

Ezkerretik eskuinera: Raúl Escrivá, Julen San Emeterio eta Alfredo Pina, informazio-plakekin eta mugikorraren aplikazioarekin, Trinitarios parkean (Iruñea).
Julen San Emeterio Úriz (Iruñea, 1987) ibilbide interaktibo bat diseinatu du Iruñeko Trinitarios parketik ibiltzeko, eta gailu mugikorrak erabiliz, hobeki ezagutzen ahal dira han hazten diren zuhaitzen ezaugarri botanikoak eta bestelako xehetasunak. Lan hau ikasle horren ikasketen amaierako proiektua izan da, eta ohorezko matrikula kalifikazioa lortu du. Proiektu horrekin Informatika Ingeniaritza titulua lortu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Proiektua Unibertsitatearen eta Opera Diseño-Ingeniería enpresaren arteko lankidetzan sortu zen. Enpresa hori izan zen Sanduzelaiko parke hori diseinatu zuen enpresa, eta enpresako zuzendaria, Raúl Escrivá Peyró, buru belarri aritu zen ekimenean. "Helburua zen Trinitarios parkeari balio erantsia ematea, eta bisitaria paseatzeko beste modu bat eskaintzea, eta inguruarekin elkarreragiteko beste modu bat asmatzea", dio Unibertsitateko Matematika eta Informatika Ingeniaritzako Saileko irakasle Alfredo Pina Calafik, proiektuaren zuzendaria ere izan dena.
Gainera, beste helburu bat zen "gailu mugikorrak erabiltzea ez zedin izan gehiago oztopoa, eta bihur zedin pizgarri, komunikabide eta ezagutza iturri, gure lurraren kultura eta ingurumen ondarea hobeki ezagutzeko", adierazi du Julen San Emeteriok, gaur egun BlackBinder enpresa nafarrarentzat lan egiten duenak, Android garatzaile bezala.
"Teknologiak eskaintzen dituen aukerak baliatuta, ezagutza mota hau errazago iristen ahal zaio jende guztiari, eta batez ere belaunaldi berriei —baieztatzen du ingeniari tituludun berriak—. Ideia hau hiri adimentsuaren kontzeptuaren barruan sartzen da, parkea hiritarrarentzat espazio irekia izan dadin, non bisitariek inguruaren kontzientzia hartuko duten, inguruarekin elkarreragingo duten eta inguruaren elementuei buruzko informazioa jasoko duten. Horrela, errazagoa izango da jendeak zuhaitzen gaineko kontzientzia hartzea, guretzat zer garrantzizkoak diren konturatuko dira, eta beraz, zuhaitzak zaindu eta babestea beharrezkoa dela konturatuko dira".
Datu bilketa
Helburu honekin, Raúl Escrivák eta Julen San Emeteriok parkeko zuhaitz esanguratsuen gaineko informazioa bildu zuten, Nafarroa osoko ingurumen ondarearen lagin txikia direlakoan, aldi berean. "Espeziei buruzko informazio honek aski entziklopedikoak diren datuak aintzat hartzen ditu, esaterako altuera, jatorria, fruituak edo erabilerak, baina baita zuhaitz bakoitzari dagozkion testuak ere, proiektu honetarako propio sortuak, zeinetan zuhaitz bakoitzarekin lotutako kondairak, ipuinak edo xelebrekeriak kontatzen baitira", azaldu du San Emeteriok. Ikasle honek, lehenago, Kudeaketa Informatikako Ingeniaritza Teknikoa titulua atera zuen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Ondoren. zuhaitz bati buruz bildutako informazio guztia (testuak, irudiak, audioak), zerbitzari batean metatu zen. Erabiltzaileek web-orrialde baten bidez eta Google Play-n eskuratzen den Android sakelako telefonoentzako doako aplikazio baten bidez sartzen dira zerbitzarira. Bi aukera hauek osatzeko, lan taldeak informazio-plaka batzuk diseinatu zituen, zuhaitz bakoitzaren ondoan jartzeko. Plakek espezie bakoitzaren informazioa daukate, gaztelaniaz eta euskaraz, eta QR kode bat, aplikaziorako eta web-orrialderako sarbide puntua dena. Audioen grabazioa eta erabilgarritasun-probak boluntarioekin egin ziren (familiakoak eta adiskideak).
"Mugikorrentzako aplikazioak aukera ematen du bildutako informazio guztia era praktiko eta amultsuarekin ikusteko —ziurtatzen du San Emeteriok—. Zuhaitz bakoitzaren informazio-plaketako QR kodeak irakurtzeaz aparte, GPSko lokalizazioa duen entzunezko gida bat ere badauka, eta horri esker parkea zeharkatzen ahal da zuhaitz bakoitzari buruzko istorio txikiak entzuten diren bitartean".
Kodeak eskaneatzea
Eta Android gailurik ez daukaten erabiltzaileek, informazio-plaketako QR kodeak edozein irakurlerekin eskaneatzen ahalko dituzte, gutxienez, eta horrela zuhaitz bakoitzari buruzko informazioa beren gailuetan jasoko dituzte web-orrialdearen bidez. "Web-orrialdea da, aldi berean, parkera sartzeko atea eta lur hartzeko orria, aplikazioa ezagutzen ez duten eta jaitsi nahi dutenentzat", gaineratu du San Emeteriok.
Proiektua "irekita dago jatorrizko ideia, igure inguruari buruzko ezagutza-iturria eta kontzientzia hartzeko modua izan dadin, alegia, aberatsagoa egiten ahal duten beste ikuspegi batzuk kontuan hartzeko; esaterako, ikastetxe eta institutuentzako hezkuntza-erabilera bat, are aplikazioari osagai ludiko bat gaineratuz, ginkana moduko bat eratuz, esaterako", esan du San Emeteriok, zeinak espero baitu Iruñeko Udalak Trinitarios parkeko informazio-plaken ezarpena bere gain hartuko duela.