Joan eduki nagusira

Huarte de San Juan. Geografia eta Historia” Scopusen onartu duten Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) lehen aldizkaria da. Scopus erreferentzia bibliografikoen eta aipuen datu-base bat da, Elsevier enpresarena, eta parekoek berrikusitako literatura zientifikoa eta kalitatezko web-edukiak biltzen ditu. 2020az geroztik, Álvaro Baraibar Echeverría Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea da argitalpenaren editore nagusia, eta sail bereko Gemma Piérola Narvarte eta Carlos Ciriza Mendívil ditu lagun zeregin horretan.

zoom NUPeko Liburutegia.

NUPeko Liburutegia.

Hiru hamarkada bete berri dituen honetan onartu dute aldizkaria Scopus nazioarteko datu-basean. Álvaro Baraibar Echeverría editore nagusiak azaldu duenez, aldizkariaren metrikak laster izanen dira ikusgai SCImago Journal & Country Rank (SJR) rankingean ere. Neurketa-faktore horrek argitalpen zientifikoen kalitatea ezartzen du, bakoitzak lortutako aipamenen zenbaketan oinarrituta. Indize hori kalkulatzeko, jasotako aipuak zenbatzen dira, eta ponderatu egiten dira haiek egin dituzten aldizkarien garrantziaren edo ospearen arabera.

Horrez gain, aldizkari zientifikoen kalitate editorialaren eta zientifikoaren zigilua jaso berri du “Huarte de San Juan” aldizkariak, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendeko FECYT erakundeak ematen duena (Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa).

Aipatutako zuzendaritza-taldeak aldizkariaren gidaritza bere gain hartu zuenetik, helburua izan da, Álvaro Baraibarren hitzetan, nazioan eta nazioartean presentzia handitzea eta argitalpen akademikoen kalitate-rankingetan posizioak igotzen joatea.

“Huarte de San Juan” aldizkaria

“Huarte San Juan. Geografia eta Historia” Nafarroako Unibertsitate Publikoak 1994tik urtero argitaratzen duen argitalpen elektronikoa da. Aldizkariak historia ikuspegi zabal batetik aztertzea du xede, ikuspuntu kronologiko zein tematiko batetik. Aldizkaria ikertzaileen komunitatearen eztabaidarako eta interakziorako gune izateko asmoarekin jaio zen, iraganeko elementuen ezagutzan sakontzeko eta urratsak egiteko. Historialariek ideiak partekatzeko, ikerketa-arlo tradizionalak berrikusteko eta ikuspegi berriak eta diziplinarteko espazioak aztertzeko foro gisa eskaintzen da aldizkaria. Onartzen diren formatu akademikoak, funtsean, ikerketa-artikuluak eta liburuen aipamenak dira.