Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Urretxindorra Proiektuan parte hartzeko beste beka deialdi bat ireki du. Unibertsitateko ikasleei zuzendutako ekimen horren helburua 2019-2020 ikasturtean ikastetxeetan Lehen Hezkuntza eta/edo Bigarren Hezkuntza egiten ari diren adingabeei jolas eta kultur jardueretan laguntza ematea da. Proiektua gauzatuko duten ikastetxeak Iruñean daude hain zuzen.
Programak 20 postu eskaintzen ditu guztira, eta 2019ko urritik 2020ko maiatzera bitartean egingo da. Eskaerak NUPeko erregistroan aurkeztu behar dira, irailaren 30eko 14:00ak baino lehen, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateari zuzenduak (Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren mendekoa da unitate hori). Deialdiaren oinarriak, eskabide eredua eta ekimenean parte hartzeko aurkeztu behar den dokumentazioa Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko. Halaber, argibide gehiago eska daitezke Gizarte Ekintzarako Unitatean (ikasgelategiko 025. ikasgelan edo unidad.accionsocial@unavarra.es helbidean).
Ikasle mentoreek harreman pertsonala garatu beharko dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haientzako eredu positibo bihurtzeko. Izan ere, mentoretza lana adingabeentzako laguntzan oinarritutako harreman positibo bat eraikitzera bideratuta dago, haien garapen pertsonal eta soziala ahalbidetzeko. Aldi berean, Unibertsitateko ikasleentzat aukera ezin hobea da pertsona helduaren eredu positibo bat garatzeko. Proiektuak ekarpena egingo dio elkarrizketa sozial eta kulturalari, topaguneak partekatu ohi ez dituzten errealitate sozial desberdinetako pertsonak eta taldeak harremanetan jarriz.
Deialdiaren xehetasunak
Deialdi hau 2019-2020 ikasturtean matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduta dago, hain zuzen graduko, graduondoko edo titulu berekietako titulazioak egiten dituztenei. Eskatzaileek harreman pertsonaletarako trebetasunak eta gizarte gaietarako sentsibilitatea eduki behar dituzte, baita haurren aisialdian jolas eta kultura jarduerak egiteko denbora ere (bizpahiru ordu astean, eskolako orduetatik kanpo).
Ikasleak deialdi publiko baten bidez aukeratuko dira. Horretarako, beren curriculuma baloratuko da (hain zuzen gizarte lanaren, hezkuntzaren, kulturartekotasunaren, gizarte bazterketaren edo/eta boluntariotzaren arloetako prestakuntza eta esperientzia), eta elkarrizketa pertsonal bat egingo zaie. Bestalde, aukeratutako pertsonek beren lana hobeki egiteko, Gizarte Ekintzarako Unitateak prestakuntza eta laguntza emango die.