Miguel Ángel González Moreno (Iruñea, 1986), nekazaritza ingeniaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Masterreko ikaslea da. Espainiako futbolaren joko-eremuen (zelaiak eta estadioak) bilakaera historikoa aztertu du, Nafarroan daudenak abiapuntutzat hartuta. Lan hau Espainiako Futbolaren Historia eta Estatistikari buruzko Ikerketa Zentroak (EFHEIZ-CIHEFE) argitaratzen duen “Cuadernos de Fútbol” aldizkarian bildu da. Azterketak XX. mende hasierako belar naturalezko hasierako zelaiak hartzen ditu abiapuntutzat, gero 1940. eta 1970. urteen artean agertu ziren berrikuntzak errepasatzen ditu (esaterako argi artifiziala edo drainadura), eta bukatzeko azken urteetako berrikuntzen deskribapena egiten du (esaterako, belar artifizialarena). Artikulu honetan Nafarroako hainbat futbol zelai hartzen da aintzat, ingeniaritzaren ikuspuntutik. Hauek dira kontuan hartzen diren zelaietako batzuk: Iruñeko Sadar, Tuterako Ciudad de Tudela, Lizarrako Merkatondoa edo Tafallako San Francisco. Dagoeneko desagertu diren edo herri txikietako beste batzuk ere agertzen dira.
"Dokumentuan joko eremuek historikoki, hiru etapa ezberdinetan, eduki dituzten ezaugarriak ezagutzen ahal dira, baita zenbait bitxikeria ere. Bitxikeria horietako batzuk beharbada gaur egun normalak dira, esaterako zelai askotan izaten den belardi naturalaren egoera ezin hobea, edo instalazioen txukuntasuna, edo belardi sintetikoaren kalitate altua, adibide batzuk emateagatik; baina horiek denak azken mendeko aurrerapen teknikoaren eta garapen teknologikoaren ondorioak dira”, esan du egileak, zeina bi denboralditan Nafarroako Unibertsitate Publikoko futbol taldean aritu baitzen (eskualde mailan), eta Futbol Arbitroen Nafarroako Batzordekoa eta entrenatzailea izan baitzen.
XXI. mendeko katedralak
Artikuluan hainbat gai hartzen da kontuan: belardia zaintzeko langileen kualifikazioa, azal-moten bilakaera, FIFAren zigiluak belardi artifizialetarako, eraikuntza eta segurtasun mailako akatsak eta okerrak, estadioen izenen aldaketak edo instalazio hauei aplikatzen zaien araudia, besteak beste.
Miguel Ángel González Morenok dioenez, “ikerketa historiko honek argi uzten du futbolaren garai zaharreko joko zelaiek eta haien inguruko azpiegiturek ez dutela zerikusirik gaurkoekin, eta hori aurrerapenaren ondorioak dela; batez ere, eraikuntza faseko zenbait ezaugarriren ondorioak, esaterako diseinuarena eta gauzatzearena, baita ustiapenaren faseko mantenu-lanaren ondorioa ere”. “Kirol instalazio hauek, eta batez ere estadio berriek, hartu duten izaera hain da berezia, ez dela harritzekoa gaur egun askok XXI. mendeko katedralak direla esatea”, gaineratu du.
Curriculum laburra
Miguel Ángel González Morenok Nekazaritza Ingeniaritza eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletza Masterra egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bere ikasketak osatzeko, Kirol Belardi Naturala eta Artifiziala Kudeatzeko Aditua izeneko graduondokoa egin zuen. Gaztela-Mantxako Unibertsitateak ematen du, Espainiako Futboleko Erret Federazioarekin batera.
Artikulu honen egileak enpresa batzuetan lan egin izan du. Bereziki azpimarratzekoak dira Brioagro Technologies izenekoan egindako lana, non izan baitzen agronomia arduraduna, eta Nafarroako Nekazaritza- eta Baso-ingeniaritza eta Ingurumen Zerbitzuan egin zuena, han lortu baitzen enpresa hori Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren (NAEIM) aitorpena lortzen zuen Nafarroako lehen enpresa pribatua izatea; aitorpen horren arabera, enpresa hori baimenduta zegoen produktu fitosanitarioen erabilera jasangarriari buruzko prestakuntza emateko.
Gaur egun, nekazaritza ingeniariaren lanbidean ari da, eta aldi berean NUPeko Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Masterra egiten ari da.