Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Europar Batasunaren 4,7 milioi euro kudeatuko ditu Nekazaritza Jasangarrirako Puntako Teknologietako Erasmus Mundus Masterra (SUSTAGRI) ezartzeko. Masterra 2025-26 ikasturtean jarriko da abian. NUPek parte hartzen duen ezaugarri horietako lehen graduondokoa da. NUP erakunde koordinatzailea da gainera, eta edizio bakoitzean onartutako 25 ikasleei nafar erakundeko, Atenasko (Grezia) Nekazaritza Unibertsitateko eta Tras-os Montes eta Douro Garaiko (Portugal) Unibertsitateko titulu bat lortzeko aukera emanen die. Graduondokoak 120 kreditu ditu, bi urtekoa da (4 seihileko) eta irakaskuntza presentziala da.

SUSTAGRIren helburu nagusia da profesionalak prestatzea ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-jasangarritasuna hobetzeko aplikatzen ahal diren teknologia eta metodologia aurreratuenetan. Masterra egin ondoren, pertsonak horiek eraginkortasunez aplikatzen ahalko dituzte puntako teknologia horiek ustiategietako eguneroko lan operatiboan, jasangarriagoa eta lehiakorragoa izan dadin, nekazariei laguntza eta aholkularitza ematen ahalko diete nekazaritzako sistema adimendunak ezartzeko, nekazaritzako jardueren ingurumen-inpaktua murrizteko aholkuak ematen ahalko dituzte edo industrian edo akademian ikerketa oinarrizko edo aplikatuko ibilbide bat egiten ahalko dute gero doktoretza eginez.  Javier Casalí Sarasíbar Nekazaritza eta Baso Ingeniaritzako katedraduna eta NUPeko IS-FOOD ikerketa-institutuko kidea da masterreko zuzendari akademikoa.

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Edukiak eta nazioarteko lankidetza

Masterra hiru eduki-bloketan dago bereizita. Bakoitzak 30 kreditu ditu, eta horiei master amaierako lanaren beste horrenbeste kreditu gehitu behar zaizkie. Lehenengo 30 kredituak nekazaritzaren jasangarritasunerako oinarri teknologikoei buruzkoak dira, eta NUPeko Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan eginen dira; hurrengo 30 kredituak Universidade de Tras-os-Montes e Alto Douron eginen dira, eta laboreen ekoizpen jasangarrirako doitasunezko nekazaritzari buruzkoak izanen dira; eta hurrengo 30 kredituak, uraren erabilera eraginkorrean eta ureztatze adimendunean zentratuak, Agricultural University of Athens-en eginen dira. Kasu guztietan metodologia gisa erabiliko dira proiektuetan oinarritutako ikaskuntza eta kasuen azterketa. Azkenik, Master amaierako lana, hura ere 30 kreditukoa, partzuergoko unibertsitateren batean edo erakunde elkartuetakoren batean eginen da. 

SUSTAGRIren helburua da, orobat, ematen den eskualdeetako nekazaritzarekin lotutako ekoizpen-, enpresa- eta erakunde-sistemarekin interakzioan aritzea eta integratzea. Gainera, Europan eta Estatu Batuetan kokatutako unibertsitate eta puntako ikerketa-zentroek ere hartzen dute parte. 

Erasmus Mundus 

Erasmus programako Erasmus Mundus ekintzak munduko hainbat herrialdetako goi-mailako hezkuntzako erakundeen nazioarteko partzuergo batek emandako master ikasketen programa transnazional, integratu eta goi-mailakoak babesten ditu. Bikaintasun-programak dira, Europako Unibertsitate Eremua integratzen eta nazioartekotzen lagundu behar dutenak. Nahitaezko mugikortasun fisikoa eskaintzen dute izena eman duten ikasle guztientzat, eta hilean 1.400 euroko beken sistema anbiziotsua dute mundu osoko ikasle bikainak erakartzeko. 

SUSTAGRIren proposamena prestatzeko, NUPek Nafarroako Gobernuko Unibertsitate Departamentuaren laguntza izan zuen.