Ebro ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusak (Campus Iberus) eta Compañía Logística de Hidrocarburos (CLH) konpainiak astelehen honetan, maiatzaren 5ean, hitzarmen bat sinatu dute Madrilen, ekintzailetza sustatzeko Ebro ibarrean, Zaragozako, Lleidako, Errioxako eta Nafarroako Publikoko unibertsitateetan sortutako ezagutzatik abiatuz.
Iberus Emprende 2014 da Campus Iberusen ekintzailetzarako sari programaren izena. Programak CLH enpresaren lankidetza izango du espiritu ekintzailea eta enpresa espiritua sustatzeko lau unibertsitateetako ikasleen, tituludunen, administrazio eta zerbitzuetako langileen, eta irakasle eta ikertzaileen artean.
Manuel José López Pérez, Zaragozako Unibertsitateko errektore eta Campus Iberus Partzuergoko Batzorde Exekutiboaren presidenteak, eta José Luis López de Silanes Busto, Compañía Logística de Hidrocarburos (CLH) konpainiako presidenteak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean enpresaren Madrilgo egoitzan, eta asmoa da berrikuntzan eta enplegua sortzen laguntzea, bere unibertsitateak kokatzen diren eskualdeetan. Ekitaldian Julio Lafuente Lopez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak parte hartu du.
Bi sari modalitate
Iberus Emprende 2014 Programak sarien deialdia egingo du datozen asteotan, eta bi sari emango ditu ezarritako modalitate bakoitzean: "Jakintzan oinarritutako negoziorako ideien sortzailea" eta "Enpresa proiektua". Horrela, sarituko dira enpresa berriak sortzeko ideia hoberenak, eta Campus Iberuseko unibertsitateak kokatzen diren Ebro Ibarreko eskualdeetan jada ezarrita dauden enpresa hoberenak.
Proiektuak hautatzeko kontuan hartuko diren irizpideak dira ideiaren originaltasuna, aplikagarritasun maila eta izaera berritzailea; Campus Iberusen espezializazio esparru batekoa izatea: Nekazaritzako elikagaiena eta Nutrizioarena, Energia eta Ingurumena, Bizi-kalitaterako teknologiak eta Oroimena, Ondarea eta Identitatea; edo ideiaren heldutasun maila eta kalitatea, eta proposatutako lan taldea.
"Jakintzan oinarritutako negoziorako ideien sortzaile" modalitatearen helburu nagusia da espiritu ekintzailea sustatzea, Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako ikasleei eta tituludunei enpresa berriak sortzen lagunduz. Negoziorako edozein ideia berritzaile aurkezteko aukera dago, Campus Iberusen unibertsitateetan sortutako jakintza ustiatzean oinarritzen bada. Izaera teknologikoa, kulturala, giza zientziarekin lotua edo sormen artistikoaren arlokoa izan ahalko da.
"Enpresa proiektua" modalitateak, bere aldetik, Campus Iberuseko ikasleek, tituludunek, administrazio eta zerbitzuetako langileek, edo irakasle eta ikertzaileek azken 48 hilabeteotan abian jarritako enpresa proiektuei aitorpena eman eta haiek sendotzea izango du helburu.