioaren eta naturaren arteko indar-jokoa balitz bezala aztertzen du hondakina Ignacio García Sánchezek. Erakusketan aurkezten dituen lanetan, tradizioz monumentuen eraikuntzarekin lotu izan diren teknikak erabili ditu: marrazkia proiekzio arkitektoniko gisa, argazkia erregistro gisa, eta behe-erliebea paretak sinbolo edo inskripzioekin apaintzeko teknika eskultoriko gisa. Hala, hondakina mundu posibleak –iraganekoak edo etorkizunekoak– irudikatzeko modu gisa erabiliz, artistak erdi eraitsitako eta naturak inbaditutako paisaia arkitektonikoak sortzen ditu, atzoko eta gaurko boteredunen amets megalomanoak gorpuzten dituztenak. Anime serie batzuen estetika gogorarazten duten kolore gama eta trazuak erabiliz, haren eraikuntzek zibilizazio ororen izaera ziklikoa nabarmentzen dute, gurea barne.

Ignacio García Sánchezen ibilbidea

Ignacio García Sanchez (Madril, 1987) Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean hasi zen Arte Ederrak ikasten, eta Hanburgoko Arte Ederren Goi Mailako Eskolan bukatu zituen ikasketak. Bere lanean, egungo eredu soziopolitikoaren alternatibak aztertzen ditu hizkuntza narratibo eta bisual berezi baten bidez, bai marrazketa eta bai arkitekturatik, haurrentzako liburuen ilustraziotik, komikitik, heraldikatik edota sinbologia politikotik hartutako baliabide formalak oinarri hartuta. Bakarkako erakusketak egin ditu berriki Valentziako Gabinete de Dibujos eta Madrilgo Storm and Drunk aretoetan. VEGAP beka jaso du, baita Madrilgo Erkidegoaren sorkuntzarako laguntza ere. Halaber, Cáceresko El Brocense aretoaren lehen saria irabazi du.