Joan eduki nagusira

zoom Paula Kasares Corrales

Paula Kasares Corrales

Paula Kasares Corrales filologoak bere doktoretza tesian ikertu du Nafarroako azken 40 urteetako euskararen belaunez belauneko jarraipena, eta gaur egun haurrak euskaldun bilakatzeko dauden baldintzak. Azaltzen duenez, "hizkuntzaren jarraipena hiztunen atxikimenduek eta hautu-erabakiek ahalbidetu dute. Izan ere, euskarak ez dirau Nafarroan guraso euskaldunek beti ume euskaldunak hazi dituztelakoz, hainbat nafarrek euskararen aldeko atxikimendu eta hautuak egin dituztelakoz baizik".

Honako hau da Paula Kasaresek egin duen doktoretza tesiaren izenburua: “Euskaldun hazi Nafarroan. Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan”. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko Patxi Salaberri Zaratiegi euskal filologiako katedradunak zuzendu du tesia, eta aho batez erdietsi du kalifikaziorik gorena: Bikain cum laude.
Beren seme-alabak euskaraz haziz, euskararen belaunez belauneko jarraipena —kaskaildurik edo ia etenik zegoena — berrestekatzen saiatzen diren bi komunitateren familietako hizkuntza bizipenetan oinarritu da ikerketa. Zehazki, bi kasuren azterketa egin da, bata Iruritan (Baztanen, Nafarroako mendialdean) eta beste bat Iruñean; eta bi belaunaldi aztertu dira: bata 1970eko hamarraldia hazitakoa, eta haien seme-alabak, 2000. urtetik aurrera jaiotakoena.
Metodologikoki, ikermolde etnografikoari dagozkion ohiko teknikak (elkarrizketa sakonak nahiz behaketa zuzen eta partehartzaileak) ez ezik, azterbide biografikoa eta genealogikoa ere erabili dira, orain artio Nafarroako euskararen historia aztertzeko erabili ez direnak: hizkuntza ardatz duten narrazio biografikoak edo —egileak honela deiturik— glotobiografiak (eta horien adierazpen grafikoa diren glotobiogramak) eta berriemaile baten edo gehiagoren narrazioak uztarturik apailatu diren sendien hizkuntza-historiak edo —egileak honela izendaturik— familien glotohistoriak (grafikoki glotohistoriogrametan adieraziak).

Historia etena

Paula Kasaresek azaltzen du, landa-lanek erakutsi duten bezala, Nafarroako euskararen historia hurbila ez dela lineala edo etengabea; aitzitik, "hizkuntzaren galtze eta berreskuratzea gertatu da, mintzairaren belaunez belauneko segidak hausturak nahiz estekadurak izan ditu, eta jarraipenarekin batera etena ere ageri da. Arrakala horiek hizkuntzaren espazioan eta denboran kausi daitezke, bai biziguneen artean, bai belaunaldien artean eta hiztunen bizi-ibilbideetan".

Egindako ikerketaren arabera, hiztun batzuk “umetatik heldu zaien euskarari lotu zaizkio, baina bertze anitz euskarara gogoz hurbildu dira, hizkuntza ikasi, harremanetan sartu eta beretu dute. Hiztun horiek gero aitamatu direlarik, seme-alaben hizkuntza sozializazioa beretakotutako mintzairan egin nahi izan dute, eta horrela hasi da hainbat familiatan euskara (berr)etxekotzen eta haur horien lehen hizkuntza izaten”
Alde horretatik, uste du egun Nafarroan euskaldun izatea hautua dela, euskara beretakotzea ez datorrela soilik sorlekutik, jatorritik edo gurasoengandik: “Aukera hori hiztunek berek egiten dute mintzairarekin eratzen dituzten atxikiduren bidez. Euskarak iraun dezan belaunaldi bakoitzak mintzaira beretakotu behar du eta horretarako gizarte aukera egokiak baitezpadako ditu”.

Paula Kasares, Iruñean jaioa, Euskal Filologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHUn). Azken unibertsitate honetan ikasketak osatu zituen Hizkuntza Plangintzarako Graduondoko Diploma baten bidez. Ondoren, Gizarte eta Kultura Antropologiako Ikasketa Espezializatuetan Goi Mailako Diploma erdietsi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.

Profesionalki soziolinguistikaren esparruari lotu zaio Baztango Udaleko Hizkuntza Normalizaziorako Zerbitzuan 1995. urtetik. 2001. eta 2003. urteen artean Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan zen, eta 2003. urtetik NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko irakasle elkartua da.
Soziolinguistikari eta hizkuntza antropologiari buruzko liburu baten eta zenbait artikuluren egilea da. Horietako bati esker, 2011. urtean Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu Saria irabazi zuen. Halaber, komunikazioak eta hitzaldiak aurkeztu ditu Estatuko eta nazioarteko hainbat biltzarretan. Euskaltzain urgazlea da 2006. urtetik.