Joan eduki nagusira

zoom Montxo Armendáriz zinemagile nafarra. Berak emango du ikastaroa NUPen.

Montxo Armendáriz zinemagile nafarra. Berak emango du ikastaroa NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 20 eskola-orduko ikastaro bat antolatu du ikus-entzunezko ingurunearen interpretazioari buruzko zenbait alderdi ezagutu eta kontrolatzeko Monografikoaren izenburua Begirada ikus-entzunezko interpretazioan” da,  14 ikaspostu izango ditu gehienez ere, eta ikasleei eta antzezpenaren profesionalei zuzenduta dago. Montxo Armendáriz zinemagile nafarrak emango du apirilaren 4tik 7ra arte.

Ikastaroak begiradan jartzen du arreta ikus-entzunezko interpretazioaren esanahia zehazten duen oinarrizko eta funtsezko elementu gisa, eta horretarako jotzen du praktika dela modurik hoberena interpretazio ahalmen hori ulertzeko eta kontrolatzeko.  Arrazoi hori dela-eta kameraren aurreko antzezpen multzo gisa antolatu da ikastaroa, eta bere helburua da begirada behar bezala erabiltzen ikasteko bitartekoa eta euskarria izatea.

Ikastaroan ikasiko dira, hainbat gairen artean, adierazkortasuna eta emozioen kontrola, planoaren tamaina eta muntaketa, harraldien errepikapena, ahotsa eta keinua, gidoi baten irakurketa, pertsonaien analisia, eszena baten intentsitate dramatikoaren gradazioa eta pertsonaien eraketa eta prestakuntza.

Metodologia: ariketak kameraren aurreran

Ikastaroa interpretazio-ariketa multzo baten bidez egituratzen da (hainbat filmetako eszenak). Ariketak bikoteka egingo dira, eta gero taldean aztertuko dira. Interpretazio lan hauek proposatuko dira parte-hartzaile bakoitzaren  interpretazio baliabideak ezagutu, aztertu eta balioetsi ondoren, baliabideak indartzeko eta parte-hartzaile bakoitzak bere antzezpen teknikak ahalik eta gehien gara ditzan lortzeko. Horretaz gainera, filmetako eszena batzuk aztertuko dira, eta begiradaren erabilerak kameraren aurreko interpretazioa zehazten eta baldintzatzen duela nabarmenduko da.

Monografikoak bi ECTS kreditu ditu, eta apirilaren 4tik 7ra, 14:30etik 19:30era, egingo da. Matrikularen prezioa 225 euro da unibertsitateko komunitateko kideentzat eta 250 euro unibertsitatetik kanpokoentzat.  A3U Programan izena eman duten ikasle ohiek 225 euro ordaindu beharko dituzte.

Interesdunek "online" eman behar dute izena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean. Informazio gehiago behar izanez gero, deitu edo idatzi Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren Prestakuntza Arlokoei. Telefonoak: 948 16 9770 eta 948 16 9813, eta helbide elektronikoa: fundacion.formacion@unavarra.es; edo joan Unibertsitatearen webgunera.

NUP lanean ari da urtebeteko iraupena izango duen master bat abian jartzeko hurrengo ikasturtean. Masterrean ikus-entzunezko enpresak sortu eta kudeatzeko eta ikus-entzunezko edukiak sortu, ekoiztu eta banatzeko prestakuntza emango luke unibertsitateko irakasleek eta ikus-entzunezkoen arloko profesionalek osatutako irakasleen klaustro batek.

Montxo Armendarizen biografia

Montxo Armendáriz Barriosek (Olleta, Nafarroa, 1949), ikastaroko zuzendariak, hirurogeita hamarreko hamarkadan eta laurogeikoaren hasieran, Lanbide Heziketako institutuetan elektronikako irakasle ari zen bitartean, zinemarekiko zaletasunari ekin zion, eta film labur horiei esker, Montxo Armendarizek sari izendunak eskuratu zituen, Kultura Ministerioaren Kalitatearen Sari Berezia edo Bilboko Zinemaldiko Euskal Zinemaren Lehen Saria, esate baterako.

Vianako Printzea erakundeak, 1981ean, diruz lagundu zion “Nafarroako Ikazkinak” dokumentala, eta “Tasio” (1984) bere lehen film luzea egiteko inspirazio iturria izan zen. Publikoak eman zion erantzun garrantzitsuari nazioko eta nazioarteko hamarren bat sari gehitu zitzaizkion. Geroago etorri ziren “27 horas” (1986), “Las cartas de Alou” (1990), “Historias del Kronen” (1994), “Secretos del corazón” (1997), zeinak Europako Film Onenaren Aingeru Urdina saria eskuratu baitzuen eta Oskar sarirako hautagai izan baitzen, Atzerriko Film Onenaren atalean, “Silencio roto” (2002), “Obaba” (2004) edo “No tengas miedo” (2011). Aitorpenak eta omenaldiak egin dizkiote, esaterako, Vianako Printzea saria edo Zinematografiako Sari Nazionala. 2010ean “honoris causa” doktore inbestitu zuen NUPek.