Joan eduki nagusira

zoom Cristina Zoco irakaslea, bere lanarekin, NUPen.

Cristina Zoco irakaslea, bere lanarekin, NUPen.

Cristina Zoco Zabala Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak liburu batean aztertu ditu komunikazioen polizia kontrolaren jokaleku teknologiko berriak, azken legezko aldaketen ondorio direnak. Oinarrizko eskubideen ikuspuntua aplikatuz, egilea Konstituzioa erreformatzearen aldekoa da, aurretiazko baimen judiziala eska dezaten irudiari, intimitateari edo datu pertsonalen babesari eragiten dieten kontrol teknologikoak egiteko.

Lanaren izenburua “Nuevas tecnologías y control de las comunicaciones” da, eta Prozedura Kriminalaren Legearen  (13/2015 Lege Organikoa) azken erreforma aztertzen du, zeina Gorte Orokorrek onetsi baitzuten eta joan den abendutik baitago indarrean. Cristina Zocoren iritzian, erreformaren xedea da “komunikazioen kontrol judizialerako prozedura arautzea, bai eta epaileak konstituzioaren araberako kontrol bat bermatzeko argudiatu behar dituen irizpideak arautzea ere”. Halaber, kontrol prozedura hau egokitzea beste oinarrizko eskubide batzuei (intimitatea, irudi eta datu pertsonalen babesa) eragiten dieten ikerketa teknologikoko neurrietarako.

Teknologia berriei lotutako delinkuentzia forma berriak direla-eta lehengo araudian zeuden hutsuneak estaltzeko, Prozedura Kriminalaren Legearen erreforma partzial hau onetsi zen. "Segurtasun publikoaren eta gizabanakoaren oinarrizko eskubideen arteko oreka egoki bat" bilatzea zen helburua.  “Hori dela-eta, Lege Organiko berri honek prozedura bakarra arautzen du ikerketa teknologikoko hainbat neurritarako baimen judiziala emateko, hala nola poliziak telefono komunikazioak eta komunikazio telematikoak atzematea, poliziak toki irekietan ahozko komunikazioak eta irudi bidezko komunikazioak atzematea eta grabatzea; poliziak entzuketak eta bideo grabaketak egiteko gailu elektronikoak jartzea ikertutakoaren bizilekuan sartuta, edo informazio kantitate handiak gordetzeko gailuak kontrolatzea edo ekipo informatikoak urrutitik erregistratzea”, azaldu du liburuaren egileak. Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du liburua.

Baimen judiziala

Baimen judizial arrazoitua nahitaezkoa da ikerketa teknologikoko neurri horiek aplikatzeko, bestela "Zuzenbide Estatua polizia estatu bihurtzeko" arriskua dago, esan du egileak. Telefono komunikazioak eta komunikazio telematikoak babestuta daude Konstituzioan, "zeinak era murriztaileak mugatzen baititu komunikazioen sekretua edo bizilekuaren bortxaezintasuna ebazpen judizialaren bidez kontrolatzeko aukerara". Alabaina, Konstituzioak ez du ezer esaten intimitateari, irudiari edo datu pertsonalen babesari eragiten dieten kontrol teknologikoko beste modalitateei buruzko baimen judizialaren gainean. “Esaterako, elkarrizketa eta irudien  polizia kontrola, edo datu pertsonalena informazio kantitate handiak gordetzeko gailuak atzematen direnean, edo ekipo informatikoak urrutitik kontrolatzea”, esan du Zocok.

Hori dela-eta, egileak konstituzioaren erreforma bat egitea aholkatzen du, eta erreforma horren bidez konstituzioan sartu beharko litzateke aurretiazko baimen judiziala, irudiari, intimitateari eta datu pertsonalen babesari eragiten dieten polizia kontrolak  era murriztailean mugatzeko. “Halaber, beharrezkoa litzateke, kasu horretan, Konstituzioan sartzea epaileak kontrol judizialerako argudiatu behar dituen zantzu arrazionalen definizioa eta ondasun juridikoarena, kasu honetan segurtasun publikoa, zeinak neurri hori funtsatzen baitu,  aipatu oinarrizko eskubideak modu murriztailean mugatzea justifikatuko lukeen benetako arrazoia”, ondorioztatu du egileak.

Ohar biografikoa

Cristina Zoco Zabala Zuzenbidean doktorea da, eta Konstituzio Zuzenbideko kontratupeko irakasle doktore gisa lan egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2001az geroztik, titularraren ziurtagiria badauka ere.

Batez ere oinarrizko eskubideen eta estatuaren lurralde-antolaketaren esparruan egiten du ikerketa. Hori dela-eta ikerketa egonaldiak egin ditu Belgika, Frantzia eta Italiako hainbat unibertsitatetan, eta bost monografia eta artikulu batzuk argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan.