Guztira 2.710 ikasle nafarrek ekainaren 6tik, asteazkenetik, eta hiru egunetan zehar, egingo dituzte Unibertsitatean Sartzeko Probak, Hautaprobak deitzen direnak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko eta Tuterako campusetan. Iaz baino 97 pertsona gehiago matrikulatu dira, aurreko urtean 2.613 ikasle matrikulatu baitziren. Matrikulatutako ikasle kopuru osotik, 1.559 emakumeak dira, % 57,52; hau da, ehunekoa puntu bat baino gutxixeago jaitsi da iazkoaren aldean (iaz % 58,89). Gainerako 1.151 gizonezkoak dira (% 42,47), 2011ko Unibertsitatean Sartzeko Probetan baino kopuru handixeagoa. Bestalde, guztira 2.093 ikaslek egingo dute hautaproba gaztelaniaz, eta gainerako 617k euskaraz.
Hautaproba hauen koordinatzailea den Martin Larrazak aurkeztu ditu, prentsaurreko batean, proba hauen datuak eta ezaugarriak. Deialdi honetan sartu diren berrikuntzak ere ezagutarazi ditu. Ikasturte honetako hautaproben berrikuntza nagusia da matrikulatutako ikasleek ekainaren 13tik, asteazkenetik aurrera, aukera izango dutela nota kontsultatzeko NUPen webgune ofizialaren bidez (www.unavarra.es) , ikastegiei emango zaien pasahitza sartuta. Norbanako pasahitz hori bera erabili beharko dute ikasleek 2012-2013 ikasturterako aurreinskripzio prozesuan, ekainaren 18tik 26ra bitartean.
Bestalde, Unibertsitateak erabaki du Arrosadiko campusean aurreikusten diren epaimahaietako bat, zehazki 3 zenbakikoa, Sario eraikinean egongo dela estreinakoz. Epaimahai honi dagozkion ikasleak beren azterketak egiten ari dira Fernando Remacha aretoan, 04. ikasgelan eta 503. ikasgelan.
Gainera, gogorarazi behar da NUPek aurten simulatzaile bat jarri duela martxan, ikasleek sarrera-nota kalkula dezaten. Aplikazio honetara NUPeko webgunetik sartzeko aukera dago, eta bere helburua da ikasleek izan dezatela aukera jakiteko Hautaprobetako fase orokorrean edo aurkezten diren fase espezifikoko irakasgaietan zer nota lortu behar duten matrikulatu egin nahi duten unibertsitate titulazioaren arabera.
Fase orokorra eta espezifikoa
Deialdi honetan, ikasle gehienek, 2.345, zehatz esanda, fase orokorrean eta espezifikoan eman dute izena; 122 ikaslek bakarrik fase orokorra egingo dute, eta beste 243 ikaslek bakarrik fase espezifikoa.
Duela bi urte indarra hartu zuen Unibertsitatean Sartzeko Probaren arautegiaren arabera, probek nahitaezko fase orokor bat eta borondatezko fase espezifiko bat dituzte, zeinak probaren lehen fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko aukera eskaintzen baitie ikasleei, eta xedetzat baitauka jakintzak balioestea egin nahi den jakintza-adarreko unibertsitate-ikasketekin lotutako diziplina-esparruetan.
Ikasleek fase espezifikoan Batxilergoko bigarren mailako gehienez ere hiru modalitate-irakasgaitako azterketak egiteko aukera dute baina biren nota soilik hartuko da kontuan. Azterketa bakoitzean lortutako emaitza haztatuko da irakasgaiaren eta unibertsitateak eskainitako titulazio bakoitzaren artean dagoen loturaren arabera. Aldi berean, titulazio horiek bost jakintza-arlotan multzokatuta daude: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, Osasun Zientziak, eta Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zientziak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du Unibertsitatean Sartzeko Probetarako deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak sei epaimahaitan banatu dira, eta horietatik bost Iruñeko Arrosadiko campusean egongo dira, eta seigarrena, Tuterako campusean. Proben orduak, ikastetxeen banaketa epaimahaika eta aurreko urteetako azterketak Unibertsitatearen (www.unavarra.es) web-orrialdean daude kontsultatzeko.
Unibertsitatean Sartzeko Proben bigarren deialdiko azterketak ekainaren 27, 28 eta 29an egingo dira.
Hautaproben egutegia
Probak 9:30ean hasi dira, Gaztelania eta Literaturako azterketarekin eta Espainiako Historia/Filosofiaren Historiako azterketarekin, zeina 11:45ean hasiko baita. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Atzerriko Hizkuntzako azterketa egingo dute.
Ekainaren 7an, ostegunean, egingo diren probak goizeko 8:30ean hasiko dira, Euskal Hizkuntzako eta Literaturako azterketarekin. 10:45ean, Biologiako, eta Geografiako azterketak egingo dira, eta 13:00etatik aurrera Fisika, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika eta Musika Analisia II irakasgaietako azterketak egingo dira. Arratsaldean, azterketa 16:30ean hasiko da, Kimikako eta Artearen Historiako azterketekin, eta Latinekoak eta Marrazketa Teknikokoak 18:45ean hasiko dira.
Probak ostiralean, ekainaren 8an, bukatuko dira, eta egun horretan 8:30etik aurrera, Matematika, Geografia eta Adierazpen Teknikak irakasgaietako azterketak egingo dira. 10:45ean, Diseinua, Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak, eta Musikaren eta Dantzaren Historia irakasgaietakoak egingo dira, eta 13:00etan, berriz, Industria Teknologia, Enpresaren Ekonomia eta Ikus-entzunezkoen Kulturako azterketak hasiko dira. Azkenik, azterketak arratsaldean bukatuko dira Literatura Unibertsalarekin eta Elektrotekniarekin, eta Marrazketa Artistikoarekin (Sario eraikinean). Azterketa horiek guztiak 17:00etan hasiko dira.