Joan eduki nagusira

zoom Adinekoak entrenamendu-saio batean

Adinekoak entrenamendu-saio batean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak europar proiektu bat koordinatzen du, 70etik gora urte dituzten adinekoen artean ariketa fisikoa egiteko programa bat sustatzeko. Programak indar, oreka eta ibilketa entrenamendua elkartzen ditu, erorikoei eta hauskortasunari aurrea hartzeko. VIVIfrail proiektuak bi urteko iraupena dauka, eta ikertzaile hauek parte hartzen dute proiektuan: Mikel Izquierdo (NUP, Espainia), Leocadio Rodríguez-Mañas (Getafeko ospitaleko Ikerketa Biomedikorako Fundazioa, Espainia), Andreh Zeyfang (Ulmeko Unibertsitatea, Alemania), Bruno Vellas (Tolosako Unibertsitate Ospitalea, Frantzia), Roberto Bernabei (Sacro Cuoreko Unibertsitate Katolikoa, Italia) eta Alan Sinclair (Diabetes Frail erakundea, Erresuma Batua).

Proiektua Europar Batasunean Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barruan dago, eta europar deialdira aurkeztu ziren 400dik gora proiektuen artean aukeratu dituzten 18 proiektuetako bat da. Miguel Izquierdo Redín Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko katedraduna da bere koordinatzailea. Azaldu duenez, azken hamarkadetan ikusi da  populazioaren zahartzeak ez ezik beste faktore batzuk ere eragiten dutela desgaitasuna eta mendekotasuna pixkanaka areagotzea. Faktore horiek aldagarriak dira, eta haietan esku hartzeko modua badago. "Arrazoi hori dela-eta, proiektuaren helburu nagusia da, ariketa fisikoa aginduz, kasu bakoitzean ahalik eta autonomia handiena ahalbidetuko duen funtzio maila bat izatea".

Fisioterapia, erizaintza, geriatria, medikuntza eta lehen arretako profesionalen, kirol entrenatzaileen, lanbide terapeuten eta oro har jarduera fisikoaren profesionalen jarduna eta prestakuntza sustatzeko baliagarria izango dela espero da. Hori dela-eta, jardun nagusietako bat izango da hauskortasunari eta erorikoei aurrea hartzeko  ariketa fisikoa agintzeari buruzko prestakuntza-ikastaro bat egitea.

"Populazioa zahartzen ari denez —azaldu du proiektuaren koordinatzaileak—, zahartzen goazen heinean autonomiari eta independentziari eustea da erronka nagusia.  Adinekoen osasuna funtzioaren arabera neurtu behar da eta ez gaixotasunaren arabera, funtzioa baita bizi-itxaropena, bizi kalitatea eta populazio bakoitzak beharko dituen baliabideak edo laguntzak zein diren zehaztuko dituena".

Baterako ekintzak

Plan estrategikoan antzeko ekintza batzuk ezartzen dira herrialde parte-hartzaile guztietarako, eta honako hau dute abiapuntua: jarduera fisikoan oinarritutako esku-hartzeek frogatu dute eraginkorrak direla hauskortasuna atzeratzeko eta baita hauskortasuna eta desgaitasuna sendatzeko ere.

Egin nahi diren ekintzen artean daude adinekoei zuzendutako praktika onak eta esperientzia berriak bilatzea; protokolo bat sortzea, ariketa fisikoa egiteko osaera anitzeko programa bat agintzeko; aldaketak sustatzea desgaitasuna izateko arriskuan dauden paziente hauskorrek dauzkaten bizi ohituretan; eta populazio horri ariketa fisikoa egiteko programak agintzea bultzatuko duten teknologia-aplikazioak, material didaktikoak eta tresnak garatzea.

 "Proiektu hezigarri bat da, praktika onak ezagutzera eta zabaltzera  zuzendua dagoena, bai eta materialak garatzera ere medikuek, geriatrek, fisioterapeutek eta abarrek, finean adinekoen zaintzan parte hartzen duten guztiek ariketa fisikoa egiteko agindua hobetzeko edo hasteko tresnak edukitzeko", azaldu du Izquierdo irakasleak.

Testuinguru horretan, ariketa fisikoa agintzeko taldeak eta programa pilotuak jarriko dira abian, eta emaitzak proiektuaren amaiera gisa egingo den nazioarteko biltzar batean aurkeztuko dira.