Joan eduki nagusira

Idoya Zabaleta Arregui Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia Saileko irakasle eta erakunde bereko ikasle ohien eta adiskideen A3U programaren zuzendaria Alumni Españako lehendakariorde izendatu dute, alegia, Espainiako Unibertsitateetako Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteen Federaziokoa. Izendapena Federazioaren azkeneko biltzar nagusian gauzatu zen, urrian egindako estatu mailako XXVI. topaketan. Ekitaldi instituzionala Madrilen izan zen, eta José Manuel Pingarrón Unibertsitateetarako Estatu idazkaria izan zen bertan. 

Alumni Españak 45 erakunde bazkide ditu –horien artean dago NUP, A3U programaren bidez ordezkatua–, eta erakunde kideen arteko harremana sustatzea eta bideratzea du helburu, haien arteko batasuna eta lankidetza bultzatuz. Era berean, elkarrekin hausnartzeko eta sektorearen aldeko erabakiak hartzeko tresna izan nahi du, baita sektorea ordezkatzen duen ahotsa ere administrazio publikoen, autonomikoen, estatukoen eta europarren aurrean. 

zoom Idoya Zabaleta

Idoya Zabaleta, Alumni Españako lehendakariorde berria.

Unibertsitateentzako laguntza ezagutzaren transferentziaren arloan

Federazioaren ordezkariek azaltzen duten bezala, Alumni Españak, bere Alumni erakundeen bitartez, unibertsitateei laguntza eman nahi die haien misio nagusietako bat betetzen, hots, ezagutza transferitzen, bide horretatik ekarpena egiteko gizartearen garapenari eta aurrerabideari. “Horretarako, hitzarmen bat sinatu dugu Unibertsitateen Ministerioarekin, baita Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) aurreproiektuan parte hartu ere, 47.2 artikuluaren idazketan hain zuzen”, azaldu du Idoya Zabaletak.

Adierazitako misioa lortzeko, Alumni Españak zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie kide dituen elkarte eta erakundeei, hala nola topaketak, mintegiak edo mahai-inguruak antolatzea, nazionalak zein nazioartekoak. Era berean, akordioak egiten ditu Alumni Sarea osatzen dutenentzat onuragarriak diren erakunde publiko nahiz pribatuekin, sare horren kideen autonomia errespetatuz betiere.