Nafarroako Unibertsitate Publikoak bukatu ditu lanak liburutegi kudeaketarako informatika plataforma berritzeko eta katalogoa kontsultatzeko tresna berri bat ezartzeko. Horrela, areagotu egiten dira bilaketa egiteko aukerak bilduma espezifikoetan edo jasotako azken berrikuntzetan filtroak jartzeko aukeren bidez. Ikasleek aukera dute zuzenean kontsultatzeko irakasgaietako irakasleek gomendatzen duten eta liburutegian eskuragarri dauden bibliografiak. Plataformarako sarbidea dago webgunearen bidez eta gailu mugikorren bidez ere bai.
Plataforma berriak, gainera, aukera ematen du aplikazio beretik beste katalogo batzuk kontsultatzeko, erreferentziak esportatzeko RefWorks kudeatzaile bibliografikora, eta Unibertsitateko aldizkari eta baliabide elektronikoen atarira sartzeko.
Aplikazio honek badauka beste funtzio bat aukera ematen duena katalogoko kontu pertsonalizatu batean (Nire liburutegian) sartzeko, Unibertsitateko zerbitzu guztietara sartzeko erabiltzen den erabiltzaile-izena eta pasahitza idatzita. Hortik aukera dago erabiltzaile baten erosketa eskaeren egoera zein den jakiteko, maileguan dituen aleak eta horien iraungitze datak ikusteko, eta, halaber, tituluak berritzeko eta/edo erreserbatzeko dauzkaten aukerak. Bestalde, aukera dago mailegu tipologiak eta erabiltzaile-izenak ere kontsultatzeko mailegu-koadroan, eta sarbidea izateko Maileguen gidara eta liburutegiaren webgunera.
Berrikuntza proiektu honetan AbsysNet 2.0 teknologia erabili da. Izan ere, liburutegien automatizazioan erreferente bihurtu den soluzio integratua da, sistema irekietara doitutako inguruetan funtzionatzen duena. Katalogoaren interfaze publikoa (Opac) HTML txantiloietan oinarritzen da, eta azken berrikuntza izan da erabiltzaileen bilaketa esperientzia aberasteko aukera ematen duten web 2.0 tresnak sartzea. Aplikazioa berariaz birdefinitu eta birdiseinatu da Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegiko bilduma moten, zerbitzuen eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko xedez.
Bildumak kontsultatzeko eta haietara sartzeko aplikazioa optimizatu egin da telefono adimentsuetan eta bestelako gailu mugikorretan erabiltzeko. Era berean, aukera ematen du liburutegiarekin harremanean jartzeko, erreserbak egiteko eta maileguak erreserbatzeko, eta bateragarria da iOS eta Android sistema operatiboekin.