Joan eduki nagusira

zoom Muskulazio ariketak egiten

Muskulazio ariketak egiten

Ia 2.000 lagunek dute ikasturte honetan NUPeko kirol txartela, eta aukera ematen die Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol instalazioak erabiltzeko (130.000 m2). Batzuk Unibertsitateko komunitatekoak dira (ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileak), beste batzuk, aldiz, ez. Sexuari dagokionez, kirol txartela dutenen % 49 gizonezkoak dira eta % 51, emakumezkoak.

Duela gutxi berritu dute muskulazio ariketak egiteko aretoa, gimnasioa: lekuz aldatu dituzte pisu libreko ariketak egiten laguntzeko makinak, eta leku gehiago utzi dute pisu libreko ariketak egiteko baliabideak jartzeko, besteak beste, bankuak eta halterak. Gainera, bi plataforma erosi dituzte pisu libreko ariketak barrekin egiteko, horietako bat gidaduna, eta segurtasun-babesgarriak ere badituzte. Berritasun nagusia da pisu libreko ariketak egiteko lekuari zola berezi bat jarri diotela (30 mm-koa eta “Sportec” alemaniar markakoa), aretoko zorua babesteko eta kolpeak leuntzeko.

Makinak lekuz aldatzeko, ariketa kardiobaskularrak egiteko aparatuak ere beste leku batera eraman behar izan dituzte, eta leku asko irabazi da aretoan. Gimnasioa erabiltzen dutenak gustura daude aldaketarekin, eta Kulturako eta Kiroletako Unitatekoek esan dutenez (Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren mendekoa): “nabarmentzekoa da kiroldegietan gero eta emakume gehiagok egiten dituztela indarra eta erresistentzia lantzeko ariketak”.

Irailean, 3.715 lagun aritu ziren muskulazio-aretoan (2.458 gizonezko eta 1.257 emakumezko). Gehien egiten diren kirolak kick boxinga, boxeoa eta eskalada dira; astearteetan, asteazkenetan eta ostiraletan ibiltzen da jende gehien, 18:00etatik 21:00etara eta 12:00etatik 13:00etara.

Kirol txartelak ematen dituen aukerak

zoom Muskulazio ariketak eta ariketa kardiobaskularrak egiteko aretoa berrituta

Muskulazio ariketak eta ariketa kardiobaskularrak egiteko aretoa berrituta

Edonork eskuratu dezake kirol txartela eta egin ditzake horrek eskaintzen dituen kirolak. Urtekoa, seihilekoa edo hilekoa izan daiteke, eta Unibertsitatearen webgunearen bidez eskatzen da. Seihilekoko txartelak 40 € balio du ikasleentzat; 48 €, Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat; 80 €, Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 184 €, Unibertsitatekoak ez direnentzat. Txartela edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua, kanpoko tenis eta futbol pistak eta Nafarroako Unibertsitate Pabiloia doan erreserbatu.

Unibertsitatearen webgunean dago informazio guztia: kirolak (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), txartelaren bidez kiroletan izena emateko sistema, eta seihilekoko eta hilabeteko prezioak, Unibertsitateko komunitateko kide direnentzat eta ez direnentzat.