Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) diziplina anitzeko ikertzaileen talde batek ezagutza transferitzeko proiektu batean hartu du parte. Liber Ediciones Nafarroako argitaletxeko Beatriz Urrizola Sotrok gidatu du paperezko bibliofilia-liburuei errealitate areagotuko edukia gehitzeko proiektu hori (irudiak, informazio osagarria, bideoak edo musika). Bibliofilia-liburuak edizio berezi mugatuak eta oso zainduak dira; grabatuak eta arte-marrazkiak dituzte pieza bakarrak sortzeko, eta notario aurrean erregistratzen dira indibidualki. Nafarroako Gobernuak finantzatu du proiektua, I+Gko Ezagutza Transferitzeko 2018ko deialdiaren barnean.

Bihar, abenduak 18 (asteazkena), aurkeztuko dute ikerketa-lana I-COMMUNITAS Ikerketa Institutuak antolatutako ekitaldi batean. Ekitaldia jende guztiarentzat egonen da irekita eta 18:00etatik aurrera eginen da Nafarroako Liburutegian (Antonio Pérez Goyena pasealekua, 3). Aurkezpenean proiektua eta aplikatutako tresna teknologikoak azalduko dira, eta edukiarekin lotutako zuzeneko musikarekin amaituko da, “En-Kantu” taldearen eskutik (talde hori Unibertsitateko Ondare Immaterialaren Katedrarekin ere aritu izan da lankidetzan). Saioari buruzko programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

NUPen aldetik, honako hauek hartu dute parte proiektuan: gidaria izan den Alfredo Pina Calafi irakasle eta ikertzailea (Estatistika, Informatika eta Matematika Saila), Marcos Andrés Vierge I-COMMUNITASeko kidea eta Igor Saenz Abárzuza (Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Musika Arlokoak dira biak), Amalia Ortiz Nicolás eta Miriam Lizaso Azcárate (Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak dira biak) eta Berta Remírez Moreno proiektuko lankidea. Elisa Oreja Murillo NUPeko Informatikako egresatuak ere hartu du parte, eta, garapen teknikoan, Aitor Fernández de Landa NUPeko egresatuaren Dáel Digital enpresak lagundu du.

Bi prototiporen garapena: “Fausto” eta “Carvajal”

Proiektuko erronka nagusia hau izan da, Alfredo Pinaren hitzetan: “artistei, egileei eta argitaletxeari tresnak eta metodoak ematea beren bibliofilia-lanak sortzeko eta fabrikatzeko prozesuetan informazio areagotua sartzeko aukera izan dezaten”. Zehazki, bi prototipo pilotu garatu dira. Lehena, Liber Edicionesek jada argitaratua duen lan bati buruz: Johann W. Goethe-ren “Fausto” liburua. Bigarren kasuan, aldi berean sortu dira multimedia edukia eta paperezkoa: lana “Carvajal” izan da, juduei eta XVI. mendeko Inkisizioari buruzko ikerketa historiko bat, abizen hori duen familiaren bitartez.

Faustoren azala

Proiektu honi esker, liburu bati teknologia hori gehitzen bazaio, erabiltzailea liburu horren informazio areagotuan sartzen ahalko da gailu elektroniko batekin, hots, paperezko edizioan ez dauden eduki osagarrietan; hauek izan daitezke, besteak beste: lanaren ilustrazio eta grabatuei buruzko informazioa, arte-elementu horien “making off”a azaltzeko bideoak, argitalpenaren espazioari eta denborari buruzko informazioa, edo liburuko egoerak eta testuingurua gogora ekartzen dituen soinu-banda. Finean, irakurlearen esperientzia osoa izan dadila nahi da.

Ikuspegi teknologiko batetik, eduki gehigarri horiek guztiak aplikazio edo webgune batean edo gehiagotan ostatatuko dira. Gainera, proiektuak argitaletxearen barruan erabiltzaileen komunitate bat sortzea aurreikusten du, "ARS Liber Club" izenekoa, non informazio horren zati bat bezeroen eskura jarriko litzatekeen, lan bakoitzerako atal bat gordeta.

1. argazkia: Proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Igor Saenz, Berta Remírez, Alfredo Pina, Elisa Oreja eta Marcos Andrés Vierge.

2. argazkia: “Fausto”ren azala